oihana arana
ARKUPEAN

Udazken jendea

2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Ilea eroriko zaizu. Hanketako azkazalak pintatzeari utziko diozu. Jantziko dituzu gabardinak, jertse potoloak eta bi galtzerdi pare. Ipiniko dituzu mantak ohean, jantziko dituzu pijama luzeak. Ez duzu berogailua jarriko. Gordeko duzu eguzkitako krema eta obsesionatuko zara kalabaza purearekin. Prestatuko duzu lenteja kilo osoa presio-eltzean eta beteko duzu izozkailua. Apurtuko zaizkizu aterkiak eta laugarrenean erabakiko duzu ideia hobea dela zira jantzita ateratzea. Gordeko dituzu eskuak poltsikoetan. Lehortuko dituzu botak oraindik irakurri gabeko egunkari orriekin. Denbora-pasena izan ezik, beste guztiak egokiak dira horretarako. Jango dituzu gaztaina erreak eta madarikatuko dituzu ustelak, kostata zuritzen direnak eta hoztutakoak. Ez diozu izotzik botako kafeari. Kafe ehotu berriaren usainarekin xarmatuta jarraituko duzu, baina mukiek ez dizute usaina ondo aditzen utziko. Hartu beharko duzu propolia eta kexatuko zara gustu txarrarengatik. Mendazko karameluak jango dituzu, gero. Aterako duzu poltsa beroa armairutik eta akordatuko zara zure amamekin. Salda prestatuko duzu etxe osoa berotu dadin lehenbizi, baina zure sabela pozteko bereziki.

Itzuliko dira txakurrak hondartzetara, itzuliko dira turistak haien etxeetara. Isiltasuna adituko da kaleetan. Erretzaileak bakarrik egongo dira terrazetan. Iluntzeetan berriz igaroko dira marmelada aurpegidun bikoteak, paseanteak, korrikalariak... zure ataritik eta zu egongo zara etxeko erropak jantzita, supermerkatua itxi baino hamar minutu arinago erosi nahiko duzulako afaria. Ez duzu ganorazko ezer topatuko, eta afalduko duzu sobreko zopa. Ez duzu altuegi esango, baina ez zaizu horren plan txarra irudituko. Bi aldiz pentsatuko duzu leihoa noiz zabaldu. Izarak noiz aldatu. Ilunsenti ederrak oparituko dizkizu zeruak, baina ez dituzu argazkiak Instagramen jarriko. Udazkenean ez da hori egiten.

Igaroko zara nobelak irakurtzetik ipuin liburuak irakurtzera. Poema ederrak irakurtzetik saiakera deprimenteak irakurtzera. Ez dakit. Gorrituko zaizu sudur punta eta errukituko zara aurtengo udan egin ez duzun horregatik guztiagatik. Azken musuak zirela jakin gabe emandako musu erdiengatik. Azken izozkia zela jakin gabe aukeratu zenuen txokolatezko izozkiarengatik. Azken hondartza eguna bainatzeko aprobetxatu ez izanagatik. Dantza egin ez zenuen gau hartan dantza egin ez izanagatik. Azken eguzki egun epelean praka luzeak jantzi izanagatik. Gazpatxo gutxiegi hartu izanagatik. Okurritzen zaizun edozein txikikeriarengatik. Nik zer dakit ba. Errukiak leku asko okupatzen du.

Haserretu egingo zaitu udan hartutako zenbait erabakik, baina beste modu batera jasoko duzu gorputza. Beste leku batetik jasoko zaitu hiriak. Haserrea hotzarekin nahasten denean, beroarekin nahasten denean baino errazago desagerrarazten da. Ohean sartu eta burua mantapean gorde daitekeelako, batez ere.

Hasieran tristatuko zara apur bat, normala da nostalgiak kopeta lainotzea. Agur bakoitza dolu bat da, eta dolu bakoitza norberarena. Baina segituan ikusiko duzu aro berria onuragarria izango dela. Konturatu orduko barre egingo diezu udan zoriontsuagoak direla esaten duten horiei guztiei, ahaztu egiten zaie irailean zaila dela zoriontsu izatea, eta uda dela oraindik. Gordeko duzu irribarrea bufandaren azpian eta esango diezu lasai egoteko. Udazkena garai ona dela apurka-apurka itzaltzen hasteko. Ez dizute ezer esango. Apur bat makabroa zarela pentsatuko dute. Eta izango zara, seguruenik. Hori ona da. Nik behintzat gurago dut apur bat iluna izatea purpurinazkoa izatea baino. Ez dakit udazkenean jaio nintzelako den, edo dekadentzia erromantizatzeko daukadan joera den besterik gabe. Baina uste dut udazken jendeaz baino ez naizela fio.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.