Anarik dio, «kantatu, maitatu eta... zalantza, ez badu ez da gure iraultza», eta koru egiten diogu askok. Descartesek ere egin zuen zalantzaren apologia, edo praktika muturrera eraman zuen, behintzat. Eskolan ikasi genuen hori. Maiz entzuten da hezkuntzak ez duela pentsamendu kritikoa bultzatzen. Zaila da pentsamendu kritiko zer den definitzea. Imajinatzen dut kosta egingo litzaigukeela adostasun batera iristea. Eta hala ere, esango nuke askok onartuko genukeela eskolan apenas lantzen dela pentsamendu kritikoa.
Beste belaunaldietan ez dakit, baina guri irakatsi ziguten gauzak zalantzan jartzea ona zela. Ez beharbada nola egiten zen. Ez noiz eta zergatik egin behar zen. Behin zalantzan jarritakoarekin gero zer egin behar zen ere ez ziguten esan. Baina gauzak kuestionatzea ona dela transmititu zigutela esaten ausartuko naiz. Eta susmoa dut gizartean oso zabalduta dagoen ideia dela: ezagutza eskuratzeko bidean funtsezkoa da zalantza.
Ezagutzaz arduratzen den filosofiaren alorra epistemologia da. Ezagutza zientifikoaz arduratzen dena, zientziaren filosofia. Biak izan dira aspalditik garatu eta landuak. Ezagutzak justifikazio bat behar du, izan enpirikoa, logikoa, induktibo edo deduktiboa, kontsentsu bidezkoa... Eta hori aztertu eta horren gainean asko eztabaidatu da, eta eztabaida liteke. Ezagutza konplexua da, eztabaidagarria, azalpen bat zor du. Ezezagutzak, ez. Ezezagutza naturaltzat hartu izan da historikoki. Hor dago, hor egon da eta egongo da. Ezezagutza infinitua baita. Infinitua eta naturala.
Orain hamarkada batzuk hainbat historialari eta filosofo ezezagutzaren edo ignorantziaren azterketaren inguruan zegoen hutsuneaz ohartzen hasi ziren. Zer ez dakigu? Zergatik ez dakigu? Agnotologia esaten zaio ezezagutza edo ignorantziaren ezaugarri, forma eta jatorriak aztertzen dituen zientziari. Gaia ezezagutza bera bezain zabal eta interesgarria da. Kuriosoa dena da gaia lantzeko premia nondik etorri zen.
1950eko hamarkadan zientzialarien artean kontsentsu zabala omen zegoen tabakoak biriketako minbizia eragiten zuela. Robert N. Proctor historialariak aztertu zuen nola tabakoaren industriak ezezagutza deliberatuki zabaldu zuen bere produktuaren mesedetan. Ez zen aurrekaririk gabeko kasua izango, baina bai beharbada erabat dokumentatuta geratu zen lehena. Ezezagutza deliberatuki zabaltzearen fenomeno horri eman zitzaion agnotologia izena.
Eta zalantzak protagonismo berezia izan zuen fenomeno hartan. Beraien bileretako idazkietan literalki zioten: «Doubt is our product since it is the best means of competing with the 'body of fact' that exists in the minds of the general public. It is also the means of establishing a controversy». Alegia, zalantza zela beraien produktua, hori zelako gizartearen gehiengoak onartzen dituen egitateen multzoarekin lehiatzeko modurik onena. Hori zelako eztabaida ezartzeko bidea.
Eslogan hori buruan, biriketako minbiziaren beste kausa posible batzuk aztertu, esperimentuak egin eta hainbat ikerketa finantzatu zituzten. Helburu nagusia hura zelarik: jendartean zalantza sortzea. Eta zalantzaren bidez, ezezagutza. Zalantza ezagutzarako bide da, berez. Ezezagutzarakoa ere izan daiteke, ordea. Gauzak zalantzan jartzea ona dela irakatsi ziguten eskolan. Baina beti al da ona? Zerbait zalantzan jartzera datorren oro al da fidagarri gauzak zalantzan jartzea ona delako premisapean?
Susmoa dut, «zalantza ona da» hori barneratuta daukagulako-edo, errazago onartzen ditugula zerbait zalantzan jartzera datozen lerroburuak. Baina zalantzak ere zalantzati hartu ezean, zalantza bera ez ezik, gu ere bihur gaitezke inoren produktu.
ARKUPEAN
Zalantza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu