mikel elorza

Sakonki

2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Maitemindua. Alderdi humanoa izan zen nik kosk egin nion amua, Pedro Sanchezen gutunean, Jose Mari Pastor adiskideak deklaratu bezala: maiteminduta azaltzea presidente jauna. Lancelot moduan irudikatu nuen Sanchez (Mr. Handsome, Olatz Arrietari ikasia), zaldun ederra, zubiaren buruan jarririk hura igaro nahi zuenari Ginebra erreginaren aldeko zina eskatzen, edo bestela borrokarako erronka botatzen. Baina hori eman balezake ere, ez dut uste Begoña Gomezen ohorearen defentsa izan zenik Sanchezen aldarriaren xedea. Bost egunean ziento bat bitxilore lumatzeko denbora hartuta, egia esan ez dakit oraindik zein zen Sanchezen asmoa. Ez dakit asmorik bazuen ere.

Sakonki maitemindua. Maiteminak jotako gizonarekin enpatizatu nuen, baina kirrinka pixka bat eragin zidan profundamente enamorado zegoela irakurtzeak. Ados maiteminarekin, txalo bero bat, baina sakonak gehiegi lanbrotu dezake ikusmena, gehiegi sutu barrenak eta buruak, eta maitemindutakoaren erabakimena nahasi. Maiteminduaren begietako dirdira bizia gainezka egindako karra bihur liteke. Amodiologian ezjakin izanagatik ere —nahiz eta ausardia handiz baneki bezala jardun—, mesfidatzen naiz sakonki maitemindutakoez. Esaera merkea irudituko zaizue akaso, baina «maita nazazu gutxiago, zaindu gehiago» edo horren bariazioak aukeran nahiago (nahiz eta, ikusiko dugunez, zaintze batzuk...). Bertsolariak abisua eman zigun: asko maite duenak asko sufritzen du; ba pentsa sakonki maite duenak... Herri hau, urrutira joan gabe, batzuek hain sakonki maite izan ez balute…

Sakonki automaitemindua. Lanceloten aldean, beste paradigma Will Smithek Oscar sarietan erakutsitakoa da, nireneskaribegiratuereez-ka jarduten dutenena. Hauek ere deep in love egoten direla esango nuke, baina euren buruarekin. Eta horren adierazpidea da bikotekideak zaindu egiten dituztela, zaintzaren adierarik estu eta gaiztoenean —guk nahi duguna ez bada ere, zaintza egon badago erdigunean—.

Sakonki perturbatuak. Maiteminduta ez ezik, hala egon ohi dira maitea galtzearen ideia hutsak itsutzen dituenak ere. Maitea kolpatu edo erasotu dezaten amorraraziko ditu eta bortxaz erreakzionatuko dute gehienek, maitearen galeraren aurrean. Hori bai, nahiz eta bakarren bat depresio sakonean jausiko den, askok barbiturikoak baino kutxilloa hartuko dute. Sakoneko maitasuna jabetza-tituluan zigilatuta balego bezala.

Eta, hain zuzen ere, egunotan maitasunaren alderdi inhumanoak astindu gaitu, sakonki astindu. Enegarrenez. Seguruena inhumanoa ez, gizatiarra akaso ere ez, txit humanoa, oso gizontiarra. Etorkizunaz baino iragan astun batez zamatutako mailua. Menperakuntzaren sinbolo gordina, mailua.

Dena den, ez gaitzala erakundeen akats eta utzikeriak konfundi —sala dezagun ozenki, noski—, ez gaitezela harreman toxikoaren partikulartasunetan endreda, ez gaitzatela bortxaren zipriztinek itsutu, saihestea zail bada ere. Donibane Lohizunen gizonak pistolaz hil izan balu, mantxarik gabe eta azkar, haien arteko harreman arrunt baten ondotik, eztabaida baten beroan eta gero bere burua entregatu, orduan ere toki berberean geundeke: gizonezkoek emakumezkoak hiltzen dituzte, gizonezkoek hiltzen dituzte emakumezkoak, emakumezkoak hiltzen dituzte gizonezkoek. Aldatu galdegaia, berdin dio, denek balio dute.

Hor ez dago maiteminik, horiek jendarteak bere eraikuntzan landatu dituen minak dira. Anti-emakume minak, eurek zapaltzean baino lehertzen ez direnak.

(Europako lidergoan artez mugitzen omen den Mr. Handsomek gogoeta egin ote du, bost egun luze  dramatiko horietan, besteez? Oihana Goirienak, adibidez. sakonki maite-minduta behar du: bikotekideak, Pablo Gonzalezek, bost egun ez, bostehun eta erdi daramatza preso Polonian).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.