Duela zenbait urte aukera izan ninan unibertsitateko master batean eskolak emateko: Ahozkotasun ereduak aro multimedian. Modulua gainditzeko, ikasleek Torrente pelikularen elkarrizketa labur bat itzuli behar zitenan, besteak beste. Zenbat gozatu nuen itzulpen proposamenekin! Filma ikusi badun, akordatuko haiz Torrente agenteak eta Rafi laguntzaileak, autoan goardian daudela, izandako elkarrizketa honekin: «Esto es de lo peor de ser policía, hasta que pasa algo es un coñazo… ¿Nos hacemos unas pajillas?», «¿Cómo??», «Unas pajas, digo...» «¿Usté y yo?», «Claro, hombre...», «¿Ahora?», «Mira, si es pa darnos el gustillo. Tu me la meneas a mí, yo te la meneo a ti... es pa aliviar tensiones. Sin mariconadas ¿eh? ¡Nada de mariconadas!». Barka biezadate gaztelania aise ulertzen ez duten irakurleek, baina testua garatzeko, beharrezkoa dinat erdal jatorrizkoa. Zelan itzultzen zuten ikasleek pasarte hori?
Zumaiako, demagun, Ane zuzentasunaren jarratzaile fanatikoa zunan, eta uste zinan film bateko hitz guztiak Euskaltzaindiaren zerrendaren batetik atera behar dutela. Memoriak are muturrerago eramango zinan oroitzen dudan lagina: «Hauxe duk polizia izatearen alde okerrenetarikoa, zerbait gertatu arte aspergarria duk... Idiarena joko diagu?», «Zer?», «Idiarena joko dugun», «Zuk eta nik?», «Bai, noski...», «Orain?», «Begira, elkarri atsegin pixka bat emateko duk. Hik niri astintzen didak, nik hiri astintzen diat... tentsioak baretzeko duk. Maritxukeriarik gabe, bai? Maritxukeriarik ez!».
Añorgako Ekainek, zuzentasuna gurtuagatik, ez zinan hitanoa jaso etxean, eta gainera zerbaitek krak egiten zionan Torrenteren eszena horretan idiak sartzean. Beraz, bertsio urbanoxeagoa atera zitzaionan: «Hau da polizia izatearen alde txarrenetarikoa, zerbait gertatu arte itxaron beharra aspergarria da... Maluta batzuk egingo ditugu?», «Zer?», «Maluta batzuk egingo ditugun», «Zuk eta nik?», «Bai, noski...», «Orain?», «Begira, elkarri atsegin pixka bat emateko baino ez da. Zuk niri astintzen didazu eta nik zuri... tentsioak baretzeko baino ez. Marikoikeriarik gabe, bai? Marikoikeriarik ez!».
Aurreko bi kasuetan, ikusleari egoera soziolinguistikoa sinesteko eskatu beharra zegonan ezinbestean: «Ikusle maitea, egoera horiek ez dira euskaraz existitzen; mesedez, ikusi filma egiazkoak balira bezala». Halakorik egin nahi ez zuten ikasleek, Oarsoaldeko Jone bezalako sinesgarritasunaren defendatzaile sutsuek hain zuzen, elkarrizketa tokikotu egiten zitenan: «Hau dek poliya izatian gauzaik txarrena…zeoze pasau arte, koñazuaek. Ingo al dizkiyau paja batzuk?», «Nola?», «Paja batzuk, motel!», «Zuk eta nik?», «Klaro ba!», «Orain?», «Bai, ba! Si pixkatian goxatzekoek! Nik hiri ingoyat, geo hik nei... Tentsiyua kentzekoek! Marikoikeriyikpe, e! Marikoikeriyik pe!». Nahiko kanon bihurtuta zagon gipuzkera, baina tokikotzearen estrategia bera erabili zinan Bermeoko Unaik: «Hau da txarrena, polizixe ezatiena. Zeuzer pasa arte, mokuek ataten berton. Einguz pajatxu batzuk?», «Zelan?», «Diñot ba, paja batzuk...», «Zu ta ni?», «Ba klaro!», «Auntxek?», «Beitu, gustotxue emotiarren da: zuk jalgi neuri, nik zeuri... Tentsiñue kentzieko baino ezta! Marikonada barik gero! Marikonadarik bapez!».
Azkenik, erdalguneetan euskaldundutako Bilboko Miren bezalako ikasle finek, errealitatearen babesle sutsuek, mailegu ugariko laginak aurkezten zizkitenan: «Hauxe da polizia izateak duen gauza txarrenetarikoa... Zeozer pasa arte, kriston koñazoa da.», «Paja batzuk egingo ditugu?», «Zer?», «Paja batzuk egingo ditugun», «Zuk eta nik?», «Bai, noski.», «Orain?», «Begira, erlajatzeko baino ez da izango. Zuk ni eta nik zu! Marikonada barik, e? Marikonadarik ez!».
Zein da onena? Guztiak ditun onak, guztiak euskaldun batek bere hiztun komunitatearen proiekzio errealetik sortuak. Zein da errealena? Dudarik gabe, azkena: Torrenterik existitzen bada euskal iruditerian, dudarik gabe kapitalekoa izango da... baina bostetatik zein entzungo genuke gure kate ofizialenean? Ziurrenik, azkena azken.
ARKUPEAN
Torrente euskaraz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu