lizar begona

Umoreaz apunte batzuk

2025eko otsailaren 18a
05:00
Entzun

Hizkuntzari mokasinak jantzita eta poker aurpegiaz agertu behar du batek, antza, edozein gai sakon eta dotore lantzeko. Gatz apur batek diskurtsoa hutsalduko balu bezala, edo seriotasunak halako prestigio edo fidagarritasun medailatxo bat emango balio bezala hizlariari. Serioa denari arreta zor omen zaio. Eremu burokratikoetan, behintzat, umoreak ez du lekurik ia, eta kongresu ofizial batean txisterik txikienak zirku instituzionalaren autoritate irudia behera ekar lezake. Arriskutsua da umorea.

Galdera interesgarria egin zidan aurrekoan ikasle batek. C1 mailako mintzamen proba ofizialean umorea sar zitekeen jakin nahi zuen, estilo hori «informalegia izan daitekeelako» tamaina horretako azterketa baterako. Berak trajea, kapela eta bibotea jantzita agertu nahi zuen aztertzaileen aurrean. A! Eta hizkuntzari ere gorbata jarrita, errelatoari duintasuna emateko-edo. Nik esan nion umorea baliabide zaila dela, baina ondo erabilita, dagoen tresna espresiborik ausart, elegante eta serioenetako bat ere izan daitekeela. 

Baten bat akordatuko da 1994an parlamentu andaluziarrean gertatu zen barrealdi hartaz. Dena geldiarazteko moduko algara kolektiboa izan zen. Aurrekontuen bozketa betean, eta zortzi orduko eztabaidaren ondoren, ito beharrean egin zuen barre diputatu batek mikrofonoaren aurrean. Irria, noski, parlamentu osoan kutsatu zen, kargurik altuenak ere ezin izan zion barreari eutsi, eta bertan behera utzi behar izan zuten saioa tarte batez. Bideoa Interneten disekatuta geratu da, merezi du momentua ikustea. Barre eragingo dizula uste dut, eta akaso zer pentsatua ere bai. 

Dibertitzen nau instituzioei maskarak erortzen ikusteak. Imajinatzen duzu antzerki bateko atzeko teloia publikotik jausten ikustea? Eta fondoko aldamioak, zuzendaria eta langileak, izerdia sikatzeko toallak eta ur botila guztiak agerian geratzea? Ba esango nuke antzeko zerbait egiten dakiela umoreak. Ezarritako kodeak desegonkortzen ditu, errealitatea zalantzan jar dezake, parafernalia burokratiko guztia nolabait agerian uzteko gauza da, autoritate usain fuerte hori desagerrarazteraino. 

Umorea arriskutsua da: Botereari min eman diezaioke. Botereak ez baitaki bere buruaz barre egiten. Gogoratu, adibidez, 2006an Juan Carlos I.a Erregeak Errusian hartz mozkor bati tiro egin zionekoa. Javier Ripa ilustratzaileak eta Josetxu Rodriguez kazetariak fotomuntaketa bat egin zuten Deia eta Gara-ko umorezko gehigarrirako. Binetan Mitrofan hartza-ren heriotza parodiatu zuten, eta karikaturak erregea samindu zuen. Ez dakit malkorik isuriko ote zuen, baina 2009an epaiketa bat egin zuten irudigileen aurka. Azkenean artistak absolbitu zituzten, hartza vodkaz eta eztiz mozkortuta zegoen ala ez eztabaidatu gabe. 

Umorea arriskutsua da: Tabuak deskonposatu eta desmitifikatzen ditu. Esajerazioak, sarkasmoak eta ironiak, botere-figuren, erakundeen edo are herri-kulturaren normak hankaz gora eta biluzik utz ditzake. Larrugorritan edo galtzontzillo hutsetan eta galtzerdi luzeekin, nahi bada. 

Umorea arriskutsua da: Isiltasun deserosoa nagusi den festa batean txiste txar bat kontatzea bezain arriskutsua. Suizidio sozial bat. Ingurukoek estimatzen duten graziosoa izatetik, barrerik eragiten ez duen pailazo kaikua izatera ez dago tarte handirik. Baina saltoa ez da txikia, estatus soziala dago jokoan. 

Umorea arriskutsua da: Eta horregatik maite dut. Are interesgarriagoa eta sexyagoa egiten zait niri satiraz eta ironiaz jantzitako diskurtso bat, bizirik gabe eta protokoloz erabilitako hitz-segida grazibako bat baino. Hori inteligentzia artifizialak badaki egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.