Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

'Zegona' eta dagoena

2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Etsaiaren erasoak sortzen dizun mina handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, baina ez zaitu ezustean harrapatzen. Iragarrita zegoen, nolabait. Badakizu etsaiak eraso egiten duela, lehenago edo beranduago, baina espero duzu, hori baita «bere lana». Sua zurea den eremutik datorrenean, berriz (fuego amigo deitzen den hori), erreakzioak desberdinak dira, kontrolagaitzagoak. Horrelako zerbait gertatu zaio aste honetan Iñigo Urkulluri Cebek Bizkaiko patronaleko buru Iñaki Garcinuñok Kutxabank-ek Euskaltelen kontrola gal dezakeela publikoki kritikatu duenean. Horrexek bai erremindu duela Urkullu, ez baitzuen horrelako kritika zorrotzik espero.

Garcinuñok zentsuratu du Erresuma Batuko Zegona inbertsio funtsa Euskaltelen akziodun nagusi bihurtzea, Kutxabank eta Jaurlaritzaren kudeaketa agerian jarriz: «Herrialde gisa ez jokatzea, epe motzerako begirada izatea eta Euskaltel arrain handiago baten ahoan jartzea» izan dira enpresarien buruak euskal agintariei bota dizkien geziak. Irekita zegoen zauriari Garcinuñok gatza bota dio. Beste eragile batzuek ere kritikatu dute Euskaltelen gertatu dena, besteak beste ELAk eta EH Bilduk. Baina horiek etsaiak dira, eta Urkulluk ez ditu gogoan hartzen; izan ere, erdeinurik onena aintzat ez hartzea da. Berdin dio Euskal Herriko lehen sindikatu eta gizarte erakundea izatea (100.000tik gora afiliatu) edota oposizioko lehen alderdia (18 legebiltzarkide). Garcinuñoren torpedoak gobernuaren flotazio-marran jo du: Jaurlaritzaren politika industrialaren ardatza; hau da, egunero ETBko teleberrietan hanpatu, goraipatu eta goresten den ildo informatiboa.

Nos mueve Euskadi. Zurea, gurea. Horixe EAJk kanpaina honetarako aukeratu duen leloa. Ederki islatzen du alderdi horrek Euskaltelekin historikoki egin duena. Aznarren oparia izan zen. 1996an EAJk PPren gobernuari Madrilen emandako babesaren truke, Arzalluzek lortu zuen jostailua izan zen. Telekomunikazio-konpainia «gurea» zen, Begoñako ama edota Athletic diren bezala. Horrela uste dute beraiek behintzat. Izan ere, Ajuria Enea utzi eta berehala EAJ alderdiko Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia Euskalteleko presidente izendatu zuten, telekomunikazioen munduaz ezer gutxi jakinda. Ondoren egon diren buruzagiek alderdiaren onespena izan dute, beti.

Jostailutzat jaio zena handituz eta hedatuz joan da. Hasieran, galerak nagusi zirenean, guztiok eskotean zuritu genituen konpainiaren zenbaki gorriak. Kutxabank-en partaidetza nagusi zen eta funts publikoek beren bizkar gainean hartu zuten telefoniako euskal konpainia nazionala sortzeko eta hedatzeko ardura. Apurka sor-marka egiten joan da. Txirrindularitza taldeak ere asko lagundu zuen zeregin horretan. Kolore laranjak Pirinioetako mendate eta aldapa guztiak konkistatu zituen. Harrotasun nazionalaren ikur edo ere bihurtu zen. Egun, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 284.000 bezero ditu (biztanleriaren %15,9), eta Nafarroan ere hedatzeko bidean da. Estatuko beste erkidego batzuetara ere zabaldu da (Galizia eta Asturias). Joan den urtean, Euskaltelek 62,8 milioi euroko mozkinak izan zituen. Orain irabaziak pribatizatzea tokatzea da, globalizazioaren izenean. Badakizu, zurea, gurea. Galerak sozializatu eta irabaziak pribatizatu. Jeltzaleen jokaldi perfektua da.

Urkulluk dio Euskalteleko estatutuek bermatzen dutela konpainiak Euskal Herrian errotuta jarraituko duela. Lehendakariak ongi asko daki, ordea, estatutuak ere egun batetik bestera alda daitezkeela.

Modu batera edo bestera izan, garbi dagoena da EAJk arazo bat duela herri honen politika industrialarekin. Besteak beste, Iberdrola, La Naval edota Euskaltelekin gertatu dena horren adierazle garbia da. Zegona Euskaltelen akziodun nagusi bilakatu da. Ez dakiguna da Zegona-ren atzean benetan dagoena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.