oihana arana

Urraburua?

2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Labeko erretiluan txukun jarrita daude mimoz aukeratu eta prestatu dituzun porruak, piperrak eta tomateak. Urraburu eder bat ohearen gainean. «Buruarekin edo bururik gabe?» esan diozu pareko bazkaltiarrari. «Urraburua?» erantzun dizu. Buru eta guzti zerbitzatu diozu zegokion zatia. Aldamenean barazkiak kokatu eta elegantziaz isuri duzu erretiluan sortu den saltsa urtsua bere platerera. «Kontuz. Hezur handienak kendu dizkiot lehen, baina oraindik izango ditu batzuk» esan diozu sekula arrainik jan izan ez balu bezala. «Urraburuak?» erantzun dizu.

Kosta egiten zaizu brometan noiz dabilen asmatzea. Bi galdera on egin dizkizu oraindik mokadurik probatu ere egin gabe. Bi galdera on egin dizkizu. Zuk oraindik ez dakizu bi galdera izan diren, ala galdera bera egin dizun bi aldiz. Nolanahi ere, ez duzu erantzuten jakin. Bai erantzutea zen logikoena bi kasuetan. Baina bai erantzuteko hobe da ez erantzutea. Beste erantzun batzuen bila egiten ditu galderak gehienetan. Apur bat haserretu egiten zara zu horrelakoetan. Badaki. Horregatik egiten du.

Zerbitzari lanak amaitu eta zu ere mahaian jarri zarenean, barkamena eskatu dizu begiekin. Segituan ulertu duzu dena. Ez zekien nola egin. Batzuetan arraroa da berba egiteko gelditzea. Berak ere segituan identifikatu du urduri zaudela, ez zenuke urraburua prestatu izango bestela.

Zineman ikusi duen azken filmaz hasi zaizu berbetan. La Virgen Roja izenburu duen espainiar filma. Istorioa gustatu omen zaio, baina filma ez. Benetako gertakarietan oinarritua omen da lana. Hildegart izeneko neska baten bizitza kontatzen du, bere amak pertsona bikain bat izateko hezi zuen alaba, bere garaiko aldaketa sozial eta politikoen liderra izan zedin. Amari oldartzen hasi zitzaionean, proiektuak porrot egin zuela iritzita, berorrek hil zuen Hildegart, zeina ordurako pertsonaia esanguratsu bilakatu baitzen. «Frankismoak ezabatutako istorio bat gehiago» gehitu du bukaeran. «Proiektuek porrot egiten dutenean, errotik moztu ohi dugu dena, eta akatsa da batzuetan» esan dizu begietara begira.

Uxue Alberdiren azken liburua irakurri duzula esan diozu zuk. Izenburu bikaina baino gehiago dela liburua, irakurri egin behar duela derrigor. Ez dela heterosexualitateari buruzkoa errepikatu diozu hiru aldiz. Badakizu bestela ez duela irakurriko. Emakumeak gizonekin eta gizonak emakumeekin nola harremantzen diren ikusteko oso ondo dago liburua. Ondo pentsatua, neurtua, idatzia... Giza harremanei buruzko liburu bat dela esango du inork, baina heteronormatibitateari buruzko liburu bat dela esan zuen Alberdik, eta niri ere hala iruditzen zait. «Harritu egin nau izenburuak, baina onerako e! Uste dut beharrezkoa dela gauzei behar bezalako izenak jartzea, benetan zertaz ari garen jakin dezagun eta inork ez dezan kontrakorik ikusi. Askotan nahasten gara gauzak nola esan asmatu guran, eta sinple esatea izaten da eraginkorrena», erantzun diozu begiak zabal-zabalik.

Biok jaso duzue mezua. Beste batzuek esandakoak baliagarriak izaten dira askotan geure baitakoak ulertzeko. Liburu eta film gomendioz ezkutatutako barkamen bana oparitu diozue parekoari. Beti da errazagoa gauzak nahi gabe egiten ari zarela performatzea. Bazkaltiarrak zirenak lagun egin dira berriz. Gauzak garbi esateak asko arintzen du prozesua, baina tira, ez dizuet eskatuko egiten ez dakizuen zerbait egin dezazuen. Adiskideen arteko gatazkak kudeatzeko mahai baten bueltan eseri eta berba egin ahal izateko prestutasuna izateak berak gauza asko esaten ditu zuengandik. Eta denak onak.

Txaketako botoiak banaka banaka lotu eta «Plazera izan da» esan dizu atetik irten baino segundo erdi lehenago. «Urraburua?» erantzun diozu. Barrezka jaitsi ditu amorrua pozarekin lotzen duten ehun eta hirurogeita hamasei eskailerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.