Jone Amonarriz

Stockean geratzen dena

2024ko azaroaren 7a
05:00
Entzun

Liburu-dendara sartu naiz haurrentzako bi liburu erosteko asmotan: Ttarttalok euskaratu berri dituen Alua du izena eta Zakila du izena. Sexu heziketan aditua den Anna Salvia psikologoaren eta Cristina Torron ilustratzailearen bilduma batekoak. Bada, nire harridurarako, lehena amaituta dagoela esan dit dendariak. Alegia, aluarenak laster iritsiko direla gehiago, baina zakilarenak bakarrik geratzen zaizkiola. Eta ez dakit nire pertsona edo barneko pertsonaiaren bat izan den, baina hasperen-barre txiki batek ihes egin dit ahots gora eta esan diot itzuliko naizela beste batean, bi liburuak batera bildu nahi ditudalako opari paperean.

Gertatutakoa ez litzateke adierazgarria liburu baten ordez bestea falta izan balitz. Ezin da alderatu, baina, fruta dendan errezil-sagarren eta Granny Smith-en salmentan dagoen desberdintasunarekin. Honetan kasualitaterik ez da. Kausalitateak, hamaika: sexu heziketaren falta, genero rol eta estereotipoak, boterea...

Iñigo Errejonenarekin batera beste hainbat kasu azaleratu dira berriki Euskal Herrian ere. Berrienetik hasita, Lendakaris Muertoseko gitarrista taldetik kanporatu dute indarkeria matxistarekin loturiko prozesu judizial batean sartua dagoelako, Apotheke musika taldeak aitortu du eraso matxista bat egiteagatik utzi zuela taldea abeslariak, Iruñean kiromasajista bat espetxeratu dute sexu erasoak egitea egotzita, Tolosan kirol talde batek entrenatzaile bat baztertu du jazarpen kasu batekin baino gehiagorekin lotura duelakoan, zazpi urteko neskato bat bortxatzeagatik gizon bat atxilotu dute Bokalen, Angelun beste bat 75 urteko emakume bati sexu erasoak egiteagatik, EHUk kaleratu egin du mezu arrazista eta matxistengatik salatu zuten irakaslea... Jarraituz gero, artikulu osoa bete ahalko genuke. Salaketei eskerrak, icebergaren punta gero eta puska handiagoa da. 

Beren izen-abizenak atera daitezkeela-eta, zenbat gizon egon ote dira kakari ezin eutsita Danaren sarraskiaren bezperetan? Lo egin ezinik irudikatu nahi ditut, izerdi hotzarekin, apetiturik gabe, zakila uzkurtuta eta burua eztanda egitear. Hauskor eta txiki. Ahul eta babesgabe. Bakarrik. Horretan pentsatzea ariketa psikologiko lagungarria izan arren, inuzenteenak ere badaki kasu horien oihartzuna amaitu(ko) dela, eta entzungo direla beste batzuk, eta bitartean, indarkeria erabiltzen duten gizonek jarraituko dutela emakumeei erasotzen, haiek bortxatzen, zapaltzen, mehatxatzen, isiltzen. Hiltzen.

Errejonen sexu abusuen auziaren inguruan, Zuriñe Rodriguez kazetari eta ikertzaileak baldintzak sortzearen garrantzian jarri du azpimarra; baldintzak, neskek eta emakumeek modu seguru batean salatu ahal izan ditzaten erasoak. Mugimendu feministari eskerrak ari dira bide horiek posible egiten, eta espazio seguruak eta konfiantzazkoak eratzen, bidelagun izatetik bizitzak salbatzeraino. Isilpeko lana eginez, isiltasuna apurtzeko.

Honi lotuta, ordea, bada joera bat, antzerakoa dirudien arren erabat antagonikoa dena, arriskutsua eta kezkagarria, prebentzioaren fokua emakumeengan eta, nabarmenago, neska gazteengan jartzekoa. Kontuz ibili. Lagunduko dizut. Adi egon. Eta uste dut hobe genukeela inertzia horiek ordezkatuko bagenitu gizonezkoei eta mutikoei balio eta printzipio feministen inguruko diskurtsoak helaraztearekin. Lanketa horretan, gainera, Mikel Urdangarin Irastorzak Gaur8-n adierazi duen moduan, «erronka ez da soilik ez egitea eta norbere jarrerak deseraikitzea, baizik eta egiteko aukera sozialak desegitea».

Ikuspegi (auto)kritiko bat landu, maskulinitateak kuestionatu eta kolektiboan positiboki eragiteko gai izan daitezen, transmisio horrek haurrak jaiotzen diren unetik hasi behar du. Gerora desikasi behar izan ez dezaten. Baina oraindik ere beldur handiagoa sentitzen du inork inoiz eraso egin diezaiokeenaren gurasoak, erasotzailea izan daitekeenarenak baino. Hutsune hori da liburu-dendako apalategian (ere) topatu dudana. Edo, hobeto esanda, stockean geratzen denak bistaratu duena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.