Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna. Badoaz koplariak oles egitera; oles, eta ez olé, nahiz Illunben zezenen bat toreatzea egokitu izan zaien inoiz.
Ez daude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz, baina eztarriz sano dabiltza eta kantatu nahi dute gogoz. Lakuako atarirantz doaz. Eta iristerako Kultura sailburua lorioan dute zain, harena lehen kopla: sortzaileen lana sendotu eta baliabideak erraztuko ditu Jaurlaritzak; eta kultura sortzea lehentasun izango da. Atseginez entzun dute kopla hori kuadrillako bertsolari eta zaleek, bertsolaritzaren ekosistema birsortzen asmatu dutenek. Baina tanpez piztu zaie lehen arrangura, eta halaxe koplatu du batek: kultura sortze horretan zein da hizkuntzari aitortuko zaion lekua? Erdigunea? Bertsotan erdigunetik inprobisatzen baita: euskaratik eta euskaraz. Beharbada horregatik ailegatu da bertsogintza kalitate maila bikainera. Kulturan erderaz eta euskaraz arituz gero, badakigu erdigunea norena den; antzerkira edo zinemara begiratu besterik ez dago.
Taldeko koplari guztiek ez dute iritzi bera. Batek administrazioak babestutako kulturgintzarik ez du nahi, bestela erdipurdiko ekoizpenetan dirua xahutzeko arriskua omen da. Kultura zaleek hautuen bidez ebatzi behar dute zerk merezi duen eta zerk ez. Beste koplariak erantzun dio, diglosia egoeran, merkatu baldintza beretan ez dagoela lehiatzerik erdarazko ekoizpenekin, euskarazkoak kalitatezko sorkuntzak izan arren. Eta sailburuak: euskal kultura kalitatekoa izan arren ez da merezi lukeen moduan iristen jendearengana; bozgorailuak behar ditu. Eta koplarien arrapostu korala: ETB2 adibidez? Euskaraz egiten den kulturan berezituak diren mediak?
Soinu txikiaren ondoren gaia aldatu du sailburuak hurrengo koplan: artxiboek sorkuntzarekin eta memoriarekin lotura estua dute; memoriari esker jarraitzen dugu bizirik. Koplari batek: bertsolariek memoriari esker inprobisatzen dute. Beste koplariak: baina Xenpelar Dokumentazio Zentroa (XDZ) da bertsolaritza garaikidearen memoria kolektiboa. Kopla eskean adina aldiz joango zen kopla opari hamaika bertsozale XDZra. Agiri, argazki, liburu, afixa, ikus-entzunezko... zer ez ote dago Villabonako Subijana etxean txukun asko sailkatuta! XDZri esker posible izan da aurreko igandeko Hitzetik hortzera programa, esaterako. Edo Hezkuntza Arautuko zein bertso eskoletako 25.000 ikaslek baliatzen duten bertsolaritzako ikasmateriala. Edo irratietako bertsolaritza programak. Edo abian diren bertsolaritzari buruzko zortzi doktore tesiak. Edo nazioarteko kantu inprobisatuen erreferentziak biltzea eta harremanetan jartzea. XDZ birika da bertsolaritzaren transmisiorako, sustapenerako eta ikerketarako. Horregatik estimatzen dute bertsozaleek; eta miresten atzerriko inprobisatzaileek, ez baita halakorik nazioartean. Kultura politikek memoriarekin konpromiso garbia hartu behar dutela koplatu du sailburuak. Ia ba. Gogoangarria litzateke hitzok bete eta XDZ bezalako ekimen herrikoien eta administrazio publikoaren baliabide gehiago metatuko balira uztarri berean.
Santa eskearekin jarraitu beharra dute koplariek, atari gehiago dituzte zain. Azken kopla bota du sailburuak, nazioartekotzeari buruzkoa. Etxepare Euskal Institutua aipatu du: euskara jalgi hadi mundura. Koplari baten errefera: bertsolariak horixe egiten gabiltza atzerritik gonbidatzen gaituztelarik: euskara mundura ateratzen. Eta beste koplariak: Etxeparek atzerriko Santa eskerik proposatuko baligu, plazerez joango ginateke koplatan egitera.
Zein nekeza den euskaldun izatea. Batzuk elkarbizitza jokoan; bestetzuk bertso txikietan, maite duten hori zaintzen.
ARKUPEAN
Zaindu maite duzun hori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu