Jule Goikoetxea
ARKUPEAN

Zertarako

2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Azken egunotan euskal identitatearen inguruko hainbat erreportaje eta saioetan esandakoa elkarrekin aurkeztea otu zait. Euskal identitatea zer den galdetzean, zer baten bila jartzen gara, gauza baten bila, baina identitatea ez da gauza bat, erlazio sortak dira. Egokiagoa iruditzen zait euskal identitatea esaten dugun praktika sozial, politiko eta ekonomikoa ahalbidetzen duten baldintzen inguruan aritzea. Identitatearen produkzio baldintzez, Marxen hitzetan, eta ez efektuen/ondorioen inguruan, azken horiek desberdinak direlako gutako bakoitzarentzat.

Batzuek euskal identitatearen zer hori praktika linguistikoarekin lotzen dutelako (euskararekin); beste nor batzuek, praktika kooperatiboarekin; beste askok, gizarte politizatu batekin; GAL, Ibarretxe, Otegi edo Berri Txarak-ekin; labe garaiekin, jainkoa, auzolana edo-eta desobedientziarekin. Argi dagoena da euskal identitatea eraikitzerakoan ETAk, foruek edo euskarak ez dutela rol bera jokatzen Bilbo handian, Usurbilen, Mirakonchan edo Tafallan.

Nire euskal identitatearen zutabeak federalismoa eta feminismoa dira, CAF, polimiliak, ikastola, atlantikoa, Lasarteko heroina eta Bilboko speeda. Ez Antso Jakitunik, ez jainkorik, ez lege zaharrik. Lauso ditut 31ko Estatutua, patxarana eta pase forala; Tolosako babarrunak, tira, torturak eta kartzelak, aldiz, toki berezia dute nire euskal identitatean, Olentzerok eta Oteizaren hutsak bezala. Oso urrun da nire amonaitonen, Urkullutarren edo-eta Sarako biztanleen euskal identitatetik. Identitatearen bizipena gauza bat baita, beste bat, haren definizioa egitea. Identitateak definitzerakoan helburu politikoa hartu behar da kontuan, bizipenak ezin baitira definizioen bidez berdindu, helburuak, aldiz, bai.

Ez dugu euskal identitatea ez Euskal Herria berdin bizi nahi, berdintasunean bizi baizik.

Definizioa xede baten arabera egin ordez gure bizipenean oinarrituko bagenu, esentzializatzeko arriskua legoke, orain arte gertatu moduan: bizipen partikular hori, demagun, Gipuzkoako klase ertaineko gizon zuri euskaradunaren bizipena, unibertsala bilakatuko genuke, eta haren esperientziak definituko luke zer den euskal identitatea. Bizipenak anitz dira, definizioak berriz homogeneizatzaileak, horregatik ahalbidetzen dute, estrategia egokiek lagunduta, helburuak erdiesten. Adi, beraz, nork egiten duen definizioa eta zertarako.

Bestalde, identitate hegemonikoak identitate egituratuak dira, kontsentsu zabala eta irmoa dutenak, baliabideak, autoritatea eta prestigioa. Frantziar eta espainiar identitatea hegemonikoa da euskal identitatearekiko/subjektuarekiko, haiena egituratuagoa baitago. Haien identitateak estatua du, baliabide instituzionalak eta hertsatzaileak, nazioarteko autoritatea eta zilegitasuna, beren identitatea defendatu eta garatzeko sistema judiziala, armada, burokrazia eta diplomazia.

Ez dago egun kontsekuenteki identitate hegemonikoen existentzia deusezta dezakeenik.Identitate hegemonikoak daudela onartzen baldin badugu, orduan identitate subalternoak (ez-egituratuak) daudela onartzen dugu. Eta, geroz eta subalternoagoa, orduan eta identitatea aukeratzeko eta garatzeko gaitasun murritzagoa. Euskal identitatea, identitate guztiak bezalaxe, baliabide material zehatzen eta diskurtso anitzen bidez eraikitzen da. Geroz eta baliabide gutxiago, orduan eta prekarioagoak euskal identitateak, geroz eta pobreagoak, orduan eta subalternoagoak. Espainiarrek eta frantsesek ez diote beren buruari galdetzen, denbora oro, zer diren. Heterosexualek ere ez. Espainiarra edo heterosexuala izatea hegemonikoa izatea delako (euskaldunaren edo homosexualaren aurrean) eta identitate hegemonikoek ez dute beren burua aldi oro zalantzan jartzeko premiarik, hain zuzen ere, egiturak mantentzen dituelako irmo.

Euskal identitatea zer da galdera gora eta behera darabilgu euskal identitatea, materialki, espainiar eta frantziar estatupean dauden lurraldeetan garatzen delako, eta kokagune horrek subalterno bilakatzen gaituelako. Euskal identitatea egiturarik gabeko identitate zalantzatia da euskal horrek estaturik ez duelako estatuez osatutako mundu batean. Estatua izango bagenu, ez ginateke euskal identitatearen eta subjektuaren inguruko metafisikan arituko, behin eta berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.