Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Presio

2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Putini presio egiteko asmoz hartu omen dira zenbait neurri. Deitu neurri edo deitu zigor ekonomiko. Baina helburua presio egitea da, presio Errusiaren ekonomiaren egoera jasanezina izan arte. Ea hala Ukrainan hasi duen inbasioa gelditzen duen.

Fisikoki hitz eginda, presioa azalera unitateko egiten den indarra da. Indarra newton-etan neurtzen badugu, eta distantzia metrotan, presioa newton zati metro karratutan neur dezakegu. Hori da hain justu ere pascal bat: newton bat metro karratuko. Blaise Pascal fisikariaren omenez ematen zaio izen hori, presioa ikertzeko egin zuen lanarengatik.

Gizarte likido batean bizi garela entzun izan da azken urteotan. Badira entzun bai, baina berebiziko arretarik jartzen ez diezun esaldiak. Nire kasuan, hau izan da horietako bat. Zer esan nahi ote zuten gizartea likido izatearekin? Eskolan ikasi genuen solidoak zurrunak direla. Forma jakin bat dute eta forma horri eusten diote, dauden lekuan daudela. Fluidoek ez daukate gaitasun hori, fluido batek dagoen edukiontziaren forma hartzera jotzen du. Eta likidoak fluidoak dira.

Pascalek, hain justu, presioa fluidoetan nola portatzen den aztertu zuen. Ondorioztatu zuena izan zen presioa modu homogeneoan hedatzen dela fluidoan zehar. Zer esan nahi du horrek? Bada, azalera unitateko egin den indar hori fluido horretako alde denetara iristen dela, metro karratuko indar proportzio berarekin. Ideia bat izateko, puxika bat urez beteta daukagunean, eta goitik ura beherantza bultzatuko bagenu, puxika ez da bertikalki bakarrik handitzen, noranzko guztietan hazten da homogeneoki.

Gas eta likidoak, biak dira fluido, baina badago diferentzia bat: gas kantitate berak okupa ditzake bolumen ezberdinak; likidoak, ez. Bestela esanda, gasa konprima liteke; likidoa, ez. Horri esker eraiki daitezke presa hidraulikoak. Pascalen printzipioaren eta likidoen izaeraren aplikazio bat dira. Presa hidrauliko batek palanka baten antzerako ideia du atzean: indar txiki bat aplikatuz handi bat eginaraztea. Baina nola?

Demagun likido bat edukiontzi handi batean daukagula eta edukiontziak U baten forma duela, U-aren bi adarretako bat estuagoa izanik bestea baino. Adibidez, demagun U-aren ezker adarreko likidoaren gainean dagoen pistoiak azalera txikiagoa duela eskuineko aldean dagoenak baino. Bi pistoi horietako edozeinek behera egindako indarrak sortutako presioa homogeneoki zabalduko da likidoan zehar.

Orduan, U-aren ezkerreko pistoiak indar egiten badu, eta likidoak bolumen bera hartu behar badu, desplazatu egingo da; beste inora ezin, eta eskuineko adarrean gora. Presioa bera denez alde bietan, eta haren balioa indarra zati azalera denez, eskuineko aldean urak pistoiari goraka egindako indarra hasierakoa bider azaleren zatidura izango da. Bigarren azalera handiagoa izateagatik, indar hori handiagoa izango da hasierakoa baino.

Ezer gutxi dakit nik ekonomiaz. Baina presioa prezio nola bihurtu den ikusten ari gara. «Emadazue euste puntu bat eta mundua mugituko dut», esan zuen Arkimedesek palanka asmatu zenean. Horretan ere antza dute palankak eta presioak: segun eta non aplikatuta, mundua mugiarazteko gai dira.

Putinen gainean presio egin nahi izan da. Baina bizi dugun mundu likido honek presio hori dena modu homogeneoan jasan du. Eta gizarte osoaren azalera askoz handiagoa denez agintariena baino, indar erresultantea askoz handiagoa ari da izaten.

Agintariak gai dira indar txikia eginda handia eragiteko gizartearengan. Presaren alde estuan daude beraiek, zabalean gu. Ikusteko dago U-aren alde zabalekoon presio gaitasuna. Bai egitekoa, baina baita jasatekoa ere. Nolabait erlazionatuta egongo dira, ziur aski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.