Barkatuko dit irakurleak Arkupe honetara bueltan beste gairen bat espero bazuen. Izan ere, etenaren aurreko azken zutabean iragarri bezala, uda oparoa izan da normalean hizpide izaten ditugun gaietan, baina azken egunotan Oñatiko ospakizunetan bizi izan dugunak saihetsezin bihurtu du Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren eta hemengo politikaren arteko harreman bitxiaren inguruko gogoeta egitea. Aipatu ospakizunen inguruko kronika toki askotan irakurri, entzun eta ikusi izan ahal delakoan, gai zehatz honi helduko diogu.
Aurretik saiakerarik izan zen arren, 1936ko gerraren bueltan izan zen ahaleginik Idaho eta inguruko estatuetako jendea engaiatzeko euskal aberriaren aldeko borrokan. Manu de la Sota, Jon Bilbao, Jose Villanueva (biografia interesgarria berea, tamalez erabat ezezaguna) eta enparauek sekulako ahalegina egin zuten arren, etsigarria izan zen oro har erantzuna. Adibidez, 1938an Boisen euskal artzainen festa ospatu zutenean, han bildutako dirua Bilboko Gurutze Gorriari bidaltzea erabaki zuten antolatzaileek, ordurako frankisten esku zegoen hiria. Ez zegoen fede txarrik erabaki hartan, ezta Francoren aldeko jarrerarik ere, baina Mexikoko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzatik Jesus Aldamiz-Etxebarriak bidalketa hura astakeria zela esaten antolatzaileei gutun bat bidali zienean, erantzuna etsigarria izan zen erabat.
32 urte beranduago, 1970ean, ETAko kideen kontrako Burgosko prozesua abian zenean, Boiseko artzainen jai hartara kazetari bat bidali zuen The New York Times egunkariak, han ze giro zegoen jakiteko. Bere harridurarako, mundu osoan Euskal Herriarekiko elkartasun adierazpenak gori-gori zeudenean, ez zegoen jai hartan ia gatazkaren arrastorik. Handik hiru urtera ere, AEBetako euskal taldeen federazioa (NABO) sortzen ari zirela, izugarrizko zailtasunak izan zituzten egitasmoaren bultzatzaileek, komunitateko kide askorentzat euskal politikan sartzea zelako hori, tabua erabat betidanik. Izan zen (orduan ere) ETA erakundearen ezkutuko asmorik ikusi zuenik, elkartearen historia idatzi duen Argitxu Camusek azaldu duenez. Aurrera egiteko, ia-ia norberaren odolarekin sinatu behar izan zuten guztiek erakunde berri hura ez zela politika kontuetan «nahastuko».
Harresi hari aurre egiteko asmoarekin-edo sortu zen Anaiak Danok elkartea Boisen, neurri batean 1969an Euskal Herriko Iparraldean jaiotako Anai Artea elkartearen itzalean. Kideen artean Pete Cenarrusa eta Pat Bieter bezalako izen ospetsuak izan bazituen ere, Justo Sarria bultzatzaile nagusiak aitortu izan duenez, garaipen batzuk izan zituen arren —batez ere 1975ean—, etsigarria izan zen neurri batean bere ibilbidea: beti arrazoi humanitarioak, eta ez politikoak, bultzatzen zituztela argitu beharra. Gezur txikiak —edo handiak— bota beharra badaezpada, inor asaldatu ez zedin. Izan ziren bai orduan (1972) eta bai beranduago (2002) euskal aberriaren aldeko ekimen arrakastatsuak ere hango erakundeetan, aipatutako Cenarrusak eta Dave Bieterrek bultzatuak baina, oro har, urrezko legea nagusi: politika, Euskal Etxeko atetik kanpora.
Hamarkada batzuen bueltan, egun hunkigarriak izan ditugu Oñatiko ospakizunetara AEBetatik iritsitako amerikarrekin batera. Argi dezagun ez zirela denak euskal jatorrikoak, baina hauen artean ez dugu betarik izan gure politikari buruz berba egiteko. Ez galderarik, ez iruzkinik. Guk ere ez aparteko gogorik, aitor dezagun. Baina susmoa daukagu, garai haietan ez bezala, arazoa orain ez dela gaia tabua edo aipa ezina izatea, interes falta baizik. Horregatik zutabe honen izenburuko galdera ikurra: ez, agian ez dira gauza bera ordukoa eta oraingoa. Kontua da, gurean bertan ere aberriarekiko nahieza, gogogabetasuna, laxokeria gauza nabarmena direnean, nola demontre nahi dugun kezka eta zirrararik sortu lantzean behin etortzen diren adiskideengan. Hori da errealitate gordina boto kopuruan behintzat inoiz baino abertzaleagoa den lurraldean.