Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Ura

2017ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Zein egunkaritakoa zara?», galdetzen zuen ahots idor bezain moztailearekin. «Euskaldunon Egunkaria-koa naiz», erantzuten nuen boz dardarati bezain moztuarekin. Itoizko urtegiaz galdetzen nion aldiro horixe egiten zidan Miguel Sanz lehendakariak, 25 urteko kazetari hasiberria nintzela.

Beste inori ez zion halakorik galdegiten. Bueno, bai: Egin-eko lankideari. Ez zen zertan lerroarteko irakurketan katedraduna izan ulertzeko egiazki zioena zela bera demokrata zela, eta gu biolentoak, eta hartara arrazoia berea zela, zalantza izpirik gabe, Itoizko Urtegiak eta Nafarroako Ubideak osaturiko binomio zatiezinaren alde argudiatzeko beharrik gabe.

Besteak beste, horregatik gozatzen nuen hainbeste Itoizko Solidarioen ekintzekin, demokratak versus biolentoak dikotomia komodintzat zerabiltenak jokoz kanpo uzten zituelako, dikotomi faltsua apurtzen laguntzen zuelako.

Diputazioko sekuoiaren azken puntan, foruen monumentuaren estatuan, PSNren egoitzaren balkoian... Leku horietan guztietan eta gehiagotan kateatu ziren, Nafarroan eskela gehien saltzen zituen eta dituen egunkariko zintagilearen protagonista sinpatiko bihurtzeraino.

Berunezko urte haietan, giro soziopolitiko ilun hartan, desobedientzia zibil ez bortitz, publiko eta irudimentsu hark argi izpiak zekarzkigun. Intsumisioa soldadutzaren bataila irabazten ari zen. Eta presako eraikuntza lanetako kableak moztuta, solidarioek urtegiaren gerra irabaziko zutela pentsatzera iritsi ginen. Gazte eta berde ginen: gerora, presa amaitzen, herriak eraisten, solidarioak espetxeratzen eta urtegia betetzen ikusi genuen. Halere, ez nuke esanen galdu zutenik; izan ere, irudipena dut Nafarroako Ubidea ez bezala, desobedientziaren bidea emankorra izan dela —fruituak eman dituela sakoneko usteak irauliz, jarrerak aldaraziz, dinamika berriak sorraraziz—, eta etorkizunean ere izanen dela.

Horiek guztiak gogora datozkit larunbatean, Agoitzen, Desconstrucciones Itoitz desobedientzia enpresako zortzi kideetako bati, Iñaki Garcia Kotxi, eginen dioten omenaldiaren kontura. Iñaki haren etxean hilik topatu zuten berriki. Senide eta lagunek diote kartzelak txikitu egin zuela. Heriotza espetxealdiarekin lotzen dute. Lau urte eman baitzituen preso kableen mozketaren kontura, bolada luzeetan isolaturik. Espetxea pertsona txikitzeko diseinatua baita. Eta inork azalpen gehiago behar baditu, irakur dezala egunkari honek Silvia Encinari egindako elkarrizketa. Hemezortzi urte —hemezortzi urte!— kartzelan bakarturik igaro eta gero Zuerako espetxeko ziegan hilik agertu den Jose Angel Serrano bilbotarraren bikotekidea da Encina.

Aspaldiko kontu horiek guztiak ez ezik, berri bat ere badatorkit gogora Iñakiren omenaldiaren kontura: foru Gobernuak Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eginen duela iragarri berri du. Lur azpitik, hodi handi batez, aurrekontua %40 murriztuz, baina egin nahi du. Eta, oraingoz, aldaketaren aldeko lau indarrek ez dute aurkako hitzerdirik esan.

Ehun milioi euro baino gehiago bigarren faserako, lehenaren egiazko erabilpena, eraginkortasuna zein errentagarritasuna behar bezala aztertzeke. Urtegian zein lehen fase horretan 1.700 milioi xahutu, eta itzalpeko ordainsariekin foru ogasuna epe luzerako zorpetu eta gero.

Erriberako edateko uraren kalitatea behar baino makalagoa omen da, eta ubidea ei da hori konpontzeko modu bakarra. Haatik, URA plataformatik diote badirela kalitatea hobetzeko bestelako irtenbideak.

Ez ote den xedea Erriberari ura ematea bainoago Erriberako ubidearen uretan botoak arrantzatzea, eta porlanaren kofradiari bazka ematea, eta aurrerantz ihes egitea, kiebran dagoen Canasa enpresarentzat bezeroak lortzeko itxaropenarekin. Finean, ez ote diren ari gainditutzat genuen eredua aplikatzen, Iñakik bere borrokarekin salatu zuen eredua, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.