Garazi Kamio Anduaga.

Xehe

2025eko urtarrilaren 8a
05:00
Entzun

Agian ez duzu halakorik egin edo esan, baina lasaitu ederra hartzen dugu egin edo esan dugunok zu zeu halakotan irudikatzen zaitugunean: ez dugu gozorik jango urtebetean, ez dugu alkoholik usaindu ere egingo denboraldi luze batean eta, noski, oraindik ere urte berriaren usainean gauden honetan, dieta beganoa egitea ere otu zaigu. Bai, antxintxika ehun metro ezinean aritzen denak maratoian parte hartuko duenaren uste osoarekin. Urte berriaren bestondokoak irauten duen honetan urte berriari zehaztasun eta xehetasun osoarekin begiratzen baitiogu; egin ez dugun hura eta egingo genukeena maila berean ipintzen ditugulako, fantasiazko munduari tregua txikia emanaz. Lasai, alde egingo dute, errota zahar maiteak hala, xehatuko baitugu alea nola edo hala.

Finitu ziren otordu luzeak eta hara, desordutan edo desotordutan iritsi zen berria: milioi bat euro pasatxo ordaindu dute Japonian atungorri batengatik. Bidasoa ibaian arrantzatzen den lehenbiziko izokinaren antzeko erritua dela dirudi, baina irailean Ordiziako azokan enkantean jartzen den gaztaren salneurria izan dezake. Zenbakietan badu aldea, bai, baina zimarroiak 276 kiloko pisua du, ez gazta-zatiaren kilo-erdi doia. Kontua da, japoniarrek zoriaren eta zorte onaren ispilutzat hartzen dutela atungorria: urteko lehenengoak zorte onaren xerka erakusten omen du eta hori hala izan dadin, enkantean milioi euroko langa zeharkatu du arrainak. Batzuentzat gehiegikeria, beste batzuentzat kultura kontua, arraina sushia egiteko erabiliko dute erosleek. Michelin gida ospetsuan izar bat duen jatetxe baten jabeak dira arraintzarra erosi dutenak eta, Japoniako usadioei jarraituz, euren etxera otorduren bat egitera doazenek urte berrian zortea izango dutela esango dute. Hau da, arrain garestia duen sushia janez gero, zorte ona besterik ez duzu izango 2025 hasi berri honetan.

Kalitateak kalitate, sushia mundu globalizatu osoan jan daiteke eta noski, zortea zure baitan egongo da, milioi bat euro balio duen arrainik probatu gabe. Gerta dakidake niri, edo zuri edo demagun Suediako edozein herritarri. Eskandinaviako herrialdeak ez duelako arrain berezirik behar zorteari dei egiteko; orekaren herrialdea baita, ilehorien superpopulazioa du, perfekzioaren marratik gertu dago eta dena da ederra. Klixe zikinez hornitzeari uzteko, Ikea besterik ez dut aipatu behar. Hain urrun geratzen zaigun Suedian ere zakurrak oinutsik doaz kaletik eta urrutiko intxaurrak beti dira hamalau. Gerturatu gara ordea, eta bai, hamarreko bat jan diogu. Egin kontu: Suedia herrialde hain aurreratua da, esku-dirutan ez duela ia ezer ordaintzen. Plastikoz egindako txartelarekin, telefono mugikorrarekin edo erlojuarekin ordaintzen dute hango herritarrek; berdin du zer, ez dago diru-xeherik poltsikoan. Perfekzioaren lurraldeak hala ere, inperfekzio txiki bat du, kopetaren erdian ateratzen den pinporta gorria: ezin zara txiroa izan Suedian. Kalean eskean ari denak ez du ezer lortzen, plastikoak ez baitu diru-xeherik bueltan ekartzen. Urte amaieran ezagutzera eman zen errealitatea erakutsi zuten: herritarrek ez badute txanponik zein diru-paperik erabiltzen, kalean eskean dabilenak ez du deus jasoko. Horratx Eskandinavian txiroa denaren patua, erabiltzen ez diren txanponak ezin eskatzea.

Suedian izan edo munduaren beste muturrean, sabela asetzearen kontuak beti dira albiste; milioi euro balio duen atungorria edo zentimorik ezin jaso janaria erosi ahal izateko. Pentsatzen dugu azken horietan, baina kasualitatea, tripa ederki emanda daukagun garaian. Flakia datorrenean hitz egingo dugu, xehe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.