mikel elorza

Zazpiak zazpi

2025eko urtarrilaren 15a
05:00
Entzun

Ez ditut probintziak maite.

Sindrome anti-probintzianoa daukat, nunquam curata. Eta, beraz, txokokeriarekin oro har baina bereziki probintzien gorespenekin kontaktua daukadanean pikorrak ateratzen zaizkit gorputz osoan.

Eta halaxe, duela 1.000 urteko Ipuscoa dela eta autoridadeak katxondo jartzen hasi direnean niri hormona jakobinoenak esnatu zaizkit eta gorriuneak agertu ganglio guztietan.

Izan ere, duela hamar mende bere burua gipuzkoartzat jotzen zuen komunitate bat bazela iradokitze hutsa fantasia gisa ongi dago, baina… Duela 1.000 urte zeuden komunidade bakarrak abadeek eta jauntxoek osatzen zituzten, eta lurraldeak (biztanleak barne) saldu, erosi, trukatu eta konkistatzen jarduten zuten. Lurraldeen ezaugarri bateratzailea zen jabe bat zeukatela, errege, konde, duke edo jaun. Jaun baten jabetzako lurrak, horiek ziren orain identitatearen lupatik irakurri nahi ditugunak. Herritarrak eremu geografiko batekin lotzen zituen elementua zen nori ordaintzen zizkieten zerga eta hamarrenak, zein gaztelu eta monasteriori. Egungo probintzien mugekin zertan bat etorri ez duena.

Nik ere badakit  hurbileko erakunde eta bilgunetan antolatzeko joera dugula. Eta asanbleetatik udaletara jauzia jario errazekoa da. Baina egun ditugun probintziak…

1.000 urte geroago ere, delako komunidade gipuzkoar hori perbertsioa baino ez da. Napoleonen oinordetzan jaso genuen probintzien araberako zatiketa, baina pozoiak bidea egin du, batez ere azken hamarkadetan. Elastiko bat jantzarazi digute probintzia bakoitzeko, geure koloreekin bat egin dugu, eta hor gabiltza galtzarbetik elkarri helduta, bizitzako helburu jarrita parekoari golak sartzea. Baloiarekin, eta bestela.

Eta horretan tokiko hedabideek lan aparta egin dute. Munduko txokorik ezkutuenean zegoen herrikidea detektatzeko tresna garatua genuen adimen artifiziala artean galtza motzetan zegoenean (laster da Kaliforniako sutean hildako legazpiar edo somorrostroarra!). Baina bereziki probintziako hedabideek egin dute sator-lana, hain zuzen ere erosienak direnak (alegia, salduenak). Probintziakeriaren gailurra jo zuten Alex Garciaren herriratzearekin. Thailandian gaixotutako turista etxeratu beharra zegoen, han hilko ez bazen, eta hegazkina bidali zuen Espainiako  Gobernuak, eta hegazkinera igo zena pertsona bakarra izanagatik ere, «turista lasartearra» zen DVn eta «turista basauritarra» Correon. Eguna joan eta eguna etorri. Ale hop.

Eskerrak, hala ere, probintziakerien marren gainetik gutarrekiko anai-neba-ahizpatasun hori bizirik dugun. Arazorik baldin badu herrikide batek, medioetara iristeko adina medio dituen batek alegia, erreskatea beti pronto.

Senegalen atunontziak baditugu, eta erreskatea eskatu dute, Europa eta Senegalen arteko akordioa ez dela berritu eta arrantza egin ezinik gelditu direla. Eta guk txikota prest. Berdin du ipuscoakoak, jaurerrikoak edo erresumakoak diren ontziak, han zazpiok bat gara. Bueno, seguruenik laurok bat, iparraldeko hiruekin arrantza kontuetan ez baikabiltza oso anai. Eta lau baino, irurac bat seguruago, ze erresuma zaharrekoek Hondarribia bere aldarrikatuta ere, Arrantza Sailik ere ez daukate.

Hori bai, bost axola arazoa ote den Senegalgo urak agortzen ari ote garen, hango arrantzaleak sare-hutsik utziz. Gu erreskate nazionalean gabiltza. Eta etorriko da gero diario, ez, barka, diputazio bakoitzak bere ongi-etorria antolatzeko unea.

Bide batez: zer arraio egiten dugu Senegalen arrantzan?

(Bigarren bide batez, probintzia kontzeptu erromatarra dugu: Erromako mugetatik kanpo konkistatutako lurraldeak izendatzeko baliatzen zen, Erromako legeen eta gobernadore baten menpe geratzen zena).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.