Inaki Galdos

Txapelak, kaikuak eta poloak

2024ko irailaren 24a
05:00
Entzun

Hasieran, lehen karlistadan, liberalak ziren txapelgorriak; karlistak berriz, txapeltxuriak. Ez gara hemen azalpen luze eta zehatzak ematen hasiko, baina esan dezagun denborak aurrera egin ahala kolore gorria ere bereganatu zutela karlistek euren txapeletarako. Adibidez, 1936ko gerran erreketeak txapelgorriak ziren askoren berbetan. Hortik aurrera ere bai. Amatiño-k Miguel Gallastegiri buruz idatzitako biografian 1942ko finala kontatzen duenean, seguru Azkoititik Eibarrera Atano III.a animatzera joan ziren txapelgorri haiek ez zirela liberalak izango. Bitxikeriak bitxikeria, kontua da jantzi batek, jantziaren koloreak, bere izan zuela garrantzia gure historia politikoan. Txapel beltza orokortu zenean berau janzteko moduak ere bai nonbait, nahiz eta ez dudan inoiz benetan jakin zein zen abertzaleen moldea eta zein besteena: bertsio kontraesankor gehiegi umetatik entzun ditudanak.

Kaikua izan da gure historia politikoan arrastoa utzi duen beste jantzi bat, abertzalegoarekin lotuta kasu honetan. Folklorean eta uniformeetan dago gotortua gaur egun, nahiz eta izan den saiakerarik modaren munduan bizitza berri bat emateko janzki moderno gisa. Ez da beti horrela izan eta, txapelarekin gertatu zen bezala, ideologiak ere izan zuen eraginik kaikuaren kolorea aukeratzeko orduan. Polemika iturri ere izan da. Urrutira joan gabe, Beatriz Artolazabal jelkideak duela urte eta erdi polemika piztu zuen kaikuaren esanahi politiko-sinbolikoaren inguruan: Iñaki Egaña atera zen bere kontra eta Joxan Rekondo alde, biak ala biak ekarpen interesgarriekin.

Laurogeiko hamarkadan produktu frantziarren kontrako boikot eta erasoak egon zirenean, sarri mintzatzen zen ironiaz jendea, ezker abertzaleko kideren bat Lacoste markako polo bat jantzita agertzen zenean. Edo Zoco patxarana edaten zuenean, baina hori beste kontu bat da. Une gogorrak izan ziren haiek, baina orduan ere bazegoen kritika politikoa adarjotzez estaltzeko betarik. Poloarenak, ordea, dimentsio berri —eta arraro samar— bat hartu du gurean garaiotan, baina protagonista berri batekin: Fred Perry.

Erresuma Batuan 1952an Fred Perry tenislari ingelesak eta Tibby Wegner futbolari austriarrak sortua, markaren inguruan beti izan da historia (eta eztabaida) musikal, sozial eta politikorik. Baita kontrakulturala ere. Luze jo gabe, Mod eta Skinhead mugimenduak aipatu ditzakegu, adibide gisa. Sarri izan dira saiakerak eskuin muturreko mugimenduen partetik markaren estetika eurenganatu eta jabetzeko; horregatik egin behar izan dituzte enpresaren jabeek adierazpenak ahalegin horien kontra. Adibidez, Ameriketako Estatu Batuetako Proud Boys izeneko mugimendu neofaxistaren kontra jo behar izan dute eta han (eta Kanadan) bi marra horidun polo beltza saltzeari utzi.

Esan bezala, modu xelebrean sortu da berriki Euskal Herrian ditxosozko Fred Perry horien inguruko ika-mika. Hasteko, duela hilabete batzuk, txosnak eta gainerakoak gutxi balira, elkarri mokoka aritzeko gai berri bat aurkitu zuten ezker abertzaleko kide batzuek Gedar Langile Kazeta-ren telebistako esatari bat horrelako bat jantzita ikusi zutenean. Duela egun batzuk, ordea, odolkiak ordainetan: jelkide batzuen eskutik, Venezuelatik polo horietako bat soinean, bideo bat bidali duen Ernai erakundeko kide bat izan da salaketen jomuga. Baina, Ameriketan ez bezala, produktuaren prezioa izan da orain xextrarako pindarra piztu duena: badirudi garestiegiak direla iraultza komunista edota Maduroren gobernua defendatzeko. Koherentzia falta, diote.

Ez da izan sare sozialetan olgetan aritzeko sortutako eztabaida hutsa. Beste hedabide batzuetara eta kalera ere zabaldu da Fred Perry afera bitxia. Egiaren izenean, duela urtebete inguru Euskal Telebistako hauteskunde gau batean parte hartzen nengoela, euskal txiolari (eta beste gauza asko) ospetsu batek ironikoki aipatu zuen Twitter zaharrean nire poloaren marka (bai, ni ere bekataria naiz), baina ez nuen asmatzerik izan zer adierazi nahi zuen zehazki. Agian garai berrien patua izango da hau guztia. Ez dakit zer pentsatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.