Aner Euzkitze.

Sailkatu zaborra klimaren alde

2023ko abenduaren 28a
05:00
Entzun

Susmoa dut artikulua hasteko baieztapen clickbaiteroegia ez ote den, baina ausartuko naiz esatera —eta dena ez da serio hartu behar (edo bai)— Goenkaleren 2015ekoaren ondoren Euskal Herrian ezegonkortasun eta drama gehien sortu duen amaiera Sálvame-rena izan dela. Barka biezadate, otoi, Ipar Euskal Herriko lagunek, azken honengatik bezainbat artikulu honetan zehar agertuko diren gainerako erreferentzia espainiarrengatik; erreprodukzioak erreprodukzio, gazte giputxi honen erreferentzietako asko eta asko dira hangoak. Barkamen eskeak ez dira, badakit, «gaizki egingo dut baina badakit eta hala ere egin egingo dut» kutre batzuk baino, baina ezin besterik eskaini.

Sálvame izango zen oraintsu arte, La Isla ere hor nonbait, egun OT izango da akaso. Telezaborra deituko diogu. Egiari zor, ez ditut sekula intentsitatez kontsumitu izan. Doraemonez gain ezer gutxi kontsumitu dut, ziurrenik, telebistan intentsitatez. Pegatzen dit beharbada, baina ez. Bizitzeko ezinbestekoak diren gauzak eta pare bat gehiago ezagutuko ditut: meme eta sticker asko gorde ditut, ikusi dut Belen Esteban orkatila hausten, egin dut oihu Estefaníaka, buruz dakit «tú y yo, Chelo...», egin diot zoom Getxoko marikaren Jarkiko izarrari, gehi beste bizpahiru ganoragabekeria, baina obsesiorik ez oraingoz. Tira, ezin dut First Dates-ik gabe afaldu, hori bai. Ados, obsesioa. Gainerakoan, elkarrizketa batzuk galtzeak eman izan dit penatxorik, baina ez dago, bada. Gure ama eta amona ziren Sálvame-zaleak, igande arratsaldeetan ikusten zuten, denok batera bazkaldu ondoren, eta iganderoko ume pilotazale hura izateari utzi zion Aner sarri egoten zen litxarreriak janez bi señora haien ondoan. Ez naiz ustez behintzat sekretu aitorrezinik argitaratzen ari, besterik gabe, haurtzaroko anekdotak eta.

Ez daukat arazorik Sálvame-ri telezabor deitzeko. Zaborra, gordina, kaka, hutsalkeria, zabarra, alienatzailea, toxikoa, zerrikeria, espainola, txorrada, nahi duzuena, bai. Ez daukat arazorik telezaborraren telezabortasuna onartzeko, benetan. Ez daukat arazorik, First Dates-i «telezaborra» eta telebistaz emandako futbol-partidei «telekirola» deitzen ez diezuen artean.

Ez baitut uste de facto gaitzesgarri denik taberna batean ligatzea, eta ezta, noski, baloiari ostikadaka aritzea ere. Aldiz, bene-benetan uste dut ezagutzen dudan girorik toxiko, zabar, hutsal eta alienatzaileena dela Realak partida jokatzen duen edozein egunetan Donostiako ia edozein tabernatan sortzen dena. Eta ezagutzen ditut taberna batzu-batzuk. Zer toxikoagorik gizon heterosexualez beteriko aldagela ez-misto bat baino. Bietan egon naiz, eta zin dagizuet askoz erosoago egoten dela bat sofan amarekin eta amonarekin.

Honetatik biak uler ditzakezue nahieran: gizonen gauzen kritika telezabortzailea zein oro har telezabor deitzen zaionaren defentsa. Nahi duzuena esango duzue, baina ez diozue telezabor deitzen edukiaren gaineko kritika eraldatzaile bat egin nahi duzuelako, zuei gustatzen ez zaizuelako baizik. Ezta hori ere, gu lakooi gustatzen zaigulako deitzen diozue hala. Gizonak zaretelako deitzen diozue hala, eta Twitterren «OT ez al zen ba musikari buruzko saio bat?» galdetzera ausartzen zarete Conquis-i kirol-reallity deitzen diozuen bitartean. Noski, «Egunón a todos» esaten dute.

Laburpena nahi bazenuen, ba, bai, mintzagai duten programa dela-eta zure neska eta lankide marikita infantilizatzen badituzu misoginiatxoa darizu. Eta orain oihan amazoniarreko animaliei buruzko lau orduko dokumentala ikustera joan zaitezke intelektualarena egin nahi izanez gero. Ni aspertu egiten naiz normalean, barkatu.

Hurrengoan egingo dut literatura gehiago agian. Abendu amaiera honetatik, Eguberri on ahal duenari, besarkada bat besteei, eta saiatu kanpaikada ez-zaborrezkoak ikusten ahal baduzue. Kosta behar zaigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.