mikel elorza

Priapo berpiztuak

2025eko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiz esandako esaldia da, baina hala ere ez dut uste maiztua dagoenik: hain dira serioak gauza batzuk ezen barre egitea besterik ez zaigun geratzen. Une honetan gero eta estuagoa den mundu zabalean hamaika dira egoera eta gertakizun graziosoak, eta horietako protagonista lehen aipatutako maximaren ifrentzua den pertsonaia da, Donald Trump jauna, bera ikusteak barregura eragiten baitu, pertsonaia baitirudi pertsona bainoago. Hain serioa ez balitz kontua. Izan ere, bere buruarena baino bere imitatzaile eta mozorroen antz handiagoa duen morroiak botoi gorria saka dezakeela pentsatzeak ileak lazten baititu, Zelenskiri —tristura darion komediante ohiari— III. Mundu Gerrarekin jolasean ibiltzeagatik kargu hartzen dion bitartean. Eta aldamenean bere bro Elon Muskek, Bond serieko gaiztoa dirudienak, dirua ahurtaraka irabazten du berak lanetik egozten dituenak galtzen duten hein berean, edo handiagoan, eta koheteak irribarretsu zeruratzen, bata bestearen segidan lehertzen badira ere. Milaka kohete erortzen bazait, (semea) lepoan hartu eta segi aurrera.

Badira koheteak eta zutik irautea eta indarra haize ultrek dakarkiguten gizon berriaren ezaugarriak. Indartsuak, boteretsuak, diru egiteari eta enpresa teknologikoei lotuak, distirantak dira neogizon moderno betigazteok. Donald apur bat geriatriko harrapatu du aroak, bertzenaz bera errege playman artalde honetan.

Bryan Johnson izeneko birigarroa enpresa-gizon gisa aurkezten du Wikipediak, teknologia eta zientzia alorrean inbertitzen duen aberaskilo bat —ez dakit zergatik, magnate deitzen diegu mendebaldetarrei, oligarka errusiarrei—, azkenaldian ez-zahartzearekin tematuta dagoena. Bere odol eta DNAk eta kristoak aztertzen ditu eta bizimodua eta fisikoa bideratzen pertsonen erloju biologikoa aldatu nahian (egunero 100 eta gehiago pilula hartzen omen). Lortzen ari da, itxuraz, eta azken azioa mundiala iruditu zait: zakila monitorizatzen du gauez, eta erekzioak neurtu. Eta gizaseme honek datuak publiko egin ditu, 19 urteko bere semearenekin konparatuz, eta soilik bi minutuko aldea kentzen diotela, iraupenean, semearen gaueko gogortzeek, esan du. Asko gogortzen zait eta harro nago!, kantari dabilela, alegia. Diruz okituta dagoen flipatu baten anekdota da, baina indarra, boterea estandarte gisa dakartzan bolada potente baten adierazgarri. Potentzia, horra balio betiko bat epelkeria modernoak ordezkatzeko (Apolo Dionisos garaitzen, erran lezake Rafa Castellano gogoangarriak).

Amerika libre, handi eta gogortua.

Anekdota bai, baina gizon gehienok norbere kohetearekin (edo kohetetxoarekin, neurriak ez duela axola, kar-kar) dugun obsesioa kontuan hartuta, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Ez dakit tramankulua salduko den, seguruenik gehienok ez ditugu monitorizatuko erekzioak (ez aparailurik gabe baino gehiago, esan nahi dut), askok ez dute Bryan hilezkorraren berri ere izango, baina gero eta jende gehiago egiten ari da munduko potentzia batuaren alde. Aparretan datoz.

Betigazte eta neogizon erabili dut, baina pentsamendu-ildoa (pentsamendutik arras guti duena) beti egon da hor, jakina; eurek esango luketenez, wokismo mengelaren eta feminismo ahaldunduaren gorakadak ostendua. Eta hedabideak, dirua eta, zoritxarrez, botoak dituzte Priapo berpiztuok munduko ordena zahar betikoa berrezartzeko (inoiz desezarria izan bada).

Europarren diruak arma-industria gizentzera bideratu behar ditugu. Zaintza ekarri behar dugu erdigunera, zaintza eta segurantzia. Erekzio globala. Misilen lehia falokratikoaren joko-arauak dira: nork dituen gehien, handien, indartsuenak. Izena ere egoki jarria diegu: superpotentziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.