Garazi Kamio Anduaga.

Shakeout run

2024ko azaroaren 13a
05:00
Entzun

Ia astebete pasa da Danele Sarriugartek berripaper honetara azken hilabeteotan azaleratu den fenomenoa ekarri zuela. Puri-purian jarri baita, eta zorionez gainera, ingelesezko FOMO adiera. Norberaren inguruan egiten diren plan eta jardueretara bai edo bai joateko derrigorrezko beharra da FOMO famatua, inoiz besteak baino gutxiago izango garelako beldur edo zeozer garrantzitsua galduko dugulako izu. Beldur sozialean bizi baikara azken finean, autobazterketaren izua barruraino sartuta daramagulako eta abangoardian egotearen olatua galduz gero noraezean ibil gaitezkeelako, bareegia den itsaso baten erdian. 

Eta barea dena gero eta gutxiago gustatzen zaigu. Soziologia ikerketek diotenaren arabera, lanean eskatzen zaigun intentsitatea eskatzen diogu gure buruari ere lanetik kanpora gaudenean. Labur esanda, halako zerbait zioen ikerketak: gizarteak, lanean, dugun guztia ematera behartzen gaitu, olatu horren barruan sartuta gaude eta gizarteak berak behartzen gaitu atseden hartzeko erabiltzen dugun denboran ere nekatuta egotera. Ez zara ezer, egunero ordubete korrika egiten ez baduzu edo aste bukaera guztietan hiru mila metroko gailurrak zanpatzen ez badituzu. Gurpil zoroak aktibatuta egotera behartzen gaitu, geure baitan gertatzen den oro ezagutzeko eta jakiteko alerta piztuta bagenu bezala, autoFOMOa egiten ariko bagina bezala.  

Behobia-Donostia entzutetsuaren bezperan FOMO korrika irten zen baita ere. Zapatilak jantzi eta Hondarribian izan zuen hitzordua, Valentziarako dirua biltzen zuen ekimen berezi batean. Izan ere, espainiar estatuan oso ezagunak diren hiru influencer-en deialdiarekin bat egin zuten ehunka lagunek, eta Hondarribira joan ziren goizeko bederatzietarako. Influencer-en hizkerarekin bat eginez, shakeout run egin zuten lehenengo, edo zuk eta nik elkar ondo ulertzeko, hamar minutuko korrika saio arina. Gero FitPilates etorri zen, uniformedun nesken eskola katolikoko irakaslearen izena duen pilates mota hori. Ez nintzen bertan izan eta, egia esan, ez nuen ekimenaren berri izan, beharbada influencer horiek ez dutelako nigan eraginik. Ederki solidario izatearen kontua, baina ez dakit hain ederto hartu behar dugun kosta ahala kosta solidario izatearen behar hori. Alegia, Voxek zure herrian ekintza solidario bat burutuko balu, bertan parte hartuko zenuke? Muturrera joatea da beharbada eta erantzuna argi ikusten dugu, baina influencer-ekin ere beste horrenbeste gertatzen da: ez dugu beraiekin bat egiten, eta euren bizitza kartoizkoa dela ere irudi dakiguke. Baina FOMO martxan jartzen denean, ez dago geldituko duen amaren semerik, edozer gauza galtzearen beldurrak ez baitu entrenamendu leunaz ulertzen. 

Lerro hauek baliatuz, soziologoei ere dei egiten diet kameleoi tankerako norbanakoei buruzko ikerketak plazaratzeko, FOMOaren bigarren zatia izan baitaitezke. Kameleoi norbanakoak unean uneko pertsona esanguratsuen ondoan egoten direnak dira, momentuko protagonisten alboan daudenak, kameleoiak bezala kolorez aldatuz. Lantokiko organigraman leku esanguratsuetan daudenen lagunak izan nahi dutenak dira, edo edozein ekimen antolatzen dutenen ondoan daudenak. Hau da, egunak irauten duen ordu bakoitzean argazki bat aterako bagenu, argazki guztietan atera nahiko lukeen hori da, protagonistaren ondoan beti ere. Hori bai, argazkian atera baina kolpe zorrik jotzen ez dutenak dira, laguntzeko eskatu eta shakeout run mentala dutenak. Hasi ingurura begiratzen, ziur bat baino gehiagoren izenak idazteko gai zarela hamar kontatu baino lehen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.