lizar begona

Tren mai_tasunak

2025eko urtarrilaren 21a
05:00
Entzun

Joan den astean zeta bat jan zuen Susana Garcia Chueca (PSE-EE) Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun sailburuak ETB1en egin zuen agerraldi batean. Donostiako Topoaren maiztasunak 15 minututik 7,5 minutura jaitsiko direla esatera atera zen, baina hizki bat ahoskatzea ahaztu zitzaion trenean egingo diren lanen harira: «Egiten ari garen obrek, mai_tasunen hobekuntza ekarriko dute» bezalako zerbait. Zeta bat erauzi zion maiztasun hitzari eta: 

Teleberrian oasi bat, apokalipsian poesia, distopian ederra. 

Aitzakia nahikoa eman zidan akastxo linguistiko horrek metroko Maitasunaz zer edo zer idazteko. 

Felipe Juaristiri irakurri nion literatura modernoa ezin dela ulertu tren eta trenbiderik gabe. «Trena zabaldu zen neurrian, zabaldu zen munduaren ikuskera klase bat, industrializazioarekin zerizan eta zerikusi zuzena zuena. Trena zibilizazioaren ikur bilakatu zen, progresuaren tresna eta aurrerapenaren jostailu». Ez dago esan beharrik ikono esplotatua izan dela literaturan eta zinean. Are, ausartuko naiz esatera garraio erromantizatuenetakoa ere badela. Eta asko pentsatu gabe molde ezberdinetako eszena zakuak datozkit burura. 

Akordatu Out of Africa-ko lehenengo eszena hartaz, iluntzeko argi laranja, soinu-banda epikoa eta treneko azkenengo bagoian Meryl Streep Kenyara bidean. Denon erretinan grabatuta geratu den irudia. Edo Eternal Sunshine of the Spotless Mind flimean Kate Winsletek bagoi berean doan Jim Carrey lotsagabeki agurtzen duenean. Maitasun istorio baten lehen enkontrua. Edo Tòlstoiren Anna Karenina-n estepa siberiarrean dabilen tren ikoniko hura. 

Tren batek epika egin dezake, baina Streepek ferrokarrilean hartzen duen presentzia kolosala fikzio edulkoratua da. Irten fikziotik. Etorri hona.

Sarri pentsatzen dut garraio publiko garaikidean sortzen den giro lodian. Nasatik metrorako saltoan gertatzen den aldarte aldaketa horretan. Ospitaleko itxarongela zurietan nola, giroa gizendu egiten da. Interesgarria egiten zait sortzen den fenomeno soziologiko konplexua, tipula geruzadun bat dirudi. 

Izan ere, egungo gizartea irudi bakar batean esplikatu beharko banu, astelehen goiz bateko metroko bagoi batean egingo nuke argazkia. Ikusi metalezko heldulekuei eutsita doazen jende serio horiek, begiradak ahalik eta gutxien gurutzatzearen lege azpian. Pantailei itsatsitako buru makurrak, elkar usaindu eta ukitzeko besteko hurbiltasunean ezin urrunago dauden gorputzak. Komunean ezer gutxi: etxea-lana duo liturgikoa baino ez. 

Entzun izan dut lehen ondoan esertzen zenarekin hitz batzuk trukatzen zirela, ohikoa omen zela eguraldiaz, leihotik ikusten zenaz edo bestelako kontu ezdeusez hau eta beste komentatzea. Ez zela estralurtarra, behintzat. Baina nago trenen tripa-barruak arras aldatu direla, nago bagoiak elkarri diogun apatiaren eta indiferentziaren eszenatoki bilakatu direla. Bizilagunari gatza eskatzeko ezintasun garaikidea bezalako zerbait, agian.  

Fantasiara bueltan, nire zinema eszena faboritoenetako bat etorri zait akordura. Hau ere fikzio, baina azukretik urrunago. Roy Andersson suediar zinemagilearen Songs from the SecondFloor (suedieraz: Sånger från andra våningen) filmeko nire eszena kuttunena tren batean gertatzen da. Pelikulan bizitza modernoaren inguruko hausnarketak egiten ditu bineta laburretan. Trenekoak Silent song du izena. Joan Youtubera, irudiak nire esplikazio testualak baino gehiago balio baitu, eta esan ez ote dizun isla egiten isiltasun arrotz horrek, errutina erdiko apatia kolektiboak, muturreko indibidualismoak, kartoizko posturek, begirada galduek, gorputz ezezagunez gainezka dagoen aire astun kargatuak, maitasun faltak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.