Iñigo Urkulluk lehendakaritzan bete duen hamarraldiaren aitzakian, elkarrizketa egin zioten Euskadi Irratiko Iñaki Guridik eta Euskal Telebistako Odei Esnaolak joan den astelehen goizean, EiTBren Bilboko egoitzan. Lehendakariak esan zuenez, beste hitzordu bat ere bazeukan egun horretan: Sánchez Galán Iberdrolako presidentearekin, hain zuzen ere.
Zortzi egun lehenago, Urkulluren hiztegia dosierra argitaratu zuen egunkari honek (BERRIA, 2022-12-11). Bertan datu esanguratsuak bildu zituen Jon O. Urainek: «Ekonomiari lotutako esamoldeek hartzen dute pisurik handiena lehendakariaren mintzaldietan: (...) ekonomia edo ekonomiko da gehien erabilitako hitzetan hirugarrena». Ildo beretik jarraituz: «Finantza, industria, enplegua... Urtero-urtero presentzia handia dute hitz horiek». Eta areago: «enplegua edo lana (299) eta enpresa (243) aipatu ditu gehien urteotan, eta enpresak langileak baino sei aldiz gehiago (40)». Datu horiek emateaz gain, zehaztapen hauxe egiten du kazetariak: «beharginez hitz egiteko, Urkulluk sarriago darabil profesional hitza langile baino». EiTBko elkarrizketan langile hitza erabili zuen.
Lehendakariak bere agintaldian eman dituen diskurtsorik garrantzitsuenak aztertuta —politika orokorreko eztabaidetakoak eta inbestidura saioetakoak— ateraditu BERRIAko kazetariak goiko ondorio horiek. Bururatzen zait balegokeela beste azterketa lerro bat ere lehendakariaren gainerako agerpen eta hitzaldiak kontuan hartuta: zein eszenatokitan eta zer publiko motaren aurrean egiten dituen, nori-nortzuei zuzentzen zaien. Telebistak erakusten duenaren arabera, enpresek, enpresari elkarteek, eta hedabide nagusiek antolatutako bilkurak izaten ditu maiz agertoki lehendakariak: bere agendan Sánchez Galán egotea ez da kasualitatea. Sindikatuekin, eta bereziki gehiengoa duten ELA eta LABeko ordezkariekin noiz biltzen da, ordea?
Dena dela, jendaurreko beste ekitaldi batek utzi nau aho zabalik azkenaldian. Azaroaren 28an, Arriaga antzokian, Dolores Redondoren azken nobela aurkezteko festan izan zen lehendakaria. Argazkian, idazlearekin batera, Urkullu eta haren emazte Luzia Arieta, Josu Erkoreka sailburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, eta ekitaldian aurkezle izan zen Ramon García ageri dira, besteak beste. Eta taldea osatzeko, bi muturretan... ertzain bana gala jantziarekin!!! Antzokia jendez beteta, mila lagun, Correo-ren arabera.
Badakizue, Bilbon 1983ko abuztuan izandako uholdeak hartu ditu RedondokEsperando al diluvio (Destino, 2022) liburua girotzeko. Izan ere, trama Glasgowko balizko hiltzaile baten inguruan harilkatzen bada ere, Redondok omenaldia egin nahi omen dio «ahatetxo itsusi izatetik zisne izatera» pasatu zen hiriari. Juan Mari Aburto zain dago jada nobelan oinarritutako filma egin dezaten, Bilboren osperako, nola ez! Duela urte batzuk Redondoren trilogiak turistak Baztanera bidean jarri zituen bezala, Guggenheim nahikoa ez nonbait, eta uholdeen tragedia banalizatzeko modua egingo dute. Dagoeneko, salmenten lehen tokian omen dago obra, 300.000 ale argitaratuta. Azken urteetan Espainian egin den merkaturatze itzelena, diotenez.
Dolores Redondoren literatura —bestseller programatu guztiak bezala— kokteletarako errezeten moldekoa da: X dezilitro intriga, y dezilitro morbo... dena ondo neurtuta. Oraingo honetan, booktrailer-ak horrela laburbiltzen du konbinatua: «Bizitzan, bi gauza bakarrik daude: maitasuna eta beldurra». Bestenaz, eta bukatzeko, zein kategoriatan koka dezakegu Arriagako ekitaldia? Populismo literario kolonizatzailean, akaso?
ARKUPEAN
Populismo literarioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu