Haize-zurrunbiloaz pentsatzen dudanean, barraketako kate zoroaren hegalaldiaren harrotasuna datorkit burura; baina bizi dugunarentzat ez deritzot oso esanguratsu. Beraz, hautsak harrotu baino zerbait indartsuagoaren bila nabilela, tornadoarekin egin dut topo. Zer den argi dago, baina eraginaren nondik norakoak azaltzeko, Dauna Coulter, Zientzia@NASA aldizkariaren kazetariak egindako kronika perfektua da. Aste bateko kronika da, adierazgarria erabat eta azken zazpi egunetan geurean bizi izandakoak irudikatzeko ezin hobea. Dio Daunak: 2011ko apirilaren 27a; Tornadoen turuten uluek egun osoan jo zuten. Gogor entzuten ziren, eta une batez soinuak behera egiten zuela ematen bazuen ere, berriz eta indar handiagoarekin ekingo zuen seinalea baino ez zen. Eta ekite berri horretan, igarleek radarretan kateatutako beste oihartzun bat begiztatzen zuten; ekaitz ehiztariak, aldiz, adrenalinak bultzatuta, bata bestearen atzetik zerutik jaisten ziren tornadoak baieztatzen saiatzen ziren. Arratsalde partean, gainera, argindarra galdu genuen tornadoek gogor jarraitzen zuten bitartean; kaos biribila. Alabaman naturak egindakoa, hemen tornado politikoak lortu du, eta igarle eta ehiztarien egia, ameskeria eta burutazioei tentuz begiratzeaz gain, inoiz ez bezala, denok erne egotea ere lortu du.
Eta lehenengo uluak Madrilen sinatutako akordiotik etorri ziren, zergatiak eta protagonistak aztertuz batez ere, askotan lortutakoari apenas gainbegiradarik emanez. Baina horixe da benetan inportanteena. Kritikak kritika, halere, ez omen da hain txarra izango gaitzetsi dutenek ez dutela kontran egingo iragarri dutenean. Bai, badakit esaten dutela betebeharrekoa zela, ez dela inolako oparia, legea legea dela, baina beste gauza askotan bezala, legea gorabehera, geurea geure egitea, eta legea betearaztea, ez zait euli kaka iruditzen. Larunbatean, Gasteizko kaleetatik preso gaixoen askatasunaren aldeko jende andanak ere legea eta giza eskubideak bete daitezela aldarrikatu zuen. Badakigu lege hori ere betebeharrekoa eta derrigorra dela; halere, gauzatzea lortuko bagenu, nik neuk behintzat poza ederra hartuko nuke. Eta seguru nago ez litzaizkidakeela inportako ez bitarteak ezta bitartekariak ere, inportanteena lortutakoa izango zelako, nire ustez, benetan inportanteena herria eta herritarron ongizatea delako, eta hori lortze aldera deabruarekin ere egin behar bada berba, egin dezatela. Politikarien lana herritarrok agindu dizkiegun lanak egitea delako eta emandako hitza betetzea; bakoitzak berak dakien edo ahal duen erara, aginteak edo oposizioak eskatzen duen modura, baina saiatuz. Eta dagozela lasai, zeren herritarrok geure heldutasunean ondo baitakigu noizean behin zirimolatik tornadora pasatzea gustatzen zaiela, eta badakigu ere uluak apurka-apurka bere tonua behera egingo duela, eta ikasita ere badaukagula, zirimola zein tornadoetatik gero eta hobeto babesten.
Ulu zalapartaria ere sozialistengandik sortutakoa. Zirimola edo tornadoa? Irtengo ote da etxea hegan? Edo teilatua baino ez du eramango? Zenbaterainoko indarrez astinduko ditu sustraiak? Erantzunak, laster. Sei milako izenen aldea dago bi hautagai nagusien artean eta hirugarrenak... ez duela atzera egingo eta borrokan jarraituko duela; ba, bale ba. Emozionantea lehia kanpotik aztertzen dugunontzat! Balekoa, aldiz, hurrengoa; izenik eta presio gabeko papeleta, anonimoa! Bitartean ikusleak trapezioari so, eta kaiolako lehoiek hankak huts egiten dionaren zain. Eta uluekin bukatzeko, Daunaren amaierakoirudia; maiatzaren 2a. Gaueko hamarrak, haizea gelditu egin da. Goizaldean, argiak etxeaketa kaleak alaitzen ditu berriro: aste gezamina izan da. Aldamenean ere, bukatu da tornadoa; argiaren hiria argiztatu da eta ezpain gehienetan, zapore gozo nagusi.
ARKUPEAN
Turuten uluak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu