Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Senperren zuriketa

2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Astearte goizean irratia piztu eta Borja Senperren prentsaurrekoarekin zuzenean nola lotzen zuten entzun nuen; bere ahotik «askatasuna», «konpromisoa», «errespetua», «familia» eta antzeko kontzeptuak irten ziren. Senperrek emandako prentsaurrekoaren inguruan komentatzen aritu ziren tertuliakide, kazetari, alderdikide eta arerio politiko guztiek, eta irrati batzuk sintonizatu nituela esan dezaket. Bere figuraren inguruko amaierarik gabeko laudorioak bota zituzten. Oro har, guztiek azaltzen zuten, PPko politikariak esan arren familia kontuengatik hartutako erabaki pertsonala zela, atzetik Genovako alderdiaren egungo ildo politikoarekin zuen deserosotasunak asko astindu zuela bere erabakia.

Bi egun hauetan oso hitz politak irakurri ditut Senperren inguruan, pertsona moderatua, zentrokoa eta elkarrizketarako prest beti zegoena. Eta ez dut zalantzan jartzen noski, baina orduan, nire galdera da: zer arraio egiten zuen PP bezalako alderdi ustel eta ultraeskuindar horretan? Ez al zekien non zebilen? Irakeko gerraren kontrako bere adierazpenen baten bila ibili naiz eta ez dut aurkitu, agian ez dut ongi arakatu hemeroteka, ziur egin zituela, horren zentrokoa izanik ez dut zalantzarik. Baina, zur eta lur geratzen naiz horrelako pertsona bikainak PP bezalako alderdi batetan militatu izanagatik. Beste galdera bat sortzen zait: ba al zekien Borja Senperrek PPk Bilbon duen egoitza eraikitzeko ETAren biktimei zuzendutako donazio anonimoak desbideratu zituela? Edo B Kutxaren affaire guztiak ez zuen bere sena nahikoa astindu asteartean hartutako erabakia aurrera eramateko? Senperrek eta Abascalek militantzia partekatu zuten hogei urtez Aznarren garairik gogorrenetan; itxura denez, orduan ez omen zitzaion iruditzen bere alderdia horren ultraeskuindarra.

Ohitura hori dugu, ezta? Horren eskuinekoak ez diruditen eta eskuineko alderdi batean dauden politikariak goraipatzea. Noski, alderaketa norekin egiten duzun arabera edonor izan daiteke moderatua. Gogoratzen Gallardon PPko moderatu edo ezkertiar gisa aurkezten zigutenean? Gogoratzen Cifuentesek ere bere tatuajeak erakusten zituenean oso modernoa zela esateko? Egia da, Donostiako alkate izateko, Borja Senperrek oso kanpaina pertsonalista egin zuela, PPko siglak ez ziren inondik inora ikusten, baina hori ez da nahikoa horren deseroso sentitzen zaren alderdiarekin apurtzeko. Susmoa daukat ere ez zela deserosotasun ideologiko kontua, marketin kontua baizik. Siglak mesederik egiten ez ziotenez, marka pertsonalarekin probatu zuen. Baina esanen nukeez dela oso zentzuzkoa hainbeste laudorio botatzea ere non ibili den horren berandu konturatu den bati.

Politika utzi du Senperrek, baina ez doa esku hutsik, lanpostu bikaina eskaini omen diote sektore pribatuan. EAEko PPn afiliatu zen 1993an, 18 urterekin. Gaia ez da Borja Senper politikatik joatea, erantzuna oso erraza da, PP alderdi hondarra da Gipuzkoan, eta, bere etorkizuna zalantzazkoa izanda, beste irtenbide bat bilatu du. Eta politika utzi du Big four horietako batengatik. Multinazional horretan, ziur aski, ez du nomina mespretxagarririk izango. Zer meritu ditu Borja Senperrek E.Youngen zuzendari gisa fitxatzeko, 17 urte zituenetik politikan bakarrik aritu bada? PPren giroarekin nazkatuta bazegoen, esan beharko zaio E.Young taldean bere alderdikide nahikotxo topatuko dituela, ate birakarien betiko kontua.

Eta Euskadiko PPren gainbehera ikusita, batez ere Gipuzkoan, oso gaizki pentsatua izan naiteke, ni ere hala naiz, baina nik uste dut Borja Senperrek PPren norabide ultraeskuindarrarekin nekatuta egoteaz gain (aurreko hamarkadetan PP ez omen zen horren ultra) alderdia uzten duela eserlekua harrapatzen jarraitzeko aukera gutxi dituelako. Baina hori nire teoria baino ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.