Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Protestatzeko hizkuntza

2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Augusto Boal antzerkigile brasildarrak Zapalduen Antzerkia garatu zuen, jazarritako klase sozialek klase zapaltzaileei aurre egiteko bideak eta moduak eszena gainean entseatzeko metodoa. Fikzioan bizi izandako gatazken aurreikuspenak aukera emango zien langile azpiratu eta txiroei ikasteko aurre egiten ugazaba eta lur jabe ankerren zapalkuntzari. Argi dago fikzioa baliabide ahaltsua dela: langile oinperatuak ahalduntzeko gai da, besteak beste. Tamalez, esango nuke azken boladan kontrako efektua duela, hau da, eragin anestesikoa duela herritarrengan. Kartzelatan gero eta gehiago dira ezusteko heriotzak; Arrigunagako hondartzan gizaki baten hanka topatu zuten urtearen hasieran; Barrikan giza gorpuzkiak agertu dira asteburu honetan; Zaldibarreko zabortegiaren kasuak urtebete egingo du argitu gabe; gero eta gehiago dira txertoa ez zegokienean hartu duten langile publikoak… baina badirudi gatazkaren konponbideak fikzioan prestatzeak klase apalak iratzartzen dituen bezalaxe, pantailako fikziozko telesailetako bizipenek kexa, aldarrikapen eta salaketetan jardun beharko luketen herritarrak lozorroan sartu dituztela, albistegiak ikusten dituzten bakoitzean, norbanakoak narkolepsiak joko balitu bezala. Azken batean, telesailetan ikusi dituzte gertakari berdintsuak, pantaila berean, sofa berean eserita.

Zorionez, bada oraindik kaleak hartzen dituen aldarrikapenik. Azkenaldian bi manifestazio ikusi ditut aurrez aurre, biak Bilbo inguruan. Batek «pentsio duinak» eskatzen zituen pankarta zeraman aurrealdean; besteak «SOS ostalaritza, tabernariak borrokan» idatzia zuen lehen lerroko plastiko zuriaren gainean. Lehenengoan adinekoak ziren nagusi; bigarrenean, kalera helduak nagusiki helduak ziren. Bateko eta besteko lagunen artera hurbilduta, lehenbizikoen elkarrizketetan gaztelania zen nagusi, eta bigarreneko helduek ere, Cervantesen mintzoari heltzen zioten berbaldietan. Hala ere, batean zein bestean, aldarriak eta oihuak egiteko orduan, deigarria egin zitzaidan euskararako jauzia. «Pentsio duinak», «Ostalaritza aurrera!», «Jo ta ke, irabazi arte!»… Adineko emakume batek paper batean letra larriz idatzia zuen lagunen arteko elkarrizketaren iragarki tarteetan garrasi egin behar zuen leloaren transkripzioan: «pen-chi-o du-i-ñac»… Helduen artean, Mesón Antonio-ko polarra zeraman gizon batek ez zuen paperik behar aldarrietako bat oroitzeko, itzulpen gogoangarria egina baitzion: «¡Jota, que! ¿ira Basi al té?». Biek, bakoitzak berean, Gran Vian behera jarraitu zuten, atzean utzita Bilboko Moyua plaza; plaza horretako frankizia ezagun batean, gogoan dut, saltzaileetako batek ere ez zuen euskaraz egiten, eta, itxi zutenean, erakusleihoetan itsatsitako karteletan euskara baino ez zen ageri («Kaleratzerik ez!», «Ez itxi»).

Ematen du euskara protesten hizkuntza dela gurean. Badirudi euskarak hein handi batean bereganatutako espazioa dela pankarta eta aldarriena, eta poztekoa da konstatazio hori, baina mesfidantza eragiten dit gaztelaniak liskar kaletarren mundua euskarari doan lagatzeak. Ez da izango gure iraganeko eta egungo elkarretaratze eta manifestazioetan euskara konfrontazio oldarkorren (eta, beraz, eraginkorragoen) hizkuntza bezala iltzatuta geratu zaigula, gutxienez, hegoaldeko eremu publikoko zenbait esparrutan? Ez da izango euskarazko aldarriek, gaztelaniazko irainek bezala, erdaldun zein euskaldunen giza nerbio sisteman barruragoko teklak sakatzeko gaitasuna dutela? Ez da izango jo ta ke, aurrera eta gora hitzak dituzten oihuek oroitzapen batzuen oihartzuna berpizten dutela, arriba erabiltzeak beste Pandoraren kutxa bat zabaltzen duen bezalaxe?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.