Irati Zubia Landa.

Poliziaz

2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Ubeldutako bizkarrak, matrailezur apurtuak, furgonak zanpatutako peronea. Martxoaren 3a Gasteizen. Foamezko pilotak eta erretina askatua Tolosan. Tiroketa bat Barakaldoko zubi azpian. Orroka belaunikatu dituztenak eta operazio arrazista Donostiako Martutene auzoan. ZIUan amaitu zuen emakumea. Bizkor unitatearen eskuetan hil den gizona. Taser pistolen markak dituen gorpua eta 49 egunez isilik geratu den Lakua. Barne ikerketa opakuak. Erreformismo etsigarriak. Inpunitatea eta indarkeria. Eta dena laburtu nahi baduzu, hitz egin dezagun poliziaz.

Honezkero inor gutxik ukatuko du indarkeria polizialik badela. Alabaina, P. Rocher, M. Neocleous eta beste batzuen ideiei jarraikiz, poliziak bere aurpegi bortitzenak erakusten dituenean ere badira mugiezintzat jotzen diren hainbat errealitate eta sineskeria.

Horiexek osatzen dute Rocherrek arrazoi polizial deritzona. Alegia, poliziaren izaera bera eta haren jarduna justifikatzen duen errelatoa. Hainbat mitok elikatzen dute eta orobat, poliziaren ezinbesteko beharra justifikatzen du. Nire sintesi gaitasunaz gaindi dago mito denak zerrendatzea. Baina merezi du begiratu bat botatzeak. Horietan dautza-eta, neurri handi batean, indarkeria poliziala eta polizia bera iraunarazteko gako batzuk.

Segurtasunarena da oihartzun handiena duten mitoetako bat: polizia da segurtasunaren berme bakarra. Betebehar ohoretsu horrek justifikatzen du, adibidez, esponentzialki hazi den gastu publikoa. Frantzian %35 hazi zen (ia bikoitza hezkuntzaren aldean) 1995 eta 2019 artean; 2023an goia jo zuen guardia zibil eta polizia kopuruak Espainian, 156.000ko zifraz; Ertzaintzara 5.000 milioi euro joan dira azken sei urteetan. Inflazio honen eta delituen beherakadaren arteko korrelazioa zalantzazkoa da, ordea, ikerketa askoren arabera.

P. Baylek zioen poliziak ez duela delinkuentzia saihesten, eta hori dela bizitza modernoko sekretu handienetako bat. Seguru sentiarazten gaituena poliziak sortzen duen plazebo efektua dela dio Rocherrek. Polizia gehiago = segurtasun gehiago ekuazioa ez baita horren trinkoa. Bai, ordea, marjinalizazio eta arrakala sozial eta materialekiko lotura seinalatzen duena. Pobrezia, arrazismoa, matxismoa. Hori da, batez ere, kaleak seguru egiten ez dituena. Gainera, polizia —nahierara jokatzeko autonomia franko badu ere— ez da horien aurrean agente neutro bat.

Poliziak ordena kudeatzen du. Baina ordenak sistema kapitalistaren ordena esan nahi du. Komeni da poliziaren sorrera kapitalismoaren genesian dagoela oroitzea. Sistema bat, zeinak desberdinkeria duen oinarri. Eta A. Franceren hitzetan, berdin zigortuko lituzkeena aberatsa zein pobrea, ogi barra bat lapurtzeagatik, zubi baten azpian lo egiteagatik; edo zergatik ez, Martuteneko eraikin batean sartzeagatik.

Legearen aurrean denok berdinak gara mito zinikoa da. Ez baikara denok berdin egongo ogi barra lapurtzeko atakan. Ez direlako berdin jazarriak aberatsa eta pobrea, bertakoa eta kanpotarra. Edo bota begiratu bat ustelkeria kasuen zifrei.

Ez da sorpresa polizia puzteko erabilitako diru publikoa beste baliabide batzuetara bideratzeko premia. Ezta desberdinkeriaren aurrean poliziak bainoago mugimendu sozialek lagunduko dutela ere. Hain zuzen, poliziak berak kriminalizatu dituen horiek. Eta aplikagarria da hori indarkeria polizialaz hitz egiteko ere. Poliziaren bortizkeria salatzen zuten horiek jipoitu zituzten Gasteizen.

Azken mito batek indarkeria poliziala poliziatik bereizten du: arazoa poliziatik kanpo dago edo polizia hobetuahala erauziko da. Macronek poliziaren izaera arrazista gizarte frantsesaren beraren islatzat jo zuen, besterik ez. Obamaren erreformek ez zuten saihestu 2005-2015 artean soilik 11 polizia kondenatu izana tirokatzeagatik. Non eta urtero ia mila pertsona poliziaren eskuetan hiltzen diren herrialdean.

Angela Davisek G. Floyderen erailketaren harira galdetu zuen: bizi daiteke poliziarik gabe? Azkura egiten du galderak. Egin dudanetan paternalismo puntu batez erantzun izan didategai konplikatua dela.Ez naiz izango auziaren konplexutasuna ukatzeko bezain harroa. Ezinbestez alternatibarik ez dagoela onartzeko bezain inuzentea (edo inozoa) ere ez.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.