Inaki Galdos

Txapela kentzekoa

2024ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun

Sarri entzun genion Nikolasi noiz eta nola erabaki zuen bere bizitza Arantzazuri uztartzea. Umetan familiarekin bertara joan eta Benedikta meza entzuten sentitu zuen deia. Ordutik utzi gaituen arte, han izan dugu, etenaldiren bat salbu, Matxinbentako Argarate baserrian 1939ko martxoan jaiotako gizon handi hau, banaezinak zituen hiru esparru, hiru bihozkada, hiru pasio tarteko: fraidetza, artzaintza eta bertsolaritza. Jakin beza irakurleak hiru hitz horien atzean hiru mundu daudela, hiru istorio aberats, inoiz behar beste eskertzerik izango ez ditugun kontaezin jarduera oparo. Baina ardatz nagusi horietaz gain, horiekin batera, gehiago ere izan da Nikolas, askoz ere gehiago. Francoren urte beltzenetan egindako ezkutuko lana testigu, besteak beste.

Agian ez da bere alderik ezagunena izango, baina Telesforo Zuriarrain, Iñaki Beristain eta Joxe Mari Arregik ederki dituzte jasoak Nikolas fraidearen bizitza eta sentimenduak. Umetako meza hartan sentituak gerora ere indarrean nola iraun dion, Asisko San Frantzisko zein eredugarri egin zitzaion eta nola garatu zuen bere fedea Gomiztegi baserriko anaidian, fraide laiko gisa —hermanoak deitu izan diegu—, Joan Zelaia, Luis Arraiago, Xegama, eta beste hainbat eta hainbat lagun tarteko. Gainerako esparruei garrantzi izpirik kendu gabe, esana zuen batez ere kristaua zela, Elizako kidea. Ez, ez da bere alderik ezagunena, baina bere heriotzaren aurrean, artzaintza eta bertsolaritza denon ahotan daudenean, beharra sentitu dugu bere kristautasuna, bere fedea azpimarratzeko ororen gainetik. Iruditzen zait eskertuko ligukeela.

Gomiztegin bertan egin zituen euskal artzaintzaren munduan berebiziko garrantzia izan zituzten hainbat urrats ere. Gomiztegiko sorrerako xede nagusia desagertuta, berritzaileen artean berritzaile, bertako Artzain Eskola jasotzeari ekin zion. Hori da esparru horretako bere ekarpen publikoena, baina kontaezinak dira lehen sektorearen alde Nikolasek egindako lanak. Begirada luzeko gizona zen Matxinbetakoa horretan ere.

Goizean goiz Gomiztegiko kaperan errezatu, gero ardiak jetzi, arratsaldean arduradun politikoekin erabaki estrategikoak adostu eta gauen bertso jaialdi edo afari batean gai-jartzaile lanetan aritzen zen gizonagatik badago zer miretsi. Baina ez hori guztia egiten zuelako, egiten zuen moduagatik baizik. Ez gara hemen bertsoaren munduan Nikolas izan dena azpimarratzen hasiko, badago askoz ere jende egokiagoa horretarako. Baina ezin ahaztu Euskal Herriko Txapelketako epaimahaikoa izan zeneko bere sufrimendua, batez ere puntuak karteltxoa jasota berehala erakutsi behar zituztelako. Zenbat txistu bidegabeko!

Badira zazpi urte Xabier Euzkitze, Iñaki Beristain eta Eduardo Urartek Nikolas Segurolari buruzko liburu ederra sortu zutela, beste zenbait pertsonaren ekarpen eta lekukotzek osatua. Gomiztegiko gaztagatik saria jasotzean Espainiako ministro batekin izandako pasadizoaren berri ematen zaigu bertan, neurri batean Matxinbentako beste frantziskotar batek, Aita Lasak, beste ministro baten aurrean —Fraga Iribarne— hamarkada batzuk lehenago Urbian izandako pasadizoa gogorarazten diguna, ilustrísimos señores pastores bota zueneko hura. Bere betiko txapela buruan zuela joan zen saria jasotzera, ekitaldian gorbatarik gabe zegoen gizonezko bakarra. Quién es ese, nor ote zen hura galdezka hasi zen Arias Cañete eta honen laguntzaile batek ministroaren aurrean txapela ez kentzeagatik errieta egin zion. Elizara sartzean Jainkoaren aurrean kentzen zuela berak txapela soilik erantzun zion, gizakiak denak garela bertsuak.

Horra hor istorio bat, Nikolas ederki laburbiltzen duena: fraidea, Jainkoaren aurrean apal; artzaina, gazta sarituarekin pozik; eta bertsolari peto-petoaren ateraldia, gaztelaniaz bada ere. Barkatuko digu dagoen tokian dagoela, baina bere heriotzaren berri izan dugunetik, malkoen artean, esan beharra daukagu bera bai izan dela txapela kentzeko fraidea, txapela kentzeko artzaina, txapela kentzeko bertsolaria. Txapela kentzeko gizona. Beti gure bihotzetan, Nikolas.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.