Irati Zubia Landa.

Troiako zaldiaren harira

2024ko martxoaren 1a
05:00
Entzun

«Ez daukaguna da min ematen diguna, eta horretan labur liteke dena». Jaiki zen Anari goiz batez, idatzi zituen lerro hauek, y tan pancha. Eta ni orain ezin naiz kantu horretatik atera. Kobazuloan sartu eta ikusten ditut labar-irudiak: mendebaldea bere kulparen kontra; kontainerrak eta kontinenteak; egiak eta postegiak; euforia, kulpa eta melankolia. Eta denen gainean, Troiako zaldia. Enumerazio bat da kantua.

Lehen entzunaldian sumatu nuen ari zela guri edo gutaz. Baina ez ditzala inork lerrook serioegi hartu. Testu hau ez da garai baten kronika, ez kantuaren gaineko testu-iruzkin zorrotza. Inpresio batzuk, besterik ez. Zeren gu nor ote garen, ez dakit nik. Behin galdetu zidaten ea zer uste nuen Euskal Herriko gazteriaz, nire belaunaldiaz. Nire lehen kongresuan izan zen. Txita biluzien pare, gazteei esleitutako aulkiak betetzen nituen beste kide batzuekin batera. Galdera egin zigunari ez zitzaion gehiegi interesatuko kontatu genuena, ez baitzuen gure hitzaldiekin zerikusirik. Orduan ez nintzen gai izan erantzuteko, eta nago oraindik ere ezetz.

Diote bere gurasoak baino okerrago biziko dela dakien lehen belaunaldia garela. Akaso, horregatik ekarri zidan kantuak nostalgiaren bruma. Etorkizunean tokirik ez duzunean, handia da ezagutu ez dituzun tokietara itzultzeko tentaldia. Alabaina, nostalgiak garai hobeak egon ziren sineskeria du ezinbestean. Eta nire kide gehienek, bereziki zaintzaile izatea tokatu zaienek, ikusi dute etxeko zaharren biziak ez zirela sobera samurragoak. Haien traumak arrastaka heldu baikara gu honaino.

Gainera, nostalgia ez da orori baimendutako zerbait. Lur jota zegoen lagun batek zigarro bat eskatu zidan behin. Soilik burgesiari baimendutako melankolia performatu nahi zuen. Tarte batez norbere istripu pertsonalean gotortu. Epilogoan marraztu zituen Anarik norbere tristuran lorrintzeko osatu den egitura eta industria. Troiako zaldia-n akaso, argiago kokatzen du subjektu melankoliatsua mendebaldeko zibilizazioaren gainbeheran, egia-ostearen garaian lekututa. Norbere pribilegio apurrei eusteko eraginkorra baita egiari ezikusia egitea. Gaixotu egiten da, ordea, denbora luzez indiferentziari eusten diona.

B. Brechten poema baten hasierak zera dio: injustiziaren aurka borrokan ari direnek beren aurpegi odolduak erakusten dituztenean, erraldoia da salbu daudenen deserosotasuna. Izango du horretatik zerbait mendebaldearen kulpak, eta hori baretzeko estoldetan arrastoa uzten duten kokaina eta prozakak. B. Berardik etorkizuna poliki desegin zaigula zioen. Desegite lento horretan kultura kapitalistak behar ditu intentsitatea eta prekaritatea, neurri berean gain-estimulatuta eta leher eginda dauden pertsonak sortzeko. Euforia, kulpa eta melankolia; edo hirurak batera.

Paul Beitiari irakurri nion Anari zela «zibilizazio-krisi garai beteko klase ertainaren agoniaren poeta». Jende triste eta akitua. M. Fisherrek lotu zuen depresioa kemena kentzen dizun barne ahots batekin. Argitu zuen, ordea, ez dela izatez barne ahots bat, hainbat indar sozialen barneratutako adierazpena baizik. Tristuratik esaten dizuna gauzak ez daudela ongi, baina minaren izaera politikoa ukatu nahi dizuna. Esaten dizuna: dena duzu galtzeko, eta ezer gutxi egiteko.

Ez dut ukatuko gizarte goibela garenik. Baina ezin dut esan eraldaketarako zirrikituak agortu direnik. Brechten poema amaierak dio porrotek frogatzen duten bakarra dela gutxi direla oraindik doilorkeriaren aurka altxatu direnak. Kongresu hartan bezala nire kideen inguruan galdetuko balidate, aipatuko nuke beraiek ere badakitela hori. Anarik berak kantatu bezala, badakite ez direla Vesna Vulovic, baina tematzen dira aurrera egiten. Estropezuak ere pausoak dira finean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.