Jone Amonarriz

Unibertsalak

2025eko urtarrilaren 16a
05:00
Entzun

Antton Telleria artista eta lagunari entzun izan diot berak ez duela euskal umorea egiten. Umorea egiten duela. Euskal Herritik, ahalik eta unibertsorik zabalenarentzat. Euskaraz, bai, baina ez —oro har— euskarari buruz. Hain justu, bere ustetan, euskarari ekarpena egiteko modurik efektiboena da oharkabean pasatzea euskaraz egiten ari dela. Eta, pentsatzen jarrita, gure hizkuntzan sortzen den kalitatezko entretenimenduaren ezaugarrietako bat bada hori, estres linguistikoa ahazten eta euskaldunaren bost kiloko motxila eranzten laguntzen diguna.

Hizkuntza hegemonikoetan funts nagusiki pribatuetatik bideratutako baliabide andana dago, baina, euskaraz burua altxatu nahi duen orok eskalatu behar duen horma altu eta sendoa sostengatzen. Entretenimenduaren eta kulturaren industrian hizkuntza gutxituetan baliabiderik gabe bizirautea ia ezinezkoa dela kontuan hartuta, kasurik onenetan posible izan daitekeela erakusten ari direnei eskerrak besterik ezin diegu eman. Bueno, edo bai. Bada egin dezakegun beste ezer: gehiago kontsumitu eta babestu. Ze bistakoa da urtean behin Durangoko Azokara joatea baino gehiago behar dutela gugandik. Eta erakundeetatik zer esanik ez. 

Lanartea elkartearen Euskal Artisten Lan eta Baldintzen I. Inkesta kuantitatiboaren emaitzei buruz Amagoia Gurrutxagak eskainitako elkarrizketetan emandako datuak eta ondorioak argiak dira: «Euskaraz soilik sortu zuten artisten irabazi garbiak 2023an, batez beste, 4.717 eurokoak izan ziren. Euskaraz eta erdaraz sortu zutenenak, berriz, 9.672 eurokoak. Horrek zerbait esan nahi du». Esan nahi du egiten duten ekarpenaren hamarrena ere ez dutela bueltan jasotzen. Eta hori azken urteetako uztarik emankorrenetako batean gaudela. 

1998ko Kilometroetan «mundura goaz ta gu gara mundu» abestu genuen. Tokikotasunetik eta euskaraz, istorio, estetika, eduki edota formatu unibertsalak esperimentatzen eta sortzen ari dira sortzaile ugari azken boladan; diziplina askotan, gainera. Miñan liburu eta antzezlana, Ninini bakarrizketa, Ez da kasualitatea bertso saio musikatuak, Neomak, Mitoaroa, Izan inurri bezalako proiektuak, JMT bekak hautatu duen EHZ 1996-2026: herri bat zuzenean proiektua, eta abar. Horiek dira itxaropen izpi argitsuenak oraintxe bertan herri honen biziraupenean eta hizkuntzaren biziberritzean sinisten dugunontzat. Herria, kultura eta hizkuntzaren hiru zutabeak sostengatzeko ezinbestekoak.

Aitortu behar dut oraindik ezin dudala burutik kendu eta bihotzetik askatu Zetaken Mitoaroak injektatu didan emozio festa hau. Bertaratutakoetatik harago, iritzi publikoan irabazi duen zatitzarra da arrakastaren alde adierazgarriena; irabazi duena, ez soilik Zetakek, edo Pello Reparazek, baizik eta euskararen eta kulturaren transmisioak, eta ziurrenik egunkari hau irakurtzen ari garen gehienok. Anbizioa, artea eta etorkizun-senaren arteko konbinazio konplexu bezain perfektua ikusi dut fenomeno honen guztiaren backstage-an. 

Bitartean, badira beste norbanako batzuk oso bestelako lehentasun eta interesek mugitzen dituztenak, euren gorputza zein lurretan sostengatzen den ere axola ez zaienak, unibertso osoari zuzendu nahi eta albokoari bizkarra ematen diotenak, tartean euren buruei eduki sortzaile —influen-zer?— deritzenak, erakunde publikoen dirua behar dutenak edukiak euskaraz sortu eta zabaltzeko. Eta uste dut, kasu horretan, erremedioa gaitza baino okerragoa dela. Askoz ere okerragoa, larrialdi linguistikoaren ikuspegitik, bederen.

Unibertsalak izateko nahiaren aurkia eta ifrentzua dira. Unibertso honetan kokatzeko bi modu antagoniko. Baina larrialditik indarraldira igarotzeko argi dago zer den behar duguna. Munduko hiritar gutxiago, eta euskarazko erreferente gehiago. Bizio gutxiago, eta anbizio gehiago. Anbizioa, anbizioa, anbizioa...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.