Karlos Aizpurua Etxarte.
ARKUPEAN

Suak

2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Baina gaur ez da giro, gauari kea dario». Ez da Izaroren astelehenik gaur eta ez nago Pedrogão Granden, Portugalen; baina San Joan eguna da egun. Eta gauari kea bazerion, sua bazen seinale. Bart arratsean erre ditugu maitasun ezak eta plazer errazak; sugeak eta aizkorak; izan ginenaren zati bat eta izango ez garenaren beste bat. Kiskalitako hondarren artean geratu da ordea sugarrek guztiz suntsitu gabeko gairik. Hortxe daude, errealitateak noiz erreko zain, kasete zaharretako hainbat kanta zahar: Etxerat, Bahía de Pasaia, 564...

Suarekin ez omen ginen aritu behar olgetan. Ez genien kasurik egin horretan. Eta zoriontsuagoak gara. «Hura asmakizuna homo habilisena/ bazun intentzioa bazuen sena/ bi harrik elkar jota txispa bat aurrena/ asmakizun haundina mendetan barrena/ sua da problema zenbait basorena/ edo jaki dena/ berotzen duena/ eta bi begiradek sortzen dutena!». Jostailu antologiko hori inprobisatu zuen Maialen Lujanbiok Sua zuela gaitzat, 2009ko bertsolari txapelketan. Xenpelarrek esango lukeen moduan, aurten da «eltzia nolakua den probatutzeko surtan jartzeko» tenorea. Irailetik goiti berrogeita hiru bertsolari ariko dira txapelketaren suaren gainean dantzan, beraien burua erretzen besteoi argi egiteko asmoz, Axularren kriseiluak nola. Maite ditugu maite su artifizialak, pin! pan! pun! eztanda koloretsu eta erritmo aldaketak BECeko zeru sapaian. Baina batez ere amaren sua harrotzeko eta errotzeko balio dutela dakigulako ditugu maite artifizioak.

El libro de los abrazos liburuan kontatzen du Galeanok nola Neguáko gizon bat zeruan barrena ibili zen, lurreko gizakion barrandan. Zerutik jaitsitakoan esan omen zuen mundua jende meta bat dela, su txikien itsaso bat. Pertsona bakoitzak duela berezko argia, ez direla bi su berdin. Sutzarrak eta su apalak daudela, eta kolore guztietakoak. Badela su bareko jendea, eta badela su bizikoa, airea txinpartez bete ohi duena. Su batzuek, txepelak direnek, ez dutela argirik ematen, ez erretzen; baina bestetzuek bizitza hainbesteko pasioz erretzen dute ezen ezin baitira behatu begiak kliskatu gabe, eta hurbiltzen zaien oro pizten dute omen. Azken horietakoa begitandu zitzaidan Izaro kantaria. Zelako sua piztu zuen Ondarroako Portuko ranpin ginenon baitan! Su-hiltzaileak deitu behar izan genituen.

Odolak su gabe diraki. Zuberoako euskaldunen erreak aztertu ditu Xantiana Etxebestek; Zuberoan anitz dira omen erreak. Zuberoan ez ezik, manexon artean ere bagara dardarkari bigun eta gogorrez haragoko erreak. Esate baterako, erre zaitezke Senpereko Banque Populaire-ko langile gazteak beltzuri eginez jakinarazten dizunean, frantsesez mintzatu ezean ez zaituela artatuko. Erre zaitezke Donibane Garaziko farmazia batean euskaraz enegarrenez eskatu eta enegarrenez gaztelaniaz erantzuten dizutenean. Erre zaitezke Sarako Idazleen Biltzarrak bidalitako txio frantses elebakar batekin topo egiten duzunean. Erre zaitezke hamabi urtetan gaindi Ipar Euskal Herriko eguneroko bizitzan hizkuntza politikaren eraginik ez duzula nabaritu ohartzen zarenean. Erre zaitezke zure herriko mediku euskaltzaleak ordezko mediku euskaldunik ez denez, halakorik azaldu artean erretreta eskubideari uko egin eta lanean segitu behar duela kontatzen dizunean. Erre arren, Bidasoan honaindi su eta gar segitu beharko dugu, edo errekerre, ajeak ajatutako euskaltzainen batek esango lukeen manera axolagabean esateko.

Azken pindarrak dira hauek; badator Bertsolari Txapelketa Nagusia eta banoa hemendik; artetan, eta arteetan, su handiak hauspotzekotan su txikiak itzali behar baitira, Arkupean talaiako nimiño hau, konparazione.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.