Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Uxue Barkosena da hitza

2015eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
EAJk mendebaldeko lurraldeetan eta Geroa Baik Nafarroa Garaian emaitza bikainak lortu zituzten igandean aldundietarako eta Foru Parlamenturako hauteskundeetan. Haiena izan zen garaipen politiko-elektorala, zalantzarik gabe.

EAJk espero bezalako nagusitasunez eutsi dio bere Bizkaiko gotorlekuari eta, gainera, urrats berriak eman ditu Ezkerraldean zein herrialdeko ekialdeko hainbat udaletan. Gipuzkoan egoerari itzulia eman dio, eta EH Bildurena zirudien garaipena berera ekarri du, indar bozkatuena bihurtuz. Araban, gainera, lehen indarra da.

Geroa Baik 53.000 boz eskuratu ditu Foru Komunitatean, eta bigarren indarra da. Aldaketaren gidaritza bere esku dago. Uxue Barkosi dagokio gidatzea EH Bildu, Podemos eta I-Erekin (hirugarren, laugarren eta zazpigarren indarrekin) osatu beharreko Gobernua (26 parlamentari). Aldaketaren aldeko indarren batuketa horrek hainbat alkatetza bideratzeko aukera emanen lieke, haien artean, Iruñekoa, kasu honetan EH Bilduko Joseba Asironen alde, bigarren postua eskuratu baitu hiriburuan.

Zenbaitek bigarren aukera bat badagoela diote: erregimenaren zutabeetako bat izan denPSN-PSOE erakartzearena eta, ondorioz, aldaketaren blokea apurtzea. EH Bildu akordiotik kanporatu PSOE sar dadin. Eguesibarreko joan den legegintzaldiko eredua, alegia.

Honek, noski, eskatzen du EH Bilduk gobernuaren egonkortasunari euts diezaiola gobernuan egonen direnek baztertua izan ondotik. Hau da, «-Zuk ez duzu jolasten partida hau, baina baloia jolaslekutik ateratzen bada ekar iezaguzu laster». Izan ere, bertze aukera da UPNk Geroa Bairi agintzea ez duela bere gobernua kolokan jarriko EH Bilduri gakoa ukatze aldera; eta horrek, jada, surrealista ematen du.

Artikulu hau idazten duenari sinesgaitza eta arazo aunitzen sortzaile iruditzen zaion aukera honek, nola nahi ere, Podemosen oniritzia beharko luke, eta hauen Nafarroa Garaiko idazkari nagusi Laura Perezek erran duenez, ez daude prest Erregimenaren parte den PSOErekin gobernua hitzartzeko. Ez dezagun ahantzi Podemos ere izan dela Nafarroako Foru Komunitateko Parlamenturako hauteskundeen bertze irabazleetako bat.

Egunotan EH Bilduko kide eta jarraitzaileen pozak zerikusi handiagoa izan beharko du udal hauteskundeetarako emaitzekin eta Erregimenaren aldeko indarrek, denek batera, lortu duten 26-24 historikoarekin. Nafarroa Garaian zinegotzi gehien duen alderdia da, UPNren gainetik lehen aldikoz. Parlamenturako baino 5.000 boz gehiago eskuratu ditu udaletarako, Geroa Bairi alderantzizkoa gertatzen zaion bitartean. Honek adierazten du indar politiko baten eta bertzearen erroak ez direla neurri berekoak eta, bide batez, etorkizunera begira oinarri soziopolitikoaren sendotasunak zoru handiagoa damaiola EH Bilduri.

Alta, argi dago parlamenturako hauteskundeetan emaitza onak ez direla lortzen bakarrik norbera oso errotua egonik udalez udal. Horrezaz gain, gero eta gehiago diren boz hegalariak eskuratzeko gaitasuna behar da. Irudi aldetik eta komunikazio aldetik.

Pertsonalitate edo pertsonalismo handiko hautagaitzek plus bat daukatela argi geratu da bertze behin. 600.000 biztanle bizi diren Nafarroa Garaia bezalako lurraldean, jende aunitzek norbaiti eman nahi izaten dio boza. EH Bilduk 47.843 boz eskuratu ditu Foru Parlamenturako. Iaz, 24 puntu gutxiagoko parte hartzearekin, EH Bilduk 43.000 boz lortu zituen Europar Parlamenturako lurralde honetan. Alderaketak zer pentsa ematen du. Parte hartzearen proportzioan hazi izan balitz 59.325 zegozkion. Hori bai, orduan ez zegoen Uxue Barkos lehian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.