Aner Euzkitze.

Sexualizazioaren nor-nori-nork

2024ko otsailaren 22a
05:00
Entzun

Aluak, zakilak, titiburuak (ustezko zenbaitenak). Zentsuratuak Instagramen, Tiktoken, prentsan. Salatuak kontzertuetan, telebistan, kaleetan. Pornoaren aurkako kanpainak autobusetan. Porno gay eta lesbiko oso heterosexuala Googlen. Porno heterosexual oso heterosexuala Googlen. Telegramen alde iluna. Twitter. Fotopollak Grindren goizeko bederatzietan. La Zowi puta. Aitanaren ipurdia. Ane Lindaneren titiak. Zakilik gabeko barrabilak ere zentsuratzen al ditu algoritmoak? Alex Sardui. Hofe. Chill Mafia. Toplessa kanpineko igerilekuan. Drag Race. Zarauzko hondartzako zati nudistan eskolarekin egin genuen pasiera hura. Bad Gyal. Anitta. Ipurdiak. Fetitxizazioa. Sexualizazioa.

Sexualizazioaren belaunaldiaz hitz egiten da. Gutaz besteak beste, imajinatzen dut. Tira, gizonez gutxiago. Sexualizazioaz hitz egiten da gorputzez hitz egiteko, mugimendu jakinez hitz egiteko, emakumeez hitz egiteko, queerrez hitz egiteko. Horretaz guztiaz hitz egiten da beste guztiaz ez hitz egiteko. Ipurdiez hitz egiten da begiradez ez hitz egiteko. Bagenekien, baina hori.

Kontua da OTko finala ikusi genuela astelehenean. Zayn Maliken Pilowtalk abestia hautatu zuen Lucas uruguaitarrak. Abesti «sexy» bat, antza. Hala agertu nahi zuela: sentsual, erakargarri, bero... zer esan. Zakila ukitzen igaro zuen kantu osoa, askoz gehiago ez. Ez zioten sekula titibururik sentsualki miazkatuko. Pena.

Ohikoak izan dira polemikak azken urteotan. Instrumentalizazioa, muturrera eramandako erotika eta gorputzen merkantilizazioa. Euren burua produktu bihurtzera ausartzen diren salduak. Ez dut nik esango gorputza (ere) saltzen ez dutenik, ezpada denek egiten dutela. Begia, noski, euren gorputza gauza bihurtzeko bezain lotsagabeak diren neska eta genero-disidenteengan. Begia beti putengan puteroei ez begiratzeagatik.

Neutroa da berez gorputza. Odol, zelula, zain, muskulu, hezur, oroitzapen, gantz, gelatina eta orban masa bat, azalak bildua. Halako zerbait ikasi nuen. Neutroa eta berez hitzak idatzi ditut, gehien gorroto ditudan hitzetako bi, zerbait esateko ustez balio izan dezaketelakoan. Neutroa eta berez hitzak idatzi ditut, idatzi nahian belarria, ukondoa, giltzurrunak eta tibia bezain neutroak direla uzkia eta alua ere. Idatzi nahian berdin liratekeela sexual bular-pare bat eta eskapula-pare bat erreprodukzioan oinarritutako heziketa sexual bat jaso izan ez bagenu. Tabuan oinarritutako heziketa sexual bat produzituko ez bagenu. Desira desesentzializatzen jakingo bagenu. Gorputza ez da neutroa eta ez da berez; guztiz da sistemikoa.

Hargatik amorrarazten naute horrenbeste jarrera jakin batzuen sexualizazioa salatzen duten iruzkin aldebakarreko eta misoginoek. Ezin ditugu jarrera jakinak absolutuki baloratu haiei datxekien ezinbesteko karga politiko eta soziala ahaztuta. Sexu genitala ere zer da, bada, fetitxe ortodoxo bat ez bada? Sexualizatzen zaituena ez da darabilzun tangaren estutasuna, ipurdia mugitzeko duzun era, ahoa jartzeko modua, erakusten duzun larruaren azalera; sexualizatzen zaituena bideo horrekin masturbatzen ari dela dioen gizon helduaren mezua da. Gizon hori existitzeko posibilitatearekin gogoratzen zaren unea. Ziurtasuna edukitzea.

Ez diot nik Bad Gyalek ez dakienik bere ipurdiaren mugimendua sexualizatuko duten gizonak existitzen direla. Hor zaudete, ikusten zaituztegu, jakingo ez dugu, bada. Baina Bad Gyalek ipurdia erakustea sexualizatzea dela esatea tranpa erredukzionista koldar bat baino ez da. Bad Gyalek ipurdia erakutsi duelako Bad Gyal bere burua sexualizatzen ari dela pentsatzea da Bad Gyal sexualizatzea. Sexualizazioa ez dago, egin egiten da.

Ea noiz ausartzen zareten zuen kuadrillakoek eragiten duten sexualizazioa horren ozen salatzera. Zuek eragiten duzuena. Ea noiz sexualizatzen dituzuen zuen ipurdiak. Ea noiz janzten duzuen kamiseta. Zain egongo naiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.