mikel elorza
ARKUPEAN

Puntua da gakoa

2023ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Eurovisioni buruz idazteko iradoki zidan lagun batek, ezin litekeen gauza dela Errusiak esku hartzea debekatua izatea eta Israelgo ordezkariak kantari jardutea Gaza eta Zisjordania bonbapean ziren bitartean. Arrazoi du, hipokrisia beste zenbait eremutara ere hedatzen da, eta gainera horri gehitzen zaio aspaldiko kontua, Israelek Europakoestatu bat bailitzan jardutearena. Australiak ere parte hartzen duela jaialdian gaineratu zuen norbaitek, eta hori ere marka zela. Eta bai, bada, eta gaiari buruzko hizketak berehala eramaten zaitu ageriko ondorioetara: ez da geografia, politika da. Eta ondorio agerikoei lits okerrak bilatzea gustatzen zaigunoi, galdera maiatzeko tximista legez datorkigu: geografia ez al da bada politika?

Jakina. Ez da denbora asko hemen bertan adierazi genuela geografoen lana zein izan den. Eta orain GoogleMaps-ek apur bat konfunditzen bagaitu ere, neutroa baitirudi eta han tabernak, gasolindegiak, hotelak eta ile-apaindegiak erakusten baitzaizkigu, paperezko mapen eta atlasen zale izan garenok beti jakin izan dugu diferenteak direla mapa fisikoa eta mapa politikoa. Muga-marrarik gabeko berde-marroia eta marradun koloretakoa. Geografia euklidearraz gain, geografia erlatiboa dagoela, Einsteinenak deformatuz esanda. Australia ez da Europa. Seguru? Nondik begiratzen zaion! Ikuspuntuan dago gakoa. Australia, gainera, Europa izan zen kolonoak hango lurrez jabetu eta bertako bizilagunak indigena izatera kondenatu genituenetik. Indigena baldin bazara, alegia, hala izendatzen bazaituzte zureak egin du, galtzaile zara, zapaldu zara, iraungitze-epea daukazu.

Nolanahi dela, esan nion lagunari gorroto nuela Eurovision, horterada paregabea iruditzen zitzaidala, TBko ikuskizun propagandistiko, musika ikuspegitik penagarri... ez nuela hartaz jardungo. Debekatu ez, ez naiz (ia) ezeren debeku zalea, baina kenduko nukeela. Ez dudala ETBk—EHren sukurtsal eaetar gisa— Eurovisionen parte har dezan giza katerik osatuko. Nahiago nuela saiatzea artikulua egiten gure herriaren aldaketa komentatuz, albistegian Guardia Zibila industria pabiloi bat miatzen ikusteko arrazoia ekintza antiterrorista bat izatetik angula-trafikoaren aurkako operazio bat izatera pasatu garela. Mikel Garmendiak irribarre egingo zukeen Maité filma bisionarioa izan zela jakitean.

«Gallego!» oihu egiten zion garabi gainetik Ildefonso Tamayo aktore handiak Mikel Garmendiari film horretan. Gorroto-delitua ote? Ez, noski. Gallego, mutur zurbil, erritmobako alaena... asmo iraingarriz deituta ere, ez dauka zer ikusirik puto negro edo mono deitzearekin. Deitupuntua da gakoa. Eta marka da Eurovisionez hitz egin nahi ez eta futbolaz hizketan amaitu beharra. Marka, zehazki, milioidun goiztiarren futbolak ekarri izana arrazismoari buruzko hizpidea, bestelako motiborik ez bagenu bezala. Afera honek hari-mutur eta ertz asko dauzka, bizi-biziak ertz horietako asko. Arrazismoa dago, noski; eta klasismoa; besteen begian lastoa bai eta norberarenean habea ikusten ez dutenen saldoa; hedabideen kontrola; eta, niri gaia hona ekartzeak azkura gehien eragin didana: futbolaren dimentsioa. Izugarritik gorakoa.

Irain arrazistak, eta irain etajarrera homofoboak, eta oro har irainak, eta mehatxuak, eta parean dagoenari eraso egiteko premia hori, aurkaria jipoitzeraino iritsiz. Hau bai aitengandik semeengana zuzenean pasatzen den ondasuna (amengandik eta alabengana gutxiago, horregatik ez ditut jarri, ez da akatsa), testamenturik gabe, bizi diren bitartean egindako dohaintza. Infantiletatik hasita, Championseraino.

Eurovision baino, futbola ez ote den kendu behar dena!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.