Araitzen koadernoaren inguruko informazio bila etorri bazara, argia da erantzuna: ez dugu bere berri oraindik. Hala ere, gera zaitez gustu baduzu, etxean dugun gauza baten inguruan ariko naiz eta.
Tupperwarea eta hitzak berak atxikita dakartzan ahoskatzeko aldaerak (taper edo tuperbare, besteak beste) ahanzturaren zerrendan sartzear daude: XX. mendeko iraultza izan zena plastikoa birziklatzeko ontzian sartuko dute, kiebra jo du eta. Zazpi milioi dolarreko zuloa egin du enpresak eta halako zulo abisalaren aurrean, ateak ixtea hobe. Jakiak gordetzeko modua erabat aldatu zuen Tupper abizena zuen kimikoak asmatutako ontziak: hermetikoki ixten ziren, barruan zegoena denbora luzeagoz kontserba zedin. Gutxi gorabehera, piratek eta zehatzago esanda Jack Sparrowk bere ontzian egiten zuen moduan. Ahaztu sagardoa eskorbutoari aurre egiteko gure itsasontziek eramaten zituzten garaia, Sparrowk tuperrak erabiltzen baititu, dena ondo gorde eta modu hermetikoenean ixteko.
Albiste izan zen Johnny Depp aktorea pasa den astean Zinemaldia zela eta. Pirataz jantzi eta Donostia Ospitalera egin zuen bisita hura, badakizue. Bere agenda estu horretan, egin beharreko guztien artean leku bat sortu eta gaixorik zeuden haurrengana joan zen. Hura poza (edo beldurra) haurrek Hollywoodeko pirata hura ikusi zutenean. Nork ez du Jack Sparrow famatua ezagutzen haurren munduan? Bada, egia esanda, oso gutxik. Hogei urte pasatxo dira lehen film arrakastatsu hura estreinatu zenetik eta Depp berriz ere Hollywoodeko tontorrera iritsi zenetik. Gerora beste sei film etorri ziren lehenengoaren ondotik baina guztiak ere 13 urtetik gorakoentzat dira gomendagarriak. Beraz, denbora tarteak kontuan hartuta, etxekoek Karibeko pirata haien zaletasuna helarazi ez badiete, ospitalean zeuden haur haiek ez zuten Johnny Depp famatua ikusi, logelara sartu zitzaien pirata bat baizik. Ezustekoa noski, haurren zaintza lanetan ari ziren helduek jaso zuten. Ez nuke Depp haurrenganako gertutasunagatik kritikatuko, ospitalean dauden haur horiek hamaika bisita barregarri edo ezusteko irribarretsuak behar eta merezi dituztelako. Bai, ordea, atzetik dakarren kanpainagatik, eta nago, horrek guztiak domino efektua egiten duela jolasteko fitxa guztiekin.
Duela zenbait urte, Deppen emaztea zenak dibortzioa eskatu zuen, besteak beste, senarrak etxean erabiltzen zuen bortxakeria fisiko zein berbalagatik. Aktoreak dena onartu zuen eta emazteak dibortzioagatik eskatzen zuen diru kopurua eman zion. Handik gutxira, ordea, emazte ohiak Deppekin bizi izandako guztia askatu zuen elkarrizketa batean eta pirata famatuak epailearen aurrera eraman zuen bere kontrako difamazioa egotzita. Epaia argitaratu zenean, Deppen alde egin zuen epaileak baina emazteari ere arrazoi eman zion. Epai anbiguoa izan zen, beraz.
Urteek aurrera egin dute, baina aurten, aktore ezagun batek Deppek eragindako ahozko tratu txarrak salatu zituen. Film baten grabazioan, antza, emakumezko aktore honi bereak eta bi esaten omen zizkion, umiliazioaren ezpata ere ederki erabilita.
Deppek bere burua zuritu beharra dauka eta egiten duen ekintzetako bat dagoen tokiko ospitaleko haurrak pirataz mozorrotuta bisitatzea da. Noski, etekina zaintzen ari direnengandik jasotzen du eta baita berarekin daramatzan prentsako kideekin ere, marketin ona erabiltzen du egindakoa zabaltzeko. Bere izen ona helduengan zabaldu nahi du eta bide batez, egindako guztia hermetikoki itxi, Tupperware batean bezala. Tuppersex, barrura.
Ezagutzen ditugu Euskal Herriko hainbat eragile marketinik gabe ospitaletara haurrei bisitan joaten direnak, inongo zalaparta mediatikorik atera gabe.
Esan dizuet etxeko zerbaiti buruz hitz egingo nuela. Tuper hermetikoan sartzen direlako egiten diren hainbat gauza gure inguruan. Ala ez?