Jeber-Bergfrieden geltokian jaitsi naiz. Hemengo eguzkiak laranja handi bat dirudi larre berdeen zerumugan. Nire maleta granatearekin geratu naiz aspaldi sentitu ez dudan isiltasun lodian. Nasa honetan ez dago ezer, ez dago inor: geltokiko hormak grafitiz, zelai zabalak gorrixkaz, eta ezer ez gehiago. Nasan aurrera egin dut apur bat susmoti, apur bat jimcarrey kartoizko show hartan nola; «eta dena gezurra balitz?» euli hipokondriako bat nire zerebroan. Gizon bat ikusi dut urrunean, Audi beltz baten parean estaziora begira. Besoak altxatu dizkit, C da.
Poesia itzultzeaz aritu zait herrirako bidean, itzulpen prozesuan idazlea aurrean izateak duen garrantziaz, errimez, fonetikaz, jatorrizko irudiez eta itzulitakoez. «Itzultzaile batentzat garrantzitsua da jakitea corvo galego baten lekuan birigarro euskaldun batek funtziona dezakeen, errima sakrifikatzen den arren, txori beltzaren irudia ez galtzeko. Horregatik da hain inportantea hautu horiek hartzeko idazlea aurrean izatea, eta horregatik zaude hemen» kontatzen zidan harrizko bide estu batetik pasatzen ginen artean.
— Hau da Weiden.
Autotik jaitsi eta simaur usaineko herrixka baten erdian agertu naiz. 120 biztanle eta 15 oilar zituela aurreratu zigun C-k bezperan bidalitako e-mailean.
— Hau da Weiden, baina hau-hau errepikatu dit.
Ingurura begiratu dut, eta jabetu naiz hau-hau adreiluzko eliza bat, bi kale hauek eta larreak, larreak eta larreak besterik ez dela. Pentsatu dut taldean idazteko behar dugun patxada guztia dagoela hemen. Gero C-ren etxean sartu gara, The zone of interest filmeko lorategidun etxalde aleman bat ekarri dit gogora. Oilategia, txerri-korta, egurrezko garautegi erraldoia, atzeko lorategia, satorrek egindako tontortxoak, mila kalabaza etxeko edozein izkinatan, patio handi bat zentroan...
Hainbat linguista eta idazle elkartu gara biharamunean, ganbarako mahai luze baten inguruan poemak banan-banan aletu eta nork bere hizkuntzan janzteko. Zinez polita egin zait Martí Sales katalanaren eta Jesús Vazquez galegoaren hitzen sabel eta tripak ezagutzea. Areago liluratu naute itzultzaileek formulatu beharreko galdera ederrek eta idazleek eman beharreko esplikazio konkretu den-denek. Ze itzultzea zerbait bada, irudiak eta ideiak sakrifikatzeko zein babesteko artea dela esango nuke. Poema originalei traje berriak jartzekoa, bi hizkuntzaren arteko alteritatean toki fidel bat eraikitzekoa.
Urriaren 25etik 29ra izan da poesia itzultzeko zortzigarren tailerra Weidenen (Saxonia-Anhalt estatu alemanean). 2017az geroztik Leipzigeko Unibertsitateko Soziologia eta Hizkuntzalaritza Aplikatuko Katedrak eta Iberorromance Departamentuak antolatzen dute urteroko topaketa, Castern Sinner zuzentzen dabilen Weidengo koadernoak proiektu antologikoa osatzeko xedearekin.
atenció
que tot el que passa passa ara i mai més
que tot es repeteix
però és irrepetible
com aquest núvol paquidèrmic
com aquesta cara de perplexitat química
com aquests ulls color de bala
com aquesta sopa d’all a la fresca de les coses concretes
adi
igarotzen den guztia
behin soilik igarotzen baita
dena errepikatzen da
baina aldi berean da errepikaezina
laino pakidermo honen antzera
begirada galdu kimiko honen antzera
bala koloreko begi hauen antzera
zeru zabaleko gauza konkretuen berakatz zopa hau nola
Martí Sales i Sariola
Weidengo ganbaran, gauza konkretu eta efimeroen omenez idatzia.