Irati Zubia Landa.

Señorekin dudan zorra

2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Horrela deskribatu zuen Leire Vargasek trenean ikusitako eszenak eragin zion bulkada: «‘Trenean inguruko señora frantses guztiak euskal pastelak aldean etxera itzultzen’. Eta begitxo zabal-zabalen emotikonoa». Berehala izan zuen une sinpatiko hori inmortalizatu eta sareetara igotzeko tentaldia.

Nik neuk atera nien behin argazki bat bizkarretik paseoan zebiltzan hiru señorari, eta beste hainbeste egiteko tentazioa izan nuen Donostiako kaian zangarrak freskatzen zebilen hura ikustean. Esan izan dut «ze maja» bizilaguna bata fuksia soinean, besterik gabe, arropa zintzilikatzen ari zenean. Egin dizkiet eskatu ez dizkidaten irribarre xaloak ezkaratzean, supermerkatuan, anbulatorioan gurutzatu ditudanei.

Bizitzaren alderdi ilunetan eskarmentu pixka bat badut ere, erromantizazioa bizirauteko mekanismo gisa performatzen dutenen taldekoa naiz. Oihana Aranaren hitzetan, udaberri jendearen artean udaberriena. Labur esateko: apur bat txolina. Goraipatu ditut lore-sortak, batak eta marianitoak. Pentsa, behin lagun-minarekin oporraldia egin eta Navarretera joan ginen, zer eta Paquita Salas omentzeko. Komeni da, ordea, neurrian aritzea.

Simone de Beauvoirrek Zahartzaroaz (1970) lanean esan zuen zaharraren figura idealizatuek badutela paperik haien inbisibilizazioan. Orobat, zaharrari bi aurpegi baimentzen zaizkio: agure jakintsu ile urdinarena edo aitona-amona jator eta graziosoarena. Nago nire erromantizazioaren enegarren biktimetako bat izan direla inguruko señorak.

Badut amona bat, amona punki eta karismatiko bat. Jokatzen dugu txintxonean eta entzuten ditut nire maitale-ohiei botatzen dizkien biraoak. Sarritan eskatzen dizkiot gaztaroko istorio epikoak. Batzuetan agortzen dizkiot iraganeko anekdotak, parean dudan atsoaren orainaren deserosotasuna neutralizatuz. Ez dugulako horrenbeste hitz egiten, adibidez, zistitis kronikoaz, zahar-etxeaz edo bilobak bere gorputza garbitzeaz duen iritziaz. Ez dugu aipatu ere egiten azkenaldian heriotza erakargarri zaion pentsamendua duela. Batzuetan badirudi gehiago dakidala amona gaztearen biziaz parean dudan emakumearenaz baino.

Badut ere izeba bat, izeba kañera bat, neskazaharra den izeba bat. Odolkidetasunak beharrean, nire amaren lagun-min izaerak eman zigun ahaidetasuna. Jarri izan dut haren solterian heteroarautik at mundu posiblea irudikatzeko zama. Ez diot sekula galdetu, ordea, bakardade eta presioarena zer moduz daraman. Edota umerik ez badu ere (edo agian horregatik) senide oro zaintzeko duen karga. Are, sentitu dut halako traizio txiki bat izebak bikotea topatzeko posibilitatea irudikatzean. Ez da zilegi bere baimenik gabe aldarean jarri duzunak handik ospa egiteko hautua egiteak sor dezakeen mesfidantza.

Erromantizaziotik karikaturara lipar bat egon liteke. Horra hor nire zorra. Ez ote ditudan nire nahi eta proiekzioetarako ustiatu, beraiei nondik begiratuak izan nahi duten galdetu gabe. Pentsatzen dut akaso ez naizela bakarra. Mari Luz Estebanek eta Anna Freixak zioten zaharrek ez dutela karitatea behar, justizia baizik.

Landu beharko dut nire joera erromantikoa eta dakarren ajea. Segitu nahi dut eta señorak miresten, haiek bezalakoa izatearekin amesten. Beti irudituko zait ederra amak eta izebak karajillo baten bueltan sortzen duten buila.

Zorionez, egin dira nireak baino gurtza hobeak. Aldarri elegante, aldarri konplexu eta errebeldeak. Duintasuna dario tonaka Andre Zaharraren Manifestuari. Burura datorkit ere Señora Sariketa. «Glamour gabeko bizitza ederrentzat da pamela» kantatu zuen Maider Arregik. Haiek bai goratu dutela señora figura, baita adin desberdineko emakumeak hizketan jarri ere. Eta, finean, inportantea bezain eskasa da hori: elkarrizketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.