lizar begona

Tigrea etxean da

2025eko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Aldartea hozten dit belar artifizialak, gomazko kaktus batek, lurraren kautxuzko imitazioak. Arrotza zait kale itsu baten muturreko banku hutsa, umerik sekula igo ez den kolunpio gorriz pintatua. Tristura sortzen didate aldirietako pabiloi kale luzeek, habitatu gabeko plaza berri-berriek, udatiarrentzat eraikitako kostalde oso batek neguan. Pena bola bat sentitzen dut ederregi eta sofistikatuegi baina bakarti luzitzen duten herri guztietan, frankiziaz betetako auzo hiperargiztatu nagusietan. Negargura antzeko zerbait ematen dit etsai arkitektura deritzonak; banakako eserleku publikoek, hormigoizko bolek, pintxoek eskaparateetako lurrean, barroteek. 

Pena nirea da, baina hirigintzak sor ditzakeen inpresioen atzean hezurdura kolektibo bat dago. Are, utzidazue morbosoago esplikatzen: metalezko banku batek sor dezakeen tristura-sentsazioa politikoa da. Hori erakutsi zidan Arte Ederretako irakasle estimatu batek, nik oraindik hirigintzaren eta jendartearen arteko loturaz apenas susmorik ez nuenean. 

Animal público izenekoliburu bat jarri zigun mahai gainean. Zeinetan urbanizazio garaikidearen eta horrek bizitza sozialean, identitate indibidual eta kolektiboan duen eragina ikertzen zuen. Pertsonek espazio publikoarekin duten harremana aletzen zen liburuan, eta bi kontzeptu boxeo-ringean kokatzen zituen: urbs eta civitas.

Oro har, urbs-ak hiritzat hartzen dugun alderdi fisiko, arkitektoniko eta geografikoari egiten dio erreferentzia. Hiri-ingurunea osatzen duten eraikinek, kaleek, plazek, parkeek eta gainerako elementuek osatzen duten egitura materiala eta espazio fisikoa da. Bestalde, civitas-a, idazlearen hitzetan, urbs fisikotik harago doa. Izan ere, civitas-ak espazio horren barruan sortzen diren giza-harremanei eta egitura sozialari egiten die erreferentzia. 

Erakartzen nauen neurri berean beldurtzen nau arkitekturaren eta gizartearen arteko lotura horrek. Onerako denean, herri batek etxe sentsazioa eman lezake. Txarrerako denean, aldiz, ezleku zapaltzaile izan liteke norbere herria. Izan ere, ez da gauza bera hirigintza gizartearen beharretara moldatzea, edo gizartea hirigintzaren beharretara bortxatzea. Eta zer esan, diru egarria dagoenean tarteko. Esaterako, 228 txalet, lau izarreko Hilton hotel bat eta golf zelai bat 341 biztanleko herri batean eraikitzea, etxe txiki batean tigre gosetu bat sartzea bezala da. 

Piztia, kasu honetan, Palacio de Aroztegia SL konpainia pribatuak sartu nahi du Lekarozen. 2009an eta 2016an egin ziren bi erreferendum publikoren gainetik eman zion UPNk argi berdea enpresaren proiektuari. 

Urbanismo neurrigabeak, fauna eta floran izango duen inpaktu bortitzaz gain, geruza sozialean izango duen eragina ere latza izango da. Hizkuntzaren galera eta kohesio soziala ahultzea izango dira, besteak beste, proiektuaren ondorio zuzenetako batzuk. Euskararen arnasgune da Baztan, euskaldunak dira lautik hiru. Belardiak eta loreak porlanaren azpian zimelduko diren lez, maskaldu litezke herritarren hizkuntza ohiturak. Errekatxindorrek zuhaitzetatik ihes egingo duten lez, ekar lezake turismoak arroztasuna eta deskulturizazioa. Eta ezagun zaizkigun herri askoren antzera, erakusleiho bihur liteke Nafarroa Garaiko harana.

Pena. Tigrea etxean da: kautxuzko imitazioak, kale ederregi hutsak, gomazko landareak, banku bakarti berri-berriak, jendarte disoziatua, habitatu gabeko plaza erraldoiak, zementu usaina. 

«Yo pregunto a los presentes /
si no se han puesto a pensar /
que esta tierra es de nosotros /
Y no del que tenga más»
(Bertaratutakoei galdetzen diet/
ez al duten pentsatu/ lurra gurea dela/
eta ez gehien duenarena).

A desalambrar. Victor Jara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.