Izenburu leninista samarra atera zaigu, duela hamarkada askotxo herriko Guria tabernan igande iluntzeetan erosten genuen aldizkariaren parekoa, baina lasai bedi irakurlea. Askoz ere sinpleagoa da gure galdera eta asmoa: zer egin behar dute Pedro Sanchezi babesa ematen dioten alderdiek, batez ere euskaldunek, presidentearen (ustezko) gainbeheraren aurrean, uholdeak harrapatu ez ditzaten? Behin baino gehiagotan azaldu dugu kezka hemen gai honen inguruan, baina areagotzen ari den egonezina dela ezin ezkuta.
Gainbeherarena begi-bistako kontua dela iruditzen zaigu, baina badaezpada parentesi artean jarri diogu ustezko hitza aurreko lerrokadan; badugu eskarmenturik zutabe honetan aurreikuspen hutsalak egiten. Baina zaila da Espainiako alderdi sozialistako burua ataka larrian dagoela ukatzea. Berak, jakina, gupidarik gabeko oldarraldi politiko, mediatiko eta judizial bati botatzen dio errua, eta egia borobila da badagoela aipatutako erasoan horretatik zerbait edo asko, jar beza bakoitzak nahi duen neurria. Haatik, gero eta nabarmenago gelditzen ari da berezko bekatuak ere badituztela Sanchezek eta bere alderdiak eta ez dela guztia eskuinaren eta eskuin muturraren konspirazio maltzur baten fruitu. Garbi hitz eginda: bere gobernuaren, alderdiaren eta familiaren baitan agertu diren ustelkeria eta nepotismo kasu nabarmenak (txikiagoak ere bai) nahikoa lirateke Imanol Pradales lehendakariaren alderdi eta familian, hemen sekulako iskanbila sortzeko Madrilen erabat isilik daudenen ahotan.
Bere ohiko jokaerari jarraikiz, ihesari eman dio Espainiako presidenteak eta, magoek lez, bi untxi atera ditu kapelatik: Franco hil zeneko urteurrenaren ehunka ospakizun, eta herri akusazioari mugak jartzeko lege proposamena. Boteprontoan biak ala biak dira aintzat hartzeko ekimenak, baina, bere hurbileko hainbat adituk ere nabaritu dutenez, oportunismo kutsu handiegia atzematen zaie, hau da, nahiko nabarmen geratu da bere arazoak estaltzeko mahai gaineratutako operazioak direla, agenda politikoan begiradak besteratzeko pentsatuak. Oportunista, horrela deskribatu zuen igandean Javier Sadabak Pedro Sanchez elkarrizketa mamitsu batean. Ez da ez gobernua kanpotik babesten duten alderdientzat erabaki erraza jokaldi hauen aurrean euren buruak kokatzea.
Egia nabarmena da oparoa izaten ari dela Sanchezen agintaldia berari babesa ematen ari diren EH Bildu eta EAJrentzat; baita Hegoaldeko bi erkidegoetako jendearentzat ere. Beraz, komeni da, komeni zaigu, gaur egun, oreka zailekin bada ere, gehiengoari eusten dion gobernuak (edo antzerakoak) jarraitzea. Kontua da, ordea, ondo egiten ari diren gobernua sostengatzen duten alderdiak, ez soilik aipatutako bi euskaldunak, presidentearen eta bere inguruaren gehiegikerien aurrean isil-isilik egoten, salaketak, salatu beharreko asko baitago, soilik eskuinaren esku uzten. Adibide bat jartzearren: Extremadurako Podemos izan zen Pedro Sanchezen anaiaren eskandaluaren aurrean, eskandalagarria baita, asaldatuta agertu zen lehen alderdia; orain erabat mutu dagoen Podemos.
Ez da erraza oreka. Komeni zaigulako eta letorkeena okerragoa izango litzatekeelako gobernatzen jarrai dezan nahi dugun presidente bati kontuak eskatzea kalterako dela irudituko zaio askori, etsaiaren alde lan egitea. Baina aldi berean ez da oso itxurosoa publikoak diren kasuen inguruan kezkarik ez adieraztea, azalpenik ez eskatzea. Gobernua erortzen bada etor daitekeenaren inguruko beldurrak, kritiken zorroztasuna, tonua eta maiztasuna justifika ditzake, baina ez isilik egotea. Bihar edo etziko ez dadila zama izan gehiegikerien aurrean —gehiegikeriak izan izaten ari baitira— isilik egon izana.