Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Pozik?

2019ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Irakurri ditut eskura etorri zaizkidan albiste, iritzi-pieza eta sasi-iritzi pieza guztiak, eta baita berariaz bilatu ditudanak ere. Badakit zer ondorioztatu duten Espainiako Auzitegi Gorenean 2016ko sanferminetako bortxaketen kasua berraztertu eta (ia) behin betikoa izango den sententzia idatzi duten magistratuek; ez dut osorik irakurri, aitortu behar dut, baina zati desberdinen interpretazio ugari, ahalik eta gehienak, errepasatu ditut.

Badakit zer iritzi duen honen inguruan Twitterren jarraitzen ditudan erabiltzaile (ia) guztiek. Badakit sententzia kaleratu orduko, Madrilgo metroko bagoia mukur bete zuen ikasle-taldeko gazteen artean batzuek lasaitu ederra hartu zutela, eta beste batzuek, berriz, kasuaren oihartzun mediatikoaren emaitza baino ez zela uste zutela; belarria jarri nuen, barrari helduta nindoala, zer zioten jakiteko. Ibilaldi laburra izan zen, eta ez zen hori izan kasuaren inguruan harrapatu nuen elkarrizketa bakarra; bolo-bolo zebilen.

Badakit justiziaren ardura duten askok enegarrenez genero-prestakuntza eskatu dutela kasuaren harira, urte hauetako esperpentoa berriro gerta ez dadin neurriak eskatu dituztela eta (ia) aho batez onartu dutela hutsegite tamalgarrien larritasuna.

Badakit pozik nagoela, bost gizon horiek neska gazte harekin egin zutenaren berri zehatza jakin orduko pentsatu nuena berretsi egin delako. Badakit pozik nagoela ahizpatasuna eskaintzera kalera irten ziren milaka eztarri horietako korapiloa apur bat askatu egingo zela uste dudalako. Badakit pozik nagoela, baina pozarrenegon beharko nuke eta ez da horrela.

Hasieran ezarritako sententzia zuzenduz, 15 urteko espetxe-zigorra ezarri du Auzitegi Gorenak gau hartan neska gazte hura bortxatu zuten gizonen kontra. Ez zen «jolgorio sexuala» izan, beraz: bortxaketa edo, zehatzago esanda, hainbat bortxaketa izan ziren. Askoren iritziz, kasuaren larritasuna onartu du Auzitegi Gorenak urteen kopurua emendatuta, iradokiz-edo sententzia altuago batek berez ematen duela gertatutakoren neurria. Izatez, hala da, noski, baina ez genuke horretan bakarrik geratu behar.

15 urte asko da, baina emakumeon kontrako jazarpen sistematikoari ez zaio aurre egingo zigor kuantitatiboekin soilik. Zenbat urteko zigorrarekin konformatzen naiz ni? Eta zu? Eta hamaika aldiz bortxatu zuten gazte hura, zenbat urteko sententzia behar du bere burua berriz bakean aurkitzeko?

Duela hiru urte gertatutakoa ez zen salbuespen bat izan, hasierako epaileak errore hutsa izan ez ziren bezala: sistemaren funtzionamendua baino ez dute, nola bortxaketak berak, hala justiziaren bide erratikoak. Sistemak berak sortu eta etengabe elikatu egiten duen biolentzia eta botere-kulturaren adierazpideak dira bata eta bestea.

Aldea, nire iritziz, sententziak jurisprudentzia ezarriz eman duen alde kualitatiboan datza, esaten baitigu ameto emateak ez duela oniritzia adierazten, eta soilik askatasunez nahi eta bilatu denari esan ahal zaiola «harreman»: beste guztia bortxazkoa da-eta.

Pozik egon beharko nuke, baina ez da erabateko poza. Eta ez dakit zehazki zergatik.

Agian joan den astelehenean Bilboko Iturribide kalean bi gizonek neska bat erasotu zutela irakurri dudalako eta ez nauelako harritu. Edo udako solstizioak ofizialki ireki duen jai-denboraldia amaitzean emakume hautsien kontagailuan hamaika koxka berri egongo dela (ia) seguru dakidalako.

Pozik egon beharko nuke, baina oraindik neska gazte bat entzuten dut nire barruan, amorruaren amorruz, negarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.