Badira gure oroimen eta egutegietan ixa gorri batekin nabarmentzen ditugun egunak, aldarrikapen egunak direlako eta kaleak hartzeko deia egiten zaigulako, gertakari esanguratsu batek eguna alaitu zigulako, edota, aldiz, gertakari ilun batek betirako zauria utziko digulako. Eta askotan badira egunak, irrika sorrarazten digutenak, zerbait berezi gertatuko dela antzematen dugulako. Eta horixe da niretzako musika errebolta feminista goraipatzeko dugun eguna, Putzuzulo Amets Fabrikan Mefsst!! jaialdia ospatzen dugunekoa, datorren larunbata, maiatzaren 7an izango dena.
Orain lau urte hasi ginen egitasmoarekin, musikaz (bereziki punk, hardcore eta rock doinu eta kulturaz) eta feminismoaz hausnartzeko helburuarekin. Euskal Herrian gure inguruko eszenako argazki bat egin nahi genuen batzuk, emakumeen presentziak eta ausentziak aztertzeaz pixka bat harago. Jakina da emakume askoz gutxiago taularatzen garela, baina sortzen, jotzen, entzuten, dantzatzen, antolatzen, teknikari lanak egiten... zer gertatzen zen aztertu nahi genuen. Ez genuen bakarrik emakume izendatutako gorputzen parte hartzean begia jarri nahi, ordea; gorputz eta ahots aniztasunari ateak irekitzeko zein baldintza behar ditugun asmatzeko ahaleginean jarri nahi baikenituen indarrak.
Punk mugimendua izan dugu, akaso, feminismoari ateak bereziki ireki dizkion mugimenduetako bat. 70eko urteetan punk doinuekin agertokira salto egin zuten hainbat emakumek, ordu arteko femeninotasuna auzitan jarri, eta beste eredu batzuk eskaini zituzten. Estetikak asko markatzen zuen/du emakumeen presentzia eta gizonei zuzendutako edertasun kanonak ziren/dira nagusi emakume abeslariengan. Baita haien ahots ereduak ere, emakumeoi egokitzen zaizkigun fintasuna eta goxotasuna izan behar zutelako/dutelako. Eta punkean ibilitako hainbat emakumek hori guztia transgreditu zuten, punkak arau-hausteari utzitako tartea dela medio.
Kultura hegemonikotik at, dena ezberdin egiteko marrua izan daiteke punka; transgresioa iraunkorki aldarrikatzen duen mugimendua, bizi eredua edota ideologia. Estetika hutsean gelditzen denik ere bada. Baina 70eko urteetan puskatutako eredu eta arauek ez dute musikan, ez emakume, ez bazterreko gorputzen normalizaziorik ekarri. Oraindik urriak dira salbuespenak. Aurretik egondako arau-puskatzaileei esker ditugu egun bidelagun, gogoa, grina eta egoera aldatzeko kezka. Baina transgreditzearekin ez da nahikoa izan. Transgresioak beti baitu eskutik helduta araua, araurik gabe ez baitagoelako trangresiorako tarterik. Eta beharrezkoa dugu eraldaketa, arauak birformulatzeko gaitasuna.
Eta bide horretan kokatzen dut nik Mefsst!! edota dauden egitasmo bertsuak. Hitzetatik ekintzetara salto egiteko gune eta uneak direlako. Orain arte rock, punk eta hardcore eszenan ezagutu dugun guztia hankaz gora jartzeko aukera eskaintzen digutelako (nahiz eta dena ez dugun zaborrontzira botatzen, noski). Espazio eroso eta seguruak sortzen ditugulako. Zaintzari erabateko zentralidadea ematen diogulako. Musikari, antolatzaile, teknikari, disko jartzaile edota entzule gisa ikusarazten gaituztelako. Normalizazio bidean, beste harritxo bat jartzen laguntzen digutelako.
Asmoa ez da irla sentitzea, arnasa-gune edo ghetto. Hori baita ere, momentuz. Baina ez hori bakarrik. Asmoa mantentzen ditugun botere harremanak problematizatzea da, ikusezin dauden neomatxismoak ikusaraztea. Asmoa musikaren eremuan boteretzea da, gertatzen denari aurrez aurre begiratu eta nahi dugun horrengatik borrokatzen jarraitzea. Agertokiak guztiz gure egitea.
Ez dut uste punka hilda dagoenik. Baina geroz eta argiago daukat, XXI. mendean, Euskal Herrian, punkak (hardcoreak, rockak) ezinbestez behar duela feminismoa.
ARKUPEAN
Punka ez da hil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu