Bi kontu dira gauza bat existitzea eta zuk gauza hori ezagutzea. Estimulu gehiegi daude. Ezinezkoa da dena jakitea. Erabaki dezakegu, ordea, zer bai eta zer ez. Zalantza daukat ea FOMOak eta sold-out-aren kulturak eta Iñigo Astizek egunkari honetan ederki definitu zuen Pabiloien Aroak ez ote gaituen gauza batzuk ezagutzera eta beste batzuk ahaztera kondenatzen. Hausnartzeko bezalako kontua iruditzen zait nork eta zergatik erabakitzen duen guretzako interesgarria zer izan beharko litzatekeen.
Jaso dezakeguna baino askoz informazio gehiago sortzen da. Ondo aukeratzen ikasten dugunerako hil egingo gara. Baina batzuetan ate asko zabaltzen ditu ingurukoen gomendioei adi egoteak.
Gomendio baten ondorioz joan ginen zinemara. Las chicas de la estación filmaren proiekzioa egon zen asteartean Donostiako Antzoki Zaharrean. Karameluak jaten aritu ginen. Pelikula osoan zehar komentario ozenak egiten aritu zen atzeko gizonari gogaikarria iruditu zitzaion plastikoaren soinua. Karamelu bat eskaintzekotan egon nintzen.
Osteko solasaldian publikoko beste gizon bati entzun behar izan genizkion astakeria faxistak albo batera utzita, gustatu zitzaigun pelikula. Ez da gure film gustukoenen top10ean sartuko, eta gauza batzuk ez zitzaizkigun asko gustatu, baina ikusteko modukoa iruditu zitzaigun. Ikusi beharrekoa.
Kasu erreal batean oinarrituta, Mallorcan adin txikikoen zentro batean bizi diren hiru lagunen istorioa kontatzen du, kontzertu batera joateko dirua biltzeko intentzioak zeharkatzen du kontakizuna eta dirua lortzeko prozesu horretan pairatzen dituzten abusuzko egoerak jasotzen ditu. Haurtzaro eta nerabezaroko sexu abusuak, administrazioaren arazoak, instituzioen borondate eskasia, adiskidetasuna, desira... nahasten ditu musika doinu urbanoek eraikitako giroan. McKenzie Warken Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza (Katakrak, 2024) liburuarekin akordatu nintzen apur bat.
Ikusitakoa komentatzen afaldu genuen etxean. Hirurotako inork ez genuen filma ezagutzen eta apur bat arraroa iruditu zitzaidan hori. Zinemetan egon omen da, baina ez gara enteratu ere egin.
Antzeko zerbait gertatu zitzaidan Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik (Erein, 2005) liburua irakurri nuenean: asko haserretu nintzen. Orain dela pare bat urte izan zen. Pisukide baten amaren alea zegoen etxean eta neuretu egin nuen egun batzuetarako. Maitemindu egin nintzela esan nionean normala iruditzen zitzaiola esan zidan zaharragoa den lagun batek. Liburua nik irakurtzen ikasi baino lehenago argitaratu izana aitzakia baliagarria al da liburua ia hogei urte beranduago ezagutzeko? Haserretu egin nintzen ulertezina zitzaidalako liburu hori existitzea eta niri inork gomendatu ez izana.
Ez dut honi buruzko ikerketarik egin, baina beste askorekin batera, liburu hau ahaztuta dagoela iruditzen zait. Apur bat lasaitzeko asumitzen dut liburu hori egon zelako egon direla gero beste batzuk. Asumitzen dut markatu zuela jendarte osoa eta egon zela sukar kolektibo bat liburu horrekin. Asumitzen dut denok irakurri duzuela eta ez didazuela gomendatu mundu guztiak irakurrita daukala uste duzuelako. Hala da, baietz? Ja... baliteke ezetz...
2005a aspaldi izan zela badakit eta badakit alferrikako lana dela gaur egungo irakurketak iraganari aplikatu nahi izatea. Halere, ez didazue ukatuko hamarkada honetan argitaratu diren liburu batzuk baino gaur egunekoagoa denik.
Dagokionari eskatzen diot argitara dezala berriro. Mese, mese, mese. Ez da nire kasketa. Genealogia kontu bat da. Ezin da euskal literatura queerra, bazterrekoa, berria... egin liburu hori irakurri ezean.
Guk bitartean honi buruz pentsatu beharko dugu. Inportantea da ondo identifikatzea zer ikusten dugun eta zer ez. Zer gomendatzen dugun eta zer ez.