Iritsi berri zaigu Arteka aldizkariaren 57. zenbakia. Ireki orduko irakurtzen dugun lehen hitza: sozialdemokrazia. Editorialean azpimarratzen duten ideia nagusietako bat ere sozialdemokrazia; zehazki, sozialdemokraziaren eta komunismoaren arteko diferentzia azpimarratzea. Ez da hau nobedadea. Adibide bakar bat jartzearren, iazko azaroko alea Mito Eskandinaviarra gisa bataiatu zuten eredu sozialdemokratari egurra emateko paratu zuten. Ale interesgarria, portzierto. Mugimendu Sozialista sortu zenetik etengabea izaten ari da sozialdemokraziaren kontrako kritika zorrotza, azken finean hori izan baitzen, gure uste apalean, mugimendua sortu izanaren arrazoi nagusietako bat.
Ezker Abertzalearen azken urteetako bilakaera ere deriba sozialdemokratatzat definitzen dute behin eta berriz aipatu mugimenduko kideek, sare sozialetako eztenkadetan nahiz testu landuagoetan. Urrutira joan gabe, bihar zortzi idatzi zuen egunkari honetan Manex Gurrutxagak EH Bilduren kongresuaren inguruko artikulua, eta programa sozialdemokrata oinarri duen alderdi klasiko batean egituratu dela azpimarratu zuen bertan.
Ezker Abertzalea eta sozialdemokrazia. Txillardegi izango zen, seguru asko, ideia horren itzulinguruan gehien ibili zena. Stricto sensu sozialdemokrata izan gabe, garai batean ez zion muzinik egin ideologia horretako jendearekin egitasmo politikoak irudikatu eta abian jartzeari. Horregatik, adibidez, bukatu zuten Eusko Alkartasunan aurretik Txillardegirekin ESB alderdian egonak ziren hainbat kidek, Gurutz Ansola eta Jesus Larrañaga kasu. Badaki zerbait donostiarrari buruz Pako Sudupek eta ezkerreko sozialdemokraziaren aldarrikatzaile gisa ere deskribatu izan du bere liburu, artikulu zein elkarrizketetan.
Baiki, Eusko Alkartasuna izan da hamarkada luzez gurean sozialdemokrata etiketa ozenkien haizeratu duen alderdi abertzalea, agian bakarra. Are gehiago, garai batean hauteskunde kanpainetako leloa eta alderdiari jarritako abizena hau izan zen: euskal sozialdemokrazia. Azken urteetan, ordea, bada aldaketarik. Bere azkeneko Biltzar Nazionalean, 2022ko azaroan, sozialdemokratatzat hartu zuen oraindik bere burua, hor kokatzen ditu bere oinarri ideologikoak, baina aldi berean azpimarratzen du sozialdemokrazia hitzak garai batean lortu zuen zilegitasuna galdua duela bilakaera neoliberalaren erruz. Horregatik ideologiari abizenak jarri eta ezkerreko sozialdemokrazia eraldatzailea proposatzen du, sistema ekonomikoa aldatu bidean. Ez dugu alderdiko buruzagien ahotan hitz hori aspaldian entzun.
Izan du —badu— EAJk ere sozialdemokraziarekin harremanik. Mutikotan politikarekiko grina sartu zitzaigunean jakin genuen bazegoela sozialdemokratarik jelkideen artean. Are gehiago, 1977ko Batzar Nagusi historikoan txosten sozioekonomikoaren egilea Kepa Sodupe izan zen eta alderdi barruko sektore kontserbadoreek ez zuten begi onez hura ikusi, hain zuzen sozialdemokrata zelako euren ustez proposamena. Orduan ere hitza irain bihurtua, baina ez komunisten ahotik. Gaur egun ere bada EAJren jarduera sozialdemokrazian kokatzen duen aditurik, edo gutxienez sozialdemokraziatik gertuago beste edozein etiketatik baino, demagun liberalismoa edo demokrazia kristaua. Arlo akademikoan murgilduak dauden adituak dira, politikaren eguneroko xextretatik urruti bizi direnak eta, ondorioz, akusazio potolo eta etiketa mingarrien dinamikak kutsatu gabe. Alderdien jarduerak aztertzen dituzte eta ondorioak atera.
Bitxia da, arrazoiarekin edo arrazoirik gabe, fede onarekin edo maltzurkeria puntu batekin, sozialdemokraziaren jira-bueltan kokatzen ditu kanpotik jende askok gure alderdi abertzale nagusiak. Kontua da, hemen eta orain, sozialdemokraziak badaukala nork eraso, nork kritikatu, baina ez duela nork defendatu. Ez dakigu lotsa den, kamusada den, nagikeria den edota taktika hutsa den. Nolanahi ere, iturri horretatik edan duen jende asko umezurtz samar sentitzen da, ez du sozialdemokraziaren aldarrikapenik inon ikusten. Bistan da ez dela lan erraza.