Joan den astean Lizar Begoñak paisaia urbanistikoak eragiten zion tristura aipatu zuen, iragarriz tigrea etxean zela. Nik ere ezin izan dut ekidin halako pena bola bat zintzurretik gora, Urgulletik etxe hutsen teilatuak begiestean. «Morirá de wapa» diote Merina Grisekoek Donostiaz. Alabaina, Begoñak zioen pena hori ez dela indibiduala: «Hirigintzak sor ditzakeen inpresioen atzean hezurdura kolektibo bat dago». Alegia, paisaia urbanistikoari dagokion tristura-sentsazio hori ere, politikoa da.
Halaxe egiaztatu nuen otsailaren 2an. Donostiako Abuztuaren 31 kalean okupatuta zuten pisutik alde egin behar izan dute bizilagunek, jabearen mehatxu eta estortsioak direla medio. Manifestazioa egin zen, xumea baina bereziki bizia; eta, jo, a ze sentsazioak. Den-denak politikoak. Bertaratutakoen artean ikusi ziren kolpetxoak bizkarrean. Bazen nostalgia puntu bat, baina baita okupazioaren aldeko aldarriak eta borrokan segitzeko asmo argia ere. Eta umorea. Algaraka heldu ziren bizikletaz Infernutik lagunak. Bulebarrean ehizaren aurkako protestekin topo egitean leloak «casas sí, caza no» batean fusionatu ziren. Bati aditu nion «ezkontza eta hileta» ari zela izaten aldi berean. Despedida eta ospakizuna, pena eta itxaropena, biak batera.
2022an, Azoraren etxegabetze baten ondotik, entzun genuen zazpi urte zeramatzala hiriak kaleratzerik gabe. Udalak esan zuen «Donostia etxegabetzerik gabeko hiria» zela. Kopeta behar da gero. Saretxekoek maiz salatu dute: isilpeko kaleratzeak ere kaleratzeak dira. Jendea etxetik botatzeko makineria franko dute eskura jabeek, poliziaren interbentzio esplizituaz harago. Muturreko prekarizazioa bultzatzetik estortsio mekanismoetaraino. 31koek ondotxo dakite hori, jabeak esan zien «oiloei lepoa bihurritzen zaien moduan» bihurrituko ziela haiei ere.
«Zortzi urtez espekulazioari lapurtutako etxea» izan da 31koa. Bizitokia eta borroka-tresna. Bertako kide batek gogorarazi dit: «Ez gaude sozialki konfiguratuak kolektiboki modu sanoan bizitzeko», seinalatuz okupazioa bizi-eredu indibidualistaren kontrako tresna ere badela. Etxe horretatik jende asko pasatu da, batzar ugari egin dira bertan. Horrek lagundu du Parte Zaharreko beste hainbat espazio okupatzen. Duela zortzi urte, luxuzko hotel bat eraikitzeko proiektua abiatu zen eurek okupatutako pisu baten blokean. Pentsatu zuten gerora pisua bera izan zitekeela hotelaren kontrako borrokaren abiapuntua. Hala, Hotel+Ez asanblada sortu zen, oro har, turistifikazioari aurre egiteko. Pisutik kalera, kaletik auzora eta auzotik hiri osora.
Ez da inolako txorakeria. Ez Donostian, ez okupazioaren mamua eta kriminalizazioa ezin errotuago dagoen artean. Espainian etxeen %0,057 besterik ez zen okupatu 2024an, baina biztanleriak %51,3 izan zirela uste du. Espainia omen, Europa osoan, alarma gehien instalatuta dituen herrialdea, nahiz eta etxebizitzarekin loturiko delitu-indizea oso baxua den. Medioek, segurtasun- eta desokupa-enpresen iragarkiek izan dute paper zentralik. Seinalatu liteke delinkuente kategoria asmatua dela ere, botereari hertsiki lotua. Guagliardok azaldu zuen (Dei dolori e delle pene, 1997) gogorren zigortutako delituak izan ohi direla patrimonioari loturikoak. Sistema penalak ez dirudi kapitalismoaren apendize neutro bat. Hori hala bada, eta igande hartan koreatu zen gisara, gora, gora delinkuentzia.
Memoria-ariketa txiki bat ere egin zen. Eraikinez eraikin errepasatu zituzten azken urteetan salerosketarako ostutako espazioak, halako anti-tour turistiko batean. Atzerago ere jarri liteke begia. Abuztuaren 31n okupatzeak badu karga sinbolikoa. Abuztuetan gauza mordoa pasatu dira hirian.
XIX. eta XX. mendeetan egosi zen egungo hiri-eredu neoliberala. 1813ko setioaren eta abuztuaren 31ko sarraskiaren ondoren, hiriaren berreraikuntza-lanak abiatu ziren. Josu Tellabideren hitzetan,«Donostiako eliteek eta haien arteko oligarkek negoziorako bideak eta aukerak ikusi zituzten eta, horrela, herritarren bizkar bizitzeko negozioak eginez burutu zuten beren jarduera». Egun, kaleen izendapen-plakek omentzen dituzte horietako asko.
Zorionez, historiak badu B alderik. 1920koa da, ezagutzen den arte, hiriko lehen etxebizitza-sindikatua: Liga de Inquilinos de San Sebastián. Abuztu batez argitaratu zuten lehen buletina hauek ere, «etxejabeen tiraniari» planto egiteko asmoz. Ehun urte geroago, aldarriak ez dira kadukatu. Argi bota zen oihua Urgullen magaletik: «Haien jabetzak ala gure biziak, ez dago erdibiderik».