Aspaldiko pasadizo bat etorri zait gogora. Norbaitek nire kontaktua eman ziola-eta, nigana jo zuen emakume bulgariar batek. Deitu diezaiogun Sofia. Urteak ziren jaioterritik atera zirela senarra eta biak, etorkizun hobe baten bila. Madril aldean eman zuten bolada bat, baina azken urteak Euskal Herriko herri txiki batean pasatu zituzten. Momentu hartan, ordea, Bulgariara itzultzeko garaia heldu zela sentitzen zuen Sofiak, eta bazuen gainera proiektu bat hara iristen zenerako, argitaletxe bat sortu nahi baitzuen sorterrian; hain zuzen ere, horrexegatik bidali zuten nigana, bere zalantzentzako argibideak eskainiko nizkiolakoan.
Oso zabal eta orokorrak izan ziren edizioari buruz Sofiari eman nizkion aholkuak; ezinbestean esango nuke, nik ez bainekien deus ere hango industriaz, kulturaz, ohiturez. Edonola ere, gogoan daukat solasaldiaren une batean familiaz hitz egiten hasi ginela, bere seme-alabez zehatzago esanda. Bi zituen: zaharrena hainbat lekutan bizi izandakoa zen, ez zuen erro sakonik inon, eta naturaltzat hartzen zuen Bulgariara itzultzea; txikiena, berriz, Euskal Herriko herri koxkor hartan hazitakoa zen, bertako kultura, izaera eta hizkuntza guztiz bereak zituen, eta ez zuen inola ere gurasoen aberrira joan nahi. «Es que mi hijo es muy vasco» (Nire semea oso euskalduna da) esan zidan, sentimendu handiz, «muy» hitz horretan indarra jarriz, sentipenaren sakona nabarmentzeko.
Ez naiz oroitzen zer erantzun nion Sofiari, baina imajinatzen dut barrutik poz txiki bat sentituko nuela, oraindik ere, zenbait lekutan bederen, euskaldunoi kulturizazio indar apur bat geratzen zaigula ikustean.
Sofiarekin hasi, eta beste lagun batekin gogoratu naiz gero. Patxi deituko diogu. Duela urte asko utzi zuen Euskal Herria. Bere kasuan, ez langabeziatik ihesi, baizik Espainiako poliziaren atzaparretatik libratzearren. Latinoamerikako herrialde batera iritsi, eta bertan finkatu zen: betiko andregaia hara joan zitzaion, lanpostu bat ere lortu zuen, eta familia bat hazi zuten.
Patxiren kezka handienetako bat izan da, urteotan guztiotan, seme-alabak euskaldun haztea. Hizkuntza transmititu zien, egoera zail batean, nongoak ziren erakutsi, eta gazteak zirela Euskal Herrira bidali zituen, ikasketak hemen amaitzeko, bertako lagunak egiteko, euskaldun bizitzeko eta sentitzeko, hitz batean esanda. Neurri handi batean arrakasta izan du bere borroka horretan, baina berriki, Patxiren haurretako batek (orain pertsona heldua denak) esaten zidan, aitari bisitan joaten denean, ohartzen dela bera sakonean hangoa dela, Amerikako herrialde hartakoa: hango kodeak, keinuak, harremantzeko moduak maite dituela hemengoak baino gehiago, eta serioski pentsatzen ari dela hara itzultzea bizitzera, ondo dakien arren horrek disgustu itzela eragingo liokeela aitari.
Elkarren ispilu ditugu Sofiaren eta Patxiren istorioak, eta hainbat lezio ateratzen dira haietatik, nahi gabe ere: bata, seme-alabak ez direla gureak, haiek erabakiko dutela, tokatzen zaizkien zirkunstantzien eta beren usteen arabera, nondik nora eraman ez bakarrik beren bizitza, baita beren ideologia eta identintatea ere; bestea, migrazioa beti dela esperientzia gogor bat (zenbaitetan guztiz dramatikoa ere bai), berdin dio zein den migratzailearen motibazioa, jatorria, helmuga; hirugarrena, guztioi komeni zaigula, noizean behin, enpatizatze ariketa bat egitea, historiaren une batean etorkinentzako harrera-toki dena hurrengo hamarkada batean emigranteen abialeku bihurtu litekeelako, eta inor ez gaudelako libre horrelako joan-etorriak bere hezur-haragitan bizitzetik. Irakaspen gehiago ere atera genitzake, baina amaitu zait lekua, eta segi zeuk ondorioak ateratzen.
ARKUPEAN
Sofia, Patxi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu