Garazi Kamio Anduaga.

Tradizioa

2024ko abenduaren 11
05:00
Entzun

Bai, nik ere egin nahi diot kuku txikia Durangoko Azokaren olatuaren uberari. Deitu ohitura edo deitu pelegrinazio, paratu dira logelaren edo egongelaren ertz batean pasa den egun hauetan eman diren publizitatez betetako paperezko poltsak. Batzuek liburuak edo diskoak aterako zituzten bertatik eta beste zenbaitzuentzat, etorriko da egun aproposen bat erositako hura berriz ere esku artean berreskuratzeko eta gero irakurri edo batek daki, agian apalategian zuzenean uztekoa. Aurten kale egin diot tradizioari eta ez, ez naiz Durangoko Azokan izan. FOMOari iskin egin nahi izan nion eta aizue, jokaldia ez zait gaizki atera. Izango dira beste Durango batzuk ere etorkizunean. Hala ere, ezin esan gabe utzi albisteak ikusi ditudala, bertan gertatzen ari zenari kanpoan dagoenaren argazkia atera ahal izateko. 

Durangora hurbildu ez arren, oroitu ditut egun hauetan aspaldiko Durangoko Azokak eta bereziki bat, irri txikia eragin didana, eta aldi berean nerabezaro amaierak ekartzen duen oldarraldi txiki hura ere ekarri dit gogora, jazo zitzaidana 18 urte eskasekin gertatu baitzitzaidan. 

Internet sarearen indarra ezagutzeke genuen garai hartan eta telefono mugikorrak aldean eramatea lau enpresariren kontu pijoa zen sasoian, bete-betean jo zuen Hemendik At! taldeak gurean. Irratian entzuten ziren une oro, herriko plazetan eta jai giroan… Bazter guztiak nahasi zituzten, gaur egungo ikuspegitik begiratuta, euskarak beste musika mota bat konkistatu baitzuen. Baina bazen musika hari boikota egiten zionik ere, tartean nerabe ustez oldartu hau. Nola entzun zitekeen euskaraz gerora Eurodance izena jarri zitzaion Valentziako bakailao hura? Zapaburu bat ere ikaratuko ez zukeen olatua sortzen nuen nire ustezko oldarraldi kultural harekin. 

Guztioi ere pasatu zaizkigu urteak eta hara, azaldu da gure garuna ate joka beste oroitzapen bat askatzen: etorri da Gabonen aurreko oroitzapena eta kris-kras ireki da krisketa. EITBren maratoiak Hemendik At! taldearen Eskutitza kanta erabiltzen du bere kanpainarako ernamuin modura. Eta nola aldatu diren garaiak, konpai! Orain kanta idatzi eta sortu zutenen ahotsen falta sumatzen dut eta nahiago nuke Iruñeko gazte haiek berriz ikusi oraintsu famatu direnen ahotik entzutea baino. Noski, ez naiz kanpainaren diseinatzailea eta ikusten zein entzuten dudanarekin konformatuko naiz. Hori bai, esan beharra daukat bihotzean zimikoa egin didala kanta berriz entzun ahal izateak: nire ni nerabeari errukizko irribarrea eskaini diot, ikasteko horrenbeste zuen hark ikuspuntua zuzendu duelako. Egia esatera, nire ikasleekin batera ere dantzatu dut kanta eta baita bihotzaren formak sortu ere. Kontatu diet boikota egin nahi izan niola kantari eta nazka niola ere esaten nuela garai batean. Barre egiten dute, ulergaitza baitzaie musika estiloak eta hizkuntzak ezin uztartzeko egiten nuen ariketa hura. 

Neronek hautatzen nuen tradiziozko musika zer zen, esate baterako: Su ta Gar. Heavya euskaraz bai, Eurodancea ez. Donald Trumpen adinako taldekatze eta aukeraketak egiten genituen, hizkuntza salbatzera gindoazelakoan. Gaur egun grazia egiten digute Suno izeneko Adimen Artifizialeko programak egiten dituen euskarazko kantuek, eta berdin du zein estilotakoak diren. 

Idazten ari nintzela, konturatu naiz gaur garai hartan bezalatsu jantzi dudala arropa euriari ere neroni oldartu natzaion. Tradiziozko arropa, beharbada, urte hauetan guztietan aldaketa askorik izan ez dutenak. Baina gauza bat aitortuko dizuet: ez dut Hemendik At! entzuten baina ez dakit nola, auskalo zergatik, euren abestiak buruz dakizkit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.