Ulisesek zaldi erraldoi batekin engainatu zituen troiarrak hiriari erasotzeko. Liluraturik jaso zuten ustez jainkoen oparia zena, jakin gabe benetako sorpresa barruan ezkutaturik zegoela. Egituraren barrutik soldaduak ateratzen hasi zirenerako berandu zen; troiarren inozentzia izan zen greziarren garaipena. Taktika hori bera XXI. mendean bestelako eremu batzuetan ere erabiltzen ari da, eta, jakinda ere, Troiako Zaldia sukalderaino sartzen uzten ari gara.
X sare soziala bururik gabeko oilasko baten gisa irudikatzen genuen bitartean, Trump boterera itzultzear zela, (beste) opari liluragarri bat prestatzen ari zen Elon Musk. Eta, hara, aurkeztu du Grok, testuak eta irudiak sortzen dituen inteligentzia artifizialaren beste txatbot bat. Ezagun egin da pertsona famatuen irudi errealistak sortzeko eskaintzen duen aukerarengatik, baina benetako nobedadea zera da: erabilera erabat librea dela, ez duela inolako arau, zentsura edo mugarik. Etikaz ulertzen ez duen robot bat baino ezer arriskutsuagorik? Horrela, askatasunaren izenean, liberalismoa hauspotu du sarean, globalarekin bertakoa eklipsatu du, eta sarean geratzen zen moral sozial apurra xurgatu egin du. Hori guztia errazago egiten da txatbot erakargarri batekin, autoritarismo tradizionalarekin baino.
Deitu munstroari Grok, deitu Google, deitu Meta, deitu ChatGPT, deitu X —bere zentzu zabalean—, desinformazioaren iturburu dira denak, eta desinformazioak pentsamendu librea eragozten du. Zer den egia eta zer den gezurra bereizteak esfortzu bat suposatzen badu, biderik errazena da sinestea. Zalantzan ez jartzea. Dena sinestea, filtrorik gabe. Informazioaren eta iturrien kontrastea egiten denborarik ez galtzea. Honela, nagikeria kognitiboa delakoak menpeko bihurtzen du pertsona. Subordinatu. Gainera, zenbat eta informazio gutxiago izan, orduan eta arrotzago sentitzen da bat gai askorekiko; izan feminismoa, ekologismoa edo tokiko zein nazioarteko gatazkak. Distantzia hori areagotzearekin batera, askatzen dira pentsamenduetatik printzipio etikoak eta kontzientziaren kontrola.
Hannah Arendt jatorri juduko historialari eta filosofo alemaniarraren hitzek ez dute gaurkotasunik galdu sei bat hamarkada igaro eta gero ere; dezente zabaldu dira azken boladan: «Etengabe gezurra esatearen helburua ez da jendeak gezur hori sinestea, baizik eta bermatzea inork ez dezala ezer sinistu. Egia eta gezurra bereizteko gai ez den herri batek ezin du desberdindu zer den ona eta zer txarra. Eta horrelako herri bat, pentsatzeko eta epaitzeko botererik gabe, gezurraren mende dago erabat. Jende horrekin nahi duzuna egin dezakezu».
Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen, dio esaldiak. Kontrol sozialerako osagai idealak dira ikuspegi kritiko eta eraldatzailearen krisia, konformismo orokortua, eta fake news-ak. Fake news-en bidez eragiten dituzten erreakzioekin eta gizartean txertatzen dituzten ideiekin xorro-xorro bideratzen dituzte helburu politikoak batzuek. Ultraeskuinaren esku ikusezina Muskek pixka bat bistaratu baldin badu ere, gauden lekuan gaudela, beti ukituko gaitu nolabait. Mehatxu horren aurrean, bilatu beharko da modua gai honi erakundeetatik ere berandu baino lehen heltzeko.
Hamarkada bat atzera eginda, Twitterren garaian, etapa itxaropentsuagoa bizi genuen. Nik, behintzat, txoria nuen maiteago. Sare sozialaren izaera bestelakoa zelako, bai, baina batez ere komunitatea bizirik sumatzen nuelako, baita kalean ere. Herri gogoa eta ilusioa egon bazegoen. Orain, giza proba batean lez, ezinean gabiltza herri ekimenaren harria arrastaka daramagula. Gezurrak buztana uste baino luzeago du, bada. Gezurraren kulturarekin, kultura osoak eta hizkuntzak eramango dituzte aurretik. Eta gu atzean geratuko gara gure herriarekin, edo erremerreek ahoskatuta bezala, gure egiarekin.