Hiru adibide, hari desberdinari tira eginik ere mataza berberaren bidea hartzen dutenak. Has gaitezen pasa den igandeko su-etenarekin: bai, bi aldeek preso zituzten zenbait gizabanako trukatu zituzten, kromoekin nola, eta itxura denez bonba-hotsak oraingoz desagertu dira. Su-etena: beti dator lasaitasunezko eta baikortasunezko kutsu batekin. Eten dena betirako eten dadila. Hala ere, zalantzaren itzal sendoak bisita egiten du: nolakoa izango ote da Palestinaren egoera aurrerantzean?
Supernova izena zuen musika jaialdi hartan gertatu zenak asaldatu zuen Goliath, eta David ondo txikitu du azken hamabost hilabeteotan. Erraldoiak sekulako mina eta amorrua du gainean eta orain, bonba zein arma hotsak isildu direnean, bere esku dago Palestinaren etorkizuna. Hamarkada luzez bere herrialdearen zabalera geografikoa besteen kontura handitzen aritu denak abagune polita du etxegintza lanean hasi eta palestinarrak beste behin hutsaren hurrengoaren puntu geografikora bidaltzeko. Hala ere, oraingo albistea su-etenak hartzen du eta ez da komeni zalantzazko ezer argitara ematea.
Badu Goliathek lagun min bat, izatez munduan botere asko duena. Bai, presidente aldaketa izan berri du astelehenean eta milaka lagun ordu luzez ilaran egon zen Donald Trumpen antzezlana gertutik ikusteko. Trumpek eta orain arte presidente izandako Joe Bidenek eskolako jolasgaraiko haserrearekin jarraitzen dute: bietako nork lortu du Israelen eta palestinarren arteko su-etena gauzatzea? Bakoitzak bere buruari ematen dio egindakoaren meritu osoa, eta Trump ederki hanpatuta agertu zen kargu-hartze ospakizunean.
Zalantza du munduak Trump sekula baino kontserbadoreago etorri ote den. Berriz ere Amerika handi egitearen ziurtasunarekin egin zituen ohiko adierazpenak ile-apaindegitik pasa berritan, eta sekula baino etsai gehiago erdiesteko zantzuak eta era berean aukerak ikusi zaizkio. Migrazioari dagokionez, esaterako, inoiz baino deportazio gehiago egingo dituela zin egin du. Esan beharrik ez dago migratzaileen pasaporteari begiratuko diola lehenengo, eta hemen ere berak erabakiko duela Amerika berriz ere handi egiteko amets horretan zeintzuk izango dituen bidelagun. Zalantzaz josita nago Israeldik AEBetara lanera doazenei Hondurasetik doanari egingo dion migrazio-harrera bera egingo dien. Baina, noski, Trumpen antzezlanak komedia bat dirudi, eta barrez lehertzen ari garen honetan, hobe zalantza berriz ere gordetzea.
Aurreko ostegunean eman zen —eta astelehenean azaleratu— hirugarren istorioa, zalantzen uhartea erakutsi zuena. Alde batetik, Iñigo Errejon, eta bestetik Elisa Mouliáa. Biak epailearen aurrean, urrian aktoreak politikariaren aurka jarri zuen sexu-abusu salaketa zela eta. Epaileak txanponaren bi aldeak erakutsi zituen bi protagonistekin: modu argian lagundu zion Errejoni deklarazioa hartu zionean eta Mouliáaren kasuan, aldiz, bere aurrean esaten zuen guztia zalantzatan jarri zuen.
Telebistako hainbat kazetarik ez zuten egokitzat hartu epailearen lana eta argi esan zuten nabarmena zela honek gizonezkoaren alde egin zuela. Baina zalantza txikitzen hasi zenean etorri zen kontrako efektua: Elisa Mouliáak komunikabideen aurrean esan ditu azken hilabeteotan Errejonekin jazotakoak. Horrekin sinesgarritasuna galdu duela esan dute, isilik geratzea hobeto zukeela gertatutakoak publikoki salatu eta lau haizeetara zabaldu beharrean. Rubialesen hitzak etorri zitzaizkidan akordura, haren autodefentsa deiadarrak. Orduan ez zen zalantzatan jarri bere burua defendatzeko erabili zuen modua.
Isilik egotea, zalantzaren ainubean ez sartzea baino, ahanzturan erortzea delako.