Irati Zubia Landa.

Tope Ernaux II: harria eta labana

2024ko azaroaren 22a
05:00
Entzun

Annie Ernaux egunkari honetara ekarri eta urtebetera heldu zait Idazketa labana bat da eskuetara. Udazken atari batez izan da. Ernauxekin, niretzat behintzat, ezin zen bestela izan. 2001 eta 2002 bitartean F. Y. Jeannetekin e-posta bidezko elkarrizketa baten emaitza da liburua, Ernauxek hamar urte geroago idatzitako testu batek borobilduta.

Liburuak balio du Ernauxen kontzientzia literarioa ezagutzeko eta obran sakontzeko. Baita estetikaren eta politikaren arteko auziari hainbat buelta emateko ere. Niri, pertsonalki, balio izan dit pentsatzeko zergatik liluratu nauten idazkera jakin baten orbitan ditudan artistek. Deskubritzeko zirrara pizteko sakatu dituzten tekletako batzuk.

Harria eta labana ditu lanabes Ernauxek. Batetik, hizkera soila du, eskolan erakutsi ziguten lumaren oso bestelakoa. «Idazketa prekarioa» deitu dio Eider Rodriguezek. F. Y. Jeanneten arabera, esaldiak «sílex zorrotza dira»: ez dute gezurrik esaten. Flaubertek zioen idazteke dagoen obra orok bilatu behar duela bere poetika propioa. Ernauxen kasuan, kalkulatutako zentzu bat du hitzak: errealitatea ahalik eta gutxien desitxuratzea.

Hitz gordinak aproposak dira esanahien pisuaz gain eszena baten kolore eta biolentzia soziala biltzeko. Nola idatzi, bestela, aita ama akabatzen saiatu zen igandeaz? Abortu klandestino baten neke, erru eta estigma biltzen duten fluido eta gorpuzkiez? Gizon batekiko obsesio gaixoa muturrera eramanda soilik atzeman daitezke pasio erromantikoaren gaitzak. Ezin zuen bere jatorrizko klaseaz idatzi, ez bazen gurasoekin solastatzen zen hizkeran. Zeren miseriaz idazten baduzu, baina lokatzera gerturatu gabe, arrisku handia duzu gehiegi aldendu eta menderatzailearen talaiatik egiteko. Hor bihurtuko zaizu literatura panfleto, edo eztituko duzu bestearen mina.

Errealitatearekiko gertutasun hori ere aurpegiratu diote. Kaxkarintzat jo dute, «Nous deux aldizkarian agertzeko moduko bihotzeko prentsatzat». Oro har, intimitatea kontatzea deus ez kontatzea dela leporatu ohi zaie pertsonaletik idatzi dutenei: tipa bat bere bizitza kontatzen.Gertatzen da literaturan, gertatu zait bizitzan. Hala, gizonekin izandako harremanek erotu zaituztela kontatu eta esango dizute hori kotileoa besterik ez dela. Edo klase lotsa barrutik eramatera kondenatuko zaituzte familiaz gaizki esaka aritzea trapu zikinak aireratzea dela diotenek.

Ernauxek, kontrara, berea autosoziobiografia dela dio. Pertsonala den zerbait —bizipen bat, sentsazio bat, min bat— hartu eta soziala den horretan murgiltzen du. Hor sartzen da labana jokoan. Esploratzeko zein egituratan konfiguratzen den norberarena dirudien hori. Eta labana ongi zorrozten denean, ariketarekin asmatzen denean, norberarena zena besteena bihurtzen da. Hor dator irakurlearen emozioa. Emozio bortitza, «ia beldurgarria», dio Eider Rodriguezek.

Emozioaz ari naizenean, ez naiz ari testuan norbere errepresentazioa ikusi eta «literal, ni naiz» horrek dakarren pozaz soilik. Lotsa, errua eta nazka ere emozioak dira. Batzuetan, horixe da sentitzen duzuna zeure burua istorio batean ikusten duzunean. Baina ni-tik gu-ra jotzeko aukera ematen duen testua, beti izango dut testu hunkigarritzat. Ez da estetikaren eta politikaren arteko bidegurutze bakarra, inondik inora, baina bada baloratzen dudan zerbait.

Idazketa labana bat da udazkenez heldu da nigana. Juana Dolores Euskal Herrira etortzekoa denean, gure lagunartean estetikaren eta politikaren arteko eztabaida bolo-bolo dabilenean. Alana Portero konpultsiboki elkarri gomendatu eta Camila Sosarekin hunkituta eta minduta ibili garenean. Ulertu ezinik nola sortu daitekeen zerbait ederra, estetikoa, bortizkeriatik. Nola egin hori klasea traizionatu gabe. Aitortu behar dut: pertsona inpresionablea naiz, erraz txunditzen diren horietakoa. Brillantina apur batekin jarriko zaizkit izar forman begiak. Horrek eraman nau, noiz edo noiz, gehiegizko gorazarreak egitera eta jende okerraz maitemintzera. Ez da nire asmoa hemen izen handiak laudatzea, ezta Ernauxena ere. Izatekotan, idazkera bati jarriko nizkioke loreak, eta ureztatu. Liburuek ez dute mundua aldatuko; jende antolatuak egingo du hori. Eta hala ere, idatzi eta irakurri nahi dugulako geuretik mundua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.