Irati Zubia Landa.

Tik-tak

2025eko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Igandeak gurasoen etxean bizi dira, nire kasuan behintzat. Han izan naiz egunotan estipulatutako afarietan. Zuritu ditugu plantxan eginiko ganbak —egosiak baino merkeagoak izanagatik, konparaziorik ez dutelako— eta garbitu dugu musua paperezko zapiaz, telazko eskuoihalak sobera ez zikintzeko. Igandea bailitzan, sofan eseri gara. Baina, oraingo honetan, elkarri urte berria opa eta kantu zaharren karrusela kontenplatzeko. Telebista ertzean ikusi dut VH zahar bat eta haren karatulan neskatxa baten bi begi handi. Momo da, niri begira. Sumatzen dut epaitzen nauela begi-zeharka mobileko orduari erreparatzen diodanean. Kanpaikadek baino modu zorrotzagoan gogorarazi dit eskuetatik irristatu zaidan tik-taka.

Eskolan ikusiko genuen Momo pelikula, «bideo-gela» zeritzon horretan, apatx jesarrita. Anfiteatro zaharrean bizi da Momo, lasai-lasai. Siesta egiten du jaka koadroduna soinean. Bitartean, gizon grisen keak hartu du herria. Haiekin ikasi genuen denborarekin ere espekulatzen dela. Gizon grisek herritarrak konbentzitzen dituzte beren denbora Denboraren Bankuan sartu eta, hala, etorkizunean, interesak batuta, denbora gehiago izateko. Inbertitutako denbora, ordea, gizon grisen zigarroetan kontsumitu eta ez da sekula bueltatzen. Hala, herritarrak gero eta pobretuago, gero eta agobiatuago bizi dira, presaren preso. Momo, hain zuzen ere de chill eta patxada ederrean bizi delako, mehatxu ikaragarria da gizon grisentzat.

Guk Momo izan nahi genuen: siesta egin eta Kasiopea dortokarekin izarretara joan. Saiatu gara, baina ez digu astirik eman. Eskolako txirrinak eman zigun lehen abisua. Pelikula amaitu gabe utzi eta ikasgelara itzuli ginen ilaran, erlojuaren orratzak, hilabeteen izenak eta diktaketak nola egin ikastera. 25 zenbakia ikasi genuen jolastokirako genituen minutuak kronometratzeko. Errotuladore arrosa batez marraztu nuen eskumuturrean nire lehen erlojua.

Egunean zortzi orduz aspertzen trebatu ginen, hainbat urtez, eta lanaldi batek gehiago iraun ohi duela ikusi gero. Denborak bere joana egin ahala konplejizatu dira gure eskumuturretako erlojuak. Orain zortzi orduko loa eta gutxienez 10.000 pauso egiteko ere agintzen digute. Bereziki tipei, kontabilizatu gabeko lanordu gehiago batu zaizkigu. Hasi ginen pupitrea konpartitzen matraka ematen zuen mutiko mukizuaren kargu hartzeko. Segitu genuen gero nobio, senide eta unean unekoak zaintzen, eta zaintzen, eta zaintzen.

Ikasi dugu heteroarauak baduela dimentsio tenporalik. Alegia, ezkondu, erosi etxea eta izan umeak mandatuak balio duela, baldin eta hori dena garaiz egiten baduzu. Ez du balio etxebizitza 50 urterekin erostearenak, ezta familian 40 urteak pasatuta pentsatzen hasteak. Mandatuarekin konplitzeko baldintza materialik ez, eta berandu gabiltza ia denok. Ez dugu siestarik egiten eta ilunabarretara ere berandu heltzen gara. Ez gaude trankil. Egunari orduak lapurtzen dizkionak insomnioa du eta erlojuak bronka botatzen dio goizetan.

Guk Momo izan nahi genuen eta alboan ditugu Peter Panak. Bai, ikasi genuen alboko gizon batzuek badutela beti gazte lizentziarik. MP3an genuen El Canto del Locoren Peter Pan premonizio bat izan zen eta, 17 urte beranduago, Dani Martinek Ester Expositori kantu nazkagarri hori egin dio. Hau beste zutabe baterako gai bat da, baina, irakurle, ez jaitsi begirada. Zuk ere badituzu inguruan 10, 11 edo 15 urte gazteago diren neskekin dabiltzan treintañeroak. Haiek ere burusoilduko dira, aterako zaizkie zimurrak; baina bixera jantzita performatuko dute gaztetasuna.

Igandeak gurasoen etxean bizi dira eta hemen etortzen zait niri nostalgia: ihes egindako uneen ziztada zorrotzena. Ohartzerako, jo dute hamabiek. Egin dugu topa eta isuri da nostalgia tanta bat mantelera. Uff, nola pasatu den denbora. «Nola hazi zaren», dio amak. Ez naiz ausartu bueltan «nola zahartu zaren» esatera. Maite dudala esan diot. Lagunengana joango naiz gero, eta haiei ere maite ditudala esango diet. Nekatuta topatuko ditut, ama bezala. Ez dugu Momorekin konplitu, neskak. Baina 2025 honetan gordeko dugu tarte bat antolatzen segitu eta erlojuren bati tiro egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.