Aner Euzkitze.

Zergatik den beldurgarria pixa egitea

2024ko martxoaren 21a
05:00
Entzun

Festan txorrota ireki ezkero ixten ez dakiten horietakoa zara zu ere. Ordubetean laugarrenez etorri zaizu pixagalea. Ezin diozu gehiago eutsi. «Komunera noa. Beste inor?». Biri gau osorako sinkronizatu zaizue maskuria. Bi ate eta bi komun baino ez daude, libratzen denera sartu eta kito. Diskotekan zailduko dira hautu-kontuak, baina gero gerokoak. Luze doa ilara eta ez diozu luzaro eutsiko. Saltotxo erridikuluak eta gerri-mugimendu kutreak egiten hasi zara. Atera da behingoz barrukoa eta bi lagunak arrapaladan sartu zarete; eskobillaren ertzean lubakitu zara berak komunaren inguruan hankak zabalduta atea ixtea lortzen duen bitartean. «Lehenengo ni, barkatu». Ordubata baino ez da oraindik, eta dagoeneko putzuak daude komunontzian. Oinarekin bultzatuta jaso duzu tarteko tapa, kolpez, baina errebotean berriz erori da eta zipriztin guztiak zuri joan zaizkizu. Ja ez dizu axola. Berriz altxatu duzu eta azpikoa ere ez dago batere garbi. Paperik ez da geratzen, eta ez dauzkazu sobran kleenexak. Galtzak belaunetara jaitsi, lagunaren sorbaldan jarri eskua, oin bat komunontzian, bestea ere bai, makurtu beheraino, pzzzz auto-engainatzailea... eta inon zintzilikatu ezin izan duzun telazko poltsara lehen parrastada zuzen-zuzen egin duzunean konturatu zara agian dirudien baino zentzu gutxiago daukala honek guztiak.

Denbora asko da, egia esan, ez naizela gizonen komun batera sartu. Gizonen komuna den edo neskena den axola duen komun batera diot. Esan nahi dut ez naizela aspaldi sartu gizontasunaren hall horretara, non batzuek ura edaten duten; besteek pixa egiten duten zutik, ilaran, elkarren ondoan, elkar ezagutuko balute bezala; eta bakarren batek bere uzkia begirada publikotik ezkutatzen duen kabina indibidual batean. Azkena TERF batek jo ez nintzan sartu behar izan nuenean beldur handia eman zidan. Ez dakit nola egon zaitezketen lasai hor, epaituak sentitu gabe. Tira, ez, gezurra da, badakit nola egiten den: epaileak zeuek izanda.

Eta bai, batik bat horregatik sartzen gara beti nesken komunetara. Ez espektro femeninoan erosoago gaudelako (zer esango dute gure lagun butch-ek), ezpada beldurra diogulako zuen begiratzeko moduari. Eta hala ere, hartu gure disforia bizkarrean eta hor sartzen gara bazterretara begira, ea ez gaituen inork ikusten, ea ez den guztiz deserosoa. Eta oraindik ere, zure generoa hautatzera behartu zaituen arkitektura hori diseinatu duen lokalaren jabe berak (edo bere polizia pribatu transfobo eta misogino frustratuak) bota zaitzake komunetik, tabernatik, kalera, kaletik, hirira, hiritik. Eta zuk pixa bakarrik egin nahi zenuen.

Ez da hori bakarrik, garrantzitsua da pixa nola egiten dugun ere. Beharbada nire joera nudista izango da, baina nik ere pixa egin nahi dut nire lagunen ondoan, nahi dut denok batera pixa egitea, lagunak egin nahi ditut pixa egiten dudan bitartean. EHZko pixatoki makurtuekin gogoratzen naiz halakoetan (ez zen hain zaila zerbait asmatzea), edo kleenexak konpartitzen ari garen hamar tipak betetzen ditugun kaleko eskailera dibertigarri horiekin. Nahi gabe pixa egitera halako batera agertu den gizonaren deserosotasunarekin. Generoa publikoki berrestea taldea egitea ere bada, eta guk ere nahi dugu taldea. Gero ea zergatik joaten garen komunera binaka: zuek beti zaudete taldean. Kabinak erreko ditugu, abisatuta zaudete.

Beldurgarria da zenbateraino den aktuala duela ia hogei urteko Paul B. Preciadoren Zaborra eta generoa artikulua: «Komunera ez goaz libratzera, gure genero-beharrak asetzera bizik. Ez goaz pixa egitera, espazio publikoko maskulinitatearen eta feminitatearen kodeak berrestera baizik. (...) Ez gaitezen engaina: makina kapital-heterosexualean ez da ezer alferrik galtzen. Kontrara, hondakin organiko baten kanporatze-une oro da generoa erreproduzitzeko abagune bat». Uste dut nik ezin dudala besterik idatzi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.