Auschwitz liberatu zeneko 80. urteurrena ospatu dugu aste honetan, eta agerian geratu da Auschwitzez oraindik ez garela liberatu. Zulo oso handiak dauzkagu memorian. Aurtengo ekitaldietan ez diete agintari politikoei hitz egiten utzi, soilik protagonistei —eta anfitrioiari—, eta ez dakit arrazoia zein izan den, baina izan liteke beldur izatea inork gogora ekarriko ote zuen astebete lehenago (momentuz) etendako genozidioa, nazien genozidioaren biktimen ondorengoek —eta ezinbesteko lagunek— hautatutako gobernuak eta armadak burutua. Bat egiten dut erabakiarekin, ni neu ere beldur naizelako haiek ikaratuko zituena Gazako sarraskiaren aipamena izatea, bai, baina ez palestinarren aurkako triskantza salatzeko, ezpada kontrakoa egiteko.
Klima aldatzen ari da, txarrera. Eta giroa ere bai.
Ultraeskuinaren gorakada gaitzetsi zuten, gogor, eta ondo dago arriskua itzela delako, baina marka ere bada, agintean erabaki kriminalak hartzen ultrak dauzkan gobernua Israelgoa izanik.
Baina normala, azken batean antisemitismoaren eguna zen astelehenekoa.
Eta tamala, giza barbariearen aurkako eguna ez izatea.
Eta ez ditut konparatuko —lasai egon bitez Gaza aipatu eta Hamas ez aipatzeagatik nerbiosten hasten direnak— naziak eta Israelgo Estatua, ezta Gazako sarraskia eta holokaustoa ere. Ez dira alderagarriak. Besteak beste, konparatu ahal izateko elementu batek neurgarria izan behar duelako, eta genozidioa ez da.
Azken artikuluetan gai berarekin ari naiz, badakit. Aspaldian bizi naiz horrore batzuekin obsesionatuta eta bada garaia alde iluna utz dezadan, baztertu mina eta odola, negarra eta pena, eta pasa nadin poz, distira eta burbuiletara: bizitza irribarrea da (C-C batekin, jakina); bizitza macdonalds bat da (macdonald trump, testosteronaz estra); bizitza is life.
Hona, beraz, urte hasmentako ene desioa: AEBetako ezdakitzenbatgarren estatua bihurtzea, formalki, serio. Groenlandiaren ondoren, Euskal Herria. Ez daukagu meatze erreserba apartekorik, ez gara pasabide estrategikoa, baina inperioen soldadu onenak izan gara. Euskararekin tematzen gara batzuetan, baina erabilera maldan behera doa eta afera serioetarako ingelesa aspaldi erabiltzen dugu, errepara gure erakunde, egitasmo, jardunaldi eta enpresen izenei (atzo bertan BasquePro). Basque Country gara eta Biscayne gulfen egiten dugu arrantza. Lotura sentimental diasporiko handiak ditugu AEBekin, Nevada eta Idahoko gure odolkide trumpzaleek, ia denak, berretsi dezaketenez. Zuriak gara, oso zuriak, hego- eta ertamerikarrei matxupitxu esaten diegu eta bakeroen film hollywoodtar guztiak emititu eta ikusi ditugu. Ernatzen zaizkigu tarteka borbor filokomunistak, bai, baina gure gorria bekatu jubenila da, eta justizia sozialarena, behiala katolizismoaren erruz nahikotxo zabaldutako gaitza, azkenerako araztuko dugu. Mende askotan edanarazi digute ur bedeinkatu erromakoa, baina Netflix, Amazon eta antzekoekin rehab intentsiboak egingo ditugu eta laster gara gu ere liberalismoaren pontetik edoskitzen. Gure trikitiek countrya jotzen badakite, ingelesez ere kantatzen dugu eta futbola, barka, sokerra uzten badigute —hori kentzea iraultzaileegia litzateke—, winter series-etako finala Miamin eta Kontxako flaga San Frantziskoko badian jokatuko dugu. Kennedy gure laguna zen, eta autodeterminazioarena aldarrikapenen parkingeko hirugarren solairuan utziko dugu —orain ere ez dago askoz gorago—.
Gure bizitzak, gainera, ez lirateke hainbeste aldatuko: Oscarren zeremoniak, hamar egun barruko superbowla, esker emate egunak, Halloween eta beste berdin-berdin biziko genituzke —gehiago zaila da—; eta AEBetako hauteskundeetan, jasateaz gain, bozkatzeko aukera izango genuke.
Pasa gaitezen bizitzaren japi aldera; jasduit, lagunok!